ENTRADA
Agur bero bat züer lehenik
Giradeen güzien ganik
Esperantxa dügü ontsa jarririk zidela
Nahiz ez mardo izan jargia
Jei hontan aipagei dükegü
Betiko biziaren dantza
Eta hari lotüak diren
Erabakien balantza
Badira prest direnak
Zerbaitxko izateko,
Saltzera beren arima
Halakoa dügü Oiherko
Eskeinirik zaion bizia
Berari etzaio aski
Ohore eta fama
Gustüko beit dütü naski
Traiditüko dütü bereak
Amets handiusetan ebiliz
Ustezko lagün berriak
Ariko zaitzolarik erriz
Ixtoria honen irakurketa
Bakotxak egin dezala
Gük eskeiniko deizüegü
Idatzirik izan den bezala
Gure nahikeria da
Ixtant bat ziten liberti
Antsi hau gogoan
Jelkaldiak bite parti!
LEHEN JELKALDIA.
OIHERKO bera , tauladatik kanpo
I- Alhaitz zabal hontan,
Ützüli eginik,
Ekiz gorri ta ebitan
Üsü ikusirik,
Besterik denez bazterretan,
Xüxen jakin gabe, beniz aspertürik,
Laster nizate bidetan,
Amets berriz bai ilüsitürik.
II-Baietz dira larri,
Negüak mendian,
Nonbait aldiz kantan ari,
Ogiak ekian
Hurak nahi dütüt ekarri,
Biesatak errada, lauhazka zaldian,
Oihüz printze berriari,
Ariko direlarik, lür zabal güzian.
III-Aita hiltzen ari,
Geroak,beharrez,
Gidarriak semeari,
Zor beit deitzo legez,
Nohakio troinüari.
Han laster nizate, jauntsirik erregez,
Lür hau düket pausagari,
Asper egoxtiak, bestetan eginez.
IV-Orai arte aitak,
Bakeari fedez,
Bazter ützi dütü armak,
Zorion gosez,
Nik aldiz, jenteen ametsak,
Erhautsetik jelkiz, jauntsiko zilarrez:
Oiherkok egin hunkiak,
Kanta ditzaten, mentez eta mentez
Kanpo Oiherko
BIGERREN JELKALDIA
Sar Alhaitztarrak
ERREGE ZAHARRA
1-Biziak eman zeitadan
Mündü honen gozamena
Bürüala arte zait joan
Heriotzari bürüz noa.
2-Herri honen artzaingoa
Izan da ene gomendüan
Zorteak emanik manüa
Üzten dut orain züenean
Hüilant Oiherko eta jarri belaünko,
aitaren aitzinean
ERREGE ZAHARRA bertsoz
I-Oiherko izan hadi
Zühür eta argi
Errespetü emanez
Merexi düanari
Egar nahiküntea
Bazter jeloskeria
Jarraik hire bidea
Bürüa beti gora
II-Urteak joan dira
Mentez eramanak
Atzo baziratekeanak
Gaur baiko iraganak.
Nahiz ahürraren gainka
Badoatzan egünak
Abil, bizitik haziz
Oraitik dagünak.
III-Larri balinbadira
Ekiaren beroak
Ütsalarazten badütü
Mahatsen molkoak,
Belhi begiko haritzak
Zoin berde ostoak
Lanharteko oihanean
Beltz izei ondoak…
IV-Lehenak galtzen dütü
Ostoak larrazkenean
Besteak etxekitzen dütü
Bereartan negü betean.
Hihaurk beharko dütük
Hautü berrak egin:
Bizi hizano eman
Edo hil altxorrekin.
V-Ene lagün fidelak,
Eni zitee hüilant.
Bürüko azken oharrak,
Nahiz ez diren sabant,
Izan ditean züenak,
Nintzat bai nahiant,
Amestüz biharamenak,
Irus eta galant.
VI-Ahültü zaüt bularra
Flakü hasperena
Ondoan goaita hor düt
Ene azken orena.
Lür hazle izatea
Kargürik ederrena:
Arraro izan dakiola
Nizan ahamena...
HERIOTZAREN KANTÜA
ERREPIKA
Den mendren ürratsaren goaita
Da heriotza
Berak ikus, berak haüta,
Noiz har bihotza.
Beldür gabe ezin aipa
Bere aihotza.
I-Zerrek deikü atitxatzen
Bizi arrazoa?
Honek alta düalarik
Karats bere gozoa.
Sortü baiko ützi behar
Amaren altzoa.
Gero zentzü bilha doa
Gizaki gaizoa…..
ERREPIKA
II-Alhargün balitz bezala,
Ezin heda berak
Herioak bere itzala,
Hor dirade herrak.
Batek Kristo, besteek Allah,
Lagüntzat jinkoak,
Heriotzak bitza alha,
Trixtanten gogoak
ERREPIKA
III-Biziak üzten düan
Hütsüne larria,
Bakotxarentzat agian
Hain harrigarria
Asmatzen da ordüan han
Jinkotza berria.
Fedeen izenean,
Ospa hilherria!!
ERREPIKA
OIHERKO
3-Ama, ez günükea ez behar,
Orai geroaz mintzatü
Hainbeste emazte eta senhar
Beit dira hümezürtz baratü
ANDONI
4-Hire aitaren hil hobia,
Ez da orano belarrez bete,
Harek ützi leküa,
Jada nahi hükea ote?
OIHERKO
5-Behin ta beste ikusirik,
Alhaitztarren bizi xümea,
Aitak egin lan zühürrari,
Gehitü nahi düt enea.
ERREGIÑA
6-Ez zaützaka urte oroz
Sabai zolak bete artoz
Haren erreinüaren menpean,
Noiz izan hiz gose gorrian?
OIHERKO
7-Artirin unkak nik baditit
Engoitik ehünka janik:
Hütz ürrinen ondotik
Urdeak oro jinen zaizkit!
ERREGIÑA
8-Lürretik lohi egile
Izan dük beti berrata
Hi ere hortan hiz trebe
Hartarik dük gano berra!
ANDONI
9-Ardua delarik ozpin,
Badütü ondorio txarrak
Pausatü denean zahagian
Balio ürhe ta zilarrak.
10-Hik ere ez dük etxit aski adin
Zohitü beharra bahüke,
Berantxago izan hadin,
Errege fi eta trebe
ERREGIÑA
11-Ikusten diat badüala
Gaüza hanitx ikasteko
Errege batek düan lana
Behar bezala egiteko.
OIHERKO.
12-Ez dü balio izan nadin,
Errege baten semea,
Ene beitak ez badü
Zor zaion errespetüa.
13-Zainak ari dira egosten,
Behar dütüt anplearazi,
Hebentxek ez ditean eten,
Goihen horietara doatzi...
14-Tziauste fite enekin
Xauxet eta Hattüket
Destorbe bat baledi jin
Ene ondoan bazütükiet
Kanpo Oiherko, Xauxet eta Hattüket
ANDONI
15-Beldürra latza düt latza,
Senditüz bere arima,
Üdüri dü bere ürratsa,
Herioaz dela otsamana.
ERREGIÑA
16-Ez aipa ez zaldi beltza,
Ez erran haren izena
Hürrün egon dadiala,
Ülhün pean bizi dena !
Jelki biak eta satan.
PHERNA MEHE
17-Builibot entzün düka,
Oilar gazte asegarria,
Nork lezake üka,
Bere ürgüilü harrigarria !?
BUILLIBOT
18-Pherna mehe ez düka senditzen
Badela heben herra hazia
Eman dizogün bizipidea
Eder eman dezan lantarea!
PHERNA MEHE
19-Oiherkoren ametsak
Beit dira handi mandiak
Egin dezagün ditean
Ürhe gosez josiak!
BUILLIBOT
20-Krepautkeriaren xenda txarrak
Ere badütü lagünzale beharrak
Gure ifernü zola hartarik
Igor dezogün bat haietarik!
PHERNA MEHE
21-Arrazu düzü Builibot,
Zük diozüna nik ere diot,
Kaka barbalota prunki behar dela,
Trende izan dadin igela!
BUILIBOT
22-Ixilaraz ditzagün ahoak
Eta libre ützi zankoak.
Bero beit dügü ixterra
Frisatak dirateke goiherra!
Püntü eta kanpo
HIRUGERREN JELKALDIA
AZTIAK .
I-Ohiz dira alhaitztarrak,
Giza xüme eta menditarrak,
Zentzüz bizi diren herritarrak.
Giza kentearen beharrak
Ez zeitzelakoz üdüri azkarrak,
Ohatzat dütüe mendilarrak.
Aizeari para egonez,
Ez düe haiek larrüa trende,
Faizu egiten ez dira trebe.
Biziz lürraren emanez,
Harpeak aski zaitze aterbe :
Beren baitaz düelarik fede…
II-Aüzo dira Barrankesak,
Hurak aldiz dira handi mandi,
Aste erditan ere jaun handi.
Jitez dira errenbesak,
Har lirozkiee eki eta hilargi ,
Beren jauna deitzen da Big Handi.
Ez dü ez aisa kargüa,
Nahiz ürhez zaikigün jauntsia,
Beti badü zerbaiten antsia.
Bester dütü oro ebatsi,
Gaztaina eta ziri doidoia ützi
Halerik ere Barrankesek beti intziri !!!
Txo ixilik, horra dira,
Hona zaükü gizarte bitxia,
Beti düanak zerbaiten gosea...
LAUGERREN JELKALDIA
Sar Barrankesak: Big Handi errege,Karribandina ERREGIÑA ,
Jundane Mundane apezküpüa , Mus de Diharrü tratülanta
MUS DE DIHARRÜ
23-Gure Big Handi handia
Jinarazi zütügü honara
Karrikan ezagün beit da
Iraultzaren arranba!
KARRIBANDINA
24-Jentea ari zaük murmur
Süan bezala xanxata bat hur
Eta hi egoiten hiz hor
Asto zahar bat bezain gor!
BIG HANDI
25-Laket beit zira kukuxkan
Trebe trapuza txarretan
Idazüt nola egin behar düdan
Anplearazteko herriaren?
26-Hainbeste urte bürdüinekin
Mündü zabaleko lürretan
Leherrez gainti izan dadin
Zilar erresuma hontan!!
27-Oihal aberatsekin
Jauntsi dütüt gerriak
Ustez hontarzünekin
Botz izanen zirela jenteak!
KARRIBANDINA
28-Hau mündüa, jinko hona!
Ez jakin zer den gizona
Nola üilüak üngürüka argian
Hura bardin sosaren ondoan!
29-Orai dütük marraketan
Otsez direla beharretan ,
Behin txeste ondoan gatza:
Ardia harat badoa milikara...
BIG HANDI
30-Altxatü dütüt armadak
Lagüntzeko negozioak
Lürrean diren hontarzünak
Izan ditean gureak..
JUNDANE MUNDANE
31-Zure erregetarzünak
Fedea ahazten dizü
Armak hartzen dütüanak ,
Jinkoa iziarazten dizü!
BIG HANDI
32-Debozionanten ahoan
Eztia prunki kurritzen,
Nahi leiketee erran
Gaixkia eta ontsa non diren!!
KARRIBANDINA
33-Zonbat oihü, zonbat nigar,
Ez da entzün goizelüan,
Masakre eta otoitz “ bar bar”
Jinko baten ohoretan !?
MUS DE DIHARRÜ
34-Ez otoi sor destorbürik ,
Kanpoan bada ederrik.
Fabrikak dirade ützirik.
Ez da haboro negoziorik.
35-Aharrak bazter ützirik
Alkar esküak emanik,
Bigandik manü emanik
Ez dügü nihun axolarik
36-Armada eta eliza ,
Haiekin, sosaren indarra,
Podere güzien jabetza,
Esküetan dügü dirdira
JUNDANE MUNDANE
37-Uste beno hobeki
Gaüzak itxüraz doaz
Jinkoaren lagüntzarekin
Bide honetik bagoaz.
KARRIBANDINA
38-Big Handi behar deiküzü
Herria fitexka bildü
Erabakiak har itzatzü
Haiekin bat girate gü !
BIG HANDI
39-Elizaren bürü direnetarik
Süstengü osoa nahi düt
Herio nokü datekealarik
Ez dezatela erran tüt !!
JUNDANE MUNDANE
40-Jesü Kristok ez düa
Bere odola ixuri?
Ez pentsa Jinkoari zaiola
Ixtil gorria itxusi!
BIG HANDI
41-Nahiz errege bat izan,
Ezin düt dena erhautsi,
Aldiz beste maneretan,
Hobeki nezake kausi !
42-Norbait bihoa fite arren
Adibidez “tharlant” hori
Intxo eta Pintxoren,
Badüt orai behar gorri !
Kanpo Pergüt kapitaina
KAPTAIN PERGÜT
43-Hona orai horra deitzüt,
Üdüriz dütützü üzkü txüt,
Holako bi traheilekin
Tratü honik ezin da egin !
Sar INTXO eta PINTXO
bertso eta dantza eginez
I- Gü girade Intxo eta Pintxo
Aita eta amak güntüan ertzo.
Erregeek gütüe behartzen
Ez girelakoz nihoiz tronpatzen.
II- Jauna egün hon gure bien partez
Intxo eta Pintxoren hiz beharrez
Ba düka ote nonbait trahola
Gützaz koi izateko hola
BIG HANDI
44-Hau planta ehelegagarria,
Borta aitzinean düt herria.
Nola behar düt ohiltü
Emadazüet aholkü
INTXO eta PINTXO
45-Erregeak dütük handi mandiak,
Besakatzen ideia handiak!
Bena lanhapetzen direnean bideak
Begi zorrotzak dirade ütsüak!
BIG HANDI
46-Ez nüan uste banükeala
Züek bezalakoen beharra,
Norbaitek ikus banintza
Nasai lüke harek karkaza!!!
INTXO eta PINTXO
47-Ez gütük hon minixtrokuntzan,
Ez eta ere gerletako dantzan.
Nahiz gü nexitako hartü
Gure abilezia hik behartü...
BIG HANDI
48-Kexüak behar dütüt orialatü
Eztiki ahalaz bildü,
Bena behar düt aitortü:
Kakerdian niz, gerriala pürü
INTXO eta PINTXO
49-Behiak jaten düanean trefla,
Hantzen zaio itxuski tripa!
Zilatzen zaio “zast” kanpotik,
Zoaza zü ere ber bidetik!
50-Jenteak üdüri dü bürra
Jauzten zaionean beldürra
Erran etsai badela mügetan
Ikaraz dirate belaünetan
I-Gü girade Intxo eta Pintxo
Aita eta ama güntüan ertzo
Erregeek gütüe behartzen
Ez girelakoz nihoiz tronpatzen
BIG HANDI
51-Ohar horik entzünik,
Ütz nezazüe esnaurtzera
Ez beit dü egiten minik,
Orai noa pausatzera
AZTIAK
I-Soberakinak,
Deitzü beharrak sortzen….
Bena soberakina
Ez da ez beharrezkoa,
Berriki jinak,
bert zütü aspertzen….
Hori ez, dakina,
Hor da errada kolkoa
Ta letaginak
Ari zaützü lüzatzen…
II-Llifra berak egina
Llifra ere aizokoa,
Nahi zünükeanak
Zütü lasterkarazten
Deüsari elk ez düana
Denaz gain enetakoa!
Hotzezko minak!
Bena hotzezko mina
Itzalka trüfatzen
Itzalka trüfatzen doa
BOSTGERREN JELKALDIA
Sar Oiherko, Hattüket eta Xauxet
OIHERKO
52-Gaizo Oiherko trixtea,
Hebentxek hiz esküak hüts.
Errege seme bitxia
Hiauren lürretan eremüts
53-Ama zaharra ari zait
Beti manü emaiten
Hebentik berehala deitzot
Adarrak sarreraziren!
54-Ez düe iraünen urteek
Haboroziz erreginek!
Hau kanpoan ezar arte
Ez nezake üken bake!
55-Honek zer uste dü ala
Gazte bixkorrak düala
Honartzen ixil ixila
Endes baten manüa!
56-Aize epel zabala,
Zelüa odei batere gabe
Üdüritzen zait nizala
Mündü osoaren jabe !
57-Odol gazte herakiak
Üdüri bedatseko üharriak
Sorraraziz Ühaitz garbiak,
Hazten dütü funts berriak
XAUXET
58-Zure ürgüilü handiak
Ikaraz barrastatzen nizü
Balinba ondoramen tzarrak
Berarekin horra dititzü !
HATTÜKET
59-Zonbat nahi eder izan
Saia zelü goietan
Orit etxek zure beitan
Akerietik düala jan
OIHERKO
60-Holako ele ausartek
Merexi düe erantzüna
Hik maite dütüan saiek Goza beze hire hüna!
Bertsoa ürrentzen düan bezala, 0iherkok elk bere ezpata eta hil Hattükett
XAUXET
61-Mizpi biloak txüt txüta ,
Ttettet pünttatik ttirrina,
Hau da lotsaren tüta!!
Hau da ikus ezina.
OIHERKO
62-Errak hi hou errak Xauxet
Beha hakit honarat zale
Behar diagü hau gorde
Eta ezkapi gük ere!
XAUXET
63-Gaixki egileak bezala
Ez gira heben ariko,
Maite beit züan Alhaitz zola,
Harat düt nik ekarriko!
OIHERKO
64-Jaun Futre inpertinenta
Oiherko bati oldartzen,
Hona ene pakamenta
Hatxeidez deiat eskentzen….
Horik erran eta, ezpata jelk eta Xauxet ehaiten dü ere
Oiherko kanpo eta sar satanak
PHERNA MEHE
65-Larrütü dük zentzüa
Eta zohitü hazia,
Planta dezagün odol ontzia
Sarrixe badate hatüa...
BUILIBOT
66-Har ezak pazentzia
Eta ütz amets egitea
Harro ezak hire aztala
Jauzaraz dezagün zotala!!
Püntü eta kanpo
SEIGERREN JELKALDIA
Sar artzainak
XALBAT
67-Zer agitzen zaük Marze
Egin düka trosta lüze,
Ala heriotza dük txeste
Izateko xuri elür balde?
MARZE
68-Heriotzaren laster beltzak
Hüilantik ikusi ditiat
Errege semez jauntsirik
üngürüka ari dütük heben gainti
PETTE
69-Mintza bahendi hobekio
Zerbaiten konprenitzeko,
Hain dük egiten mixterio
Üdüri dük hiruzpa lau azti saldo!!
MARZE
70-Arropak oro tzirtzika
Erroiak jokatürik bezala
Hala da agertü begiala
Alhaitztar printze leiala
XALBAT
71-Entzün ükhen düt franko hitz:
Norbaitek düala atzaman,
Bi motiko gazte korpitz,
Zühaitze bati arriman.
MARZE
72-Oiherkoren ezpata
Gantzen zilatzen izan da.
Etxetik joanik ezkapa
Axolbetzat hor dü landa.
PETTE
73-Ezin da holakorik irentsi!
Oiherko printze gazte da.
Nork liro heben sinetsi,
Norbait kalitü düala ba?!
Taularen zolatik agertzen Oiherko
OIHERKO
74-Hire lagünaren errana
Dena diat baieztatzen,
Ahürrak etxeki arma
Izan da gerri zilatzen !
75-Heben düzüe aitzinean
Bizi orotarako dolüan,
Haxeri errabiatüa
Züen solasen arrenküra
PETTE
76-Frankotan beit da ikusten
Ebi epel harri bilakatzen,
Badakiagü ardüra
Doiak hegia zorrotz düala!!
77-Hortakoz gure aldetik
Ez dük jasanen salhürik
Har zak heben ostatüa
Nasaiki diagü hatüa
OIHERKO
78-Ez düt nahi ostatürik.
Bego kanpo heriotza.
Nitan beit dago lotürik
Akeriaren kino karatsa!
MARZE
79-Mutil gazte herratüa
Lüza ezak beharria
Entzünen düan kantüa
Hiretzat beit da egokia...
XALBAT
80-Ipuinak ontsa badaki
Egiaren alegiatzen,
Behazaleak balaki
Ahal zaiola hersatzen!
AZTIAK
I-Düala aspaldiko denboretan,
Azalegi maxeletan,
Artzain zahar bat nigarretan
Goizan eta arratsean.
Papogorri bat espaldetan
Ari zeion kantü errepikan
Hala izateko destorbüan
Arrazoak nontik zütüan.
II-Gure artzainak ihardoki
Ordüan papogorriari
Arrazorik ez züala
Bilakatzeko nigarti
Bena bakardade handi hartan
Ertzo bat züala üdüri
Eta bere bürüaz trüfatzea
Ez zela ez ohoragarri
III-Xori ttipiak artzainari
Erran zeion hala nola:
“Hegaztien artaldean
Ni nüzü xümeena.
Negü beltzeko elür xuriak
Korpitzean sortzen dü hotza,
Kantü eziz nigar banü
Handiago nüke ikara”
IV-Txorittoak kuxelüka
Holaxe züan ürrentü:
“Arren zer inporta zaüzü
Bürütik bazira txainkü.
Zure büriaz trüfatzeko
Ez balinba zira haizü
Lür hontan erri egiteko
Parada güti badükezü...”
OIHERKO
81-Segürki kobla ederrak,
Eman deiztazüet südür pean
Bena dakidanez hitzak
Ez dütü arra pitzarazi hilak
XALBAT
82-Ütz ezak ütz tartaroa
Odoletik sortü dena
Oldar hakio berala
Hürrüpa ez dezan txortarik azkena!!
OIHERKO
83-Utz nezazüe bakarrik
ützülika xenderen gainti
Eta ez har ardürarik
Arresez kanpo besterik.
Kanpo artzainak
ZAZPIGERREN JELKALDIA
Sar Alhaitztarrak
ERREGIÑA
84-Sar zitaie otoi barna,
Hainbeste da hitz kurritzen
Hala dea, ala fama,
Oiherkoz direnak aipatzen?
GRAXI
85-Andere maitagarria
Huna kurri den berria:
Barrankako zedarrea
Odolez dela gorria
ELIJABET
86-Artzain horoek bazitiñea
Ahoetan korpitzkiak
Itxüratik baganakiña
Alhaitzen zirela sortüak.
NAIMA
87-Malür handiak eginik,
Galdürik dinagü Oiherko
Gibelka egin ezinik,
Ertzokeriaren meneko!
MADDITTO
88-Alhaitzko bi mutil gazte
Ezpataz ditin xehatü.
Ez Pette, haboroziz Marze,
Nahizan ere behatü!
GRAXI
89-Barrankesen lürretarik
Ari zela franko hüilantzen
Üdüriala herratürik,
Hori da heben aipatzen!
ERREGIÑA
90-Indar gosearen meneko
Sartürik zaikü Oiherko
Harro zen sortü zeneko,
Üdüriz betiereko!
XAXI
91-Hire odolaren odola
Galdürik nonbait debalde
Ezin dün ützi hola,
Lagüntzarik batere gabe.
JOANA
92-Joan diteala armetan
Oiherkoren bilhatzera.
Hamar lagün orai bertan,
Hartzaz ardüratzera!
Denak kanpo
Sar Oiherko, Jiga lüz eta Perdigail
JIGA LUZ
93-Errak ager hadi honarat
Piperra para argialat
Beztitzen haüan arropa,
Ez da üngürünetakoa!
OIHERKO
94-Ahari bat bazketarik
Düstenean galdü ziküzü
Heben zenez herratürik,
Iker lanetan ari nüzü
JIGA LUZ
95-Bekan dütüat ikusi
Artzainak hola jauntsirik
Korraletan denak üsüan
Gerrian ez dü armarik
OIHERKO
96-Alhaitzeko lürraldetan,
Printze naüe denek deitzen
Libre ütziz orai bertan
Züen hütsa düt parkatzen!
PERDIGAIL
97-Hau dügü hau merkatüa
Hik hori eta harek hala!
Aski dügü eramaitea,
Big Handik delibera dezala
Har preso eta jelki denak....
Sar satanak.
BUILIBOT
98-Laida dezagün buljifer
Printze harrigarria
Eman beit dü gure otoitzer
Ardiesmen izigarria
PHERNA MEHE
99-Püntü zonbait eman eta
Erretira gitean
Gizonaren maleta
Ikusteko axolbean
Püntü eta kanpo
ZORTZIGERREN JELKALDIA
Sar Karribandina,Mus de Diharrü, Jundane Mundane eta Big Handi
KARRIBANDINA
100-Big Handi zertan haigü
Erdi dereiküka parada
Denbora llabür dügü
Herria oro dügü süsa!
MUS DE DIHARRÜ
101-Lankiak ützirik alhorretan,
Beltz beltza jentez karrika,
Ikusiz zertan gabiltzan,
Partitzen zait bihozterra!
102-Zer zaizü ote agitzen,
Ala bürüa neskabatzen
Ez düzüa ez ikusten
Organtaka sosa galtzen!!!
JUNDANE MUNDANE
103-Eni ere hasten zaizkit
Jente xeheak oldartzen
Otsez eta handiekin
Beit niz ardüra üztartzen!
BIG HANDI
104-Kakeria pürü bazünüe,
Ungüratü zaikü errota
Jarri nintzalarik errege
Ahospez zindeen ikara!!
105-Hatxeidiaren glasketan
Gerla gizonak joan ditean,
Ta lürraldeko mügetan
Arrotz bat lot kateekilan!!
106-Herriari bürüz erakutsiz
Basa otso bat bezala
Gerla dela sinetsaraziz
Ttattitüko da jentea!!
KARRIBADINA
107-Beti ezagütü haüt
Pittili bat bezala
Hire tratüetan ez diat
Segür konfiantxa pikorra!!
MUS DE DIHARRÜ
108-Ez düzü püntüa haboro
Ezdabadetan sartzeko
Bürdüina bero deno
Egar ahala behar zaio jo!
JUNDANE MUNDANE
109-Zerbait egizü berehala
Nahiz lahardeki ehün lagün
Hortarik igaran beharko da
Totoa ez bada nahi errün
Kanpo
BEDERATZÜGERREN JELKALDIA
Sar Alhaiztarrak
XAXI
110-Berri harrigarri bat
Baniken erraiteko
Bena ez niz aski ausart
Orai heben aipatzeko
ERREGIÑA
111-Has hadi lotsa gabe,
Erradan erran beharra,
Nizalakoz ERREGIÑA
Ez üken nitaz beldürra!!
JOANA
112-Ezponda peko pasüan
Barrankesak herrokan,
Eta haien erdian
Oiherko lotürik kateekilan...
ERREGIÑA
113-Atzo günüan oilar gazte
Aita zenaren trüfazale
Orai hantxek balentrietan
Bürüz piko erreka zolan!!
114-Ütz dezagün merexi lüke
Etsai krüdelen eskü pean
Destorbüa dezan txeste ,
Gütiago erri dezan egin!!
ELIJABET
115-Plazerekin düda gabe,
Ernal txotxa hik dün txeste,
Aiher bazain ondorio
Orai ezin dün hik üka!!
ERREGIÑA
116-Ez hadi hola anbala
Baietz xüxenean hizala
Planta ezadazüet zaldia
Joan nakion arrunt txerkara!!
MADDITTO
117-Nahi nütüke hala ere,
Hi nihorat parti gabe,
Ezpiritüer erran bi ele
Izan ditean hire alde!
EMAZTE KÜRRA
I-Bildü girade mendi hontara
Mündüaren goresteko
Bai eta honekin batera
Lantare eta kabaleak oro;
Aize hegoaren hats epela
Ebiaren odol eztia
Züek gabe nola genezake
Ezagüt bizi eta hiltzea
Horregatik dügü xedea
Züen alde jokatzea
II-Züekilan plantatzen dena
Ez da segür aberastüko
Erresiñolaren kantorea ez beit da ürhez egina,
Behar dügü oraidanik jakin
Guretzat zoin den goxoena:
Diharrü biribilaren ttintta
Ala ardiaren txintxa,
Üsüan heben gainti beit dü
Batak ohiltzen bestea...
III-Andere handi, azken aholküa
Egiten diñat berehala
Oritaraziz gure jinkoak
Direla eki eta odeiak
Haien agurtzeko ez ote da behar
Bürüa üken txüt txüta
Apal etxekitzen düanak aldiz
Ikusten lür peko erresuma
Aski sarri segür jinen da
Gure harako denbora!....
HAMARGERREN JELKALDIA
Sar Barrankesak eta Oiherko preso
BIG HANDI
118-Hona Barrankako mügetarik,
Zer üken düdan opari.
Alhaitzeko printzetarik,
Lehen dela zaükü ari !
119-Intxo ta Pintxoren erranak
Argi zaizkit agertzen,
Etsaietan hoberenak
Hebentxek dütüt kausitzen!
120-Alhaitztarren printzetto bat
Gure lürren kukuxkatzen.
Artzain güdari haientzat
Ari eraso prestatzen !
121-Sar bedi sar popülüa
Ikus bere minen giltza.
Gezürra ala egia ?
Ene hitzak sinets bitza !
JUNDANE MUNDANE
122-Ene aurhide maiteenak
Badakitzat züen minak...
Bena bada sorderik,
Gizontto hau ja segürrik
123-Alhaitztarrek gure honak
Dütüe inbidiatzen,
Tharik gabe zorroztüz armak
Gerlaren ari dira prestatzen!
BIG HANDI
124-Behexdürak ützirik bazter,
Galtegiten düt gaur dener
Oldar gitean kanpokoer,
Hori zor dügü gure haurrer
125-Karriketan entzün dütüt
Egin dütützüen sankak
Beharko düzüe egin “tüt”
Ixilaraziz züen bailak
126-Zeren eta badütügü
Etsai handiak mügetan
Haietarik bat dügü hartü
Hortxek da gure esküetan!!
127-Milaka gizon badütü
Nonbait ümen gorderik
Otso tropekin haidürü
Begiak odolez beterik!
THARAPUTT
128-Aieia parka gitzazü
Iziarazi zütügü,
Ez ziteala otoi mendeka
Gü ütziz ertzo horier para!!
KARTALEKHO
129-Ez zazüla gure kuinter
Otoi egin kasürik
Gü salbatzen gütüzün ber
Egonen gira ixilik
HORTOPO
130-Handi beit zirade errege
Hüilan izarraren pare,
Gure ürhe ta zilarrez
otoi ürrikal zite
ZINPHURTI
131-Ba da jente xehe franko
Prest biziaren galtzeko
Ez düelakoz hontarzünik
Zütaz kanpo besterik
132-Igor itzazü gerlala
Esküan ezarriz ezpata
Gütarik sosaren lagüntza
Ükenen düzü nasaia!!!
BIG HANDI
133-Ata merexi zünükee
üztea kakaren erdian.
Ohart nizala errege
Zidelarik ene eskü pean.
BIG HANDI Karribandinari
134-Karribandina tziauri honarat
Mintza gitean kuxelüka
Gük asmatü maltzürkeria
Denetaz da sinetsia...
135-Behar zünükean ikusi
Jaunkilloten mütür lüza
Goiti behera xuri xuri
Aipatzen neienean gerla!!!
KARRIBANDINA
136-Soskoiak eta txakür txarrak
Maite besteen purruskinak
Biek ere ber txanpa ahüla
Altxatzen badek makila
BIG HANDI
137-Hortxe dütügü kantüan
Gure haidürü presoarekin
ikusi nahiz bürüa
Erortzen durdubilaxka!!`
Ixil eta sar Satanak.
BUILLIBOT
138- Pherna Mehe üsna ezak
Errege honen trebea
Nik ere badakikiat
Zabaltzen herra bidea
PHERNA MEHE
139-Noiz ote dü pergütak,
Eginen bere Jüdasa.
Ohore gose golütak
Oro saltzen dütü aisa!
BUILLIBOT
140-Odei gorbelak bihoatza
Inhaziaren gana:
Heda beza bere hatsa ,
Eta gizonak ingana!
PHERNA MEHE
141-Zanka peko tauladak
Ez lütükea merexi
Bere iharrausaldiak
Gure iztezainek erexi !
Jauzi eta kanpo…
KAPTAIN PERGÜT
142-Motz dizogün lepoa
Ezar haga baten püntan
Zer den gure mendekioa
Oldartzen zaikünak ikus dezan !
OIHERKO
143-Ene bürüak orai ez dü
Arrakastarik haboro,
Ez düalakoz nihor haidürü
Basa ihiziez kanpo...
144-Nahiz izan prinze sortü
Soldado bat düt kalitü.
Balinba naüe damütü,
Denak dütüt kitatü
JIGA LÜZ
145-Azkenean zer orobat zaikü
Doi doia bahiz tütülü,
Galdüren dük bizia
Liberti dadin jentea!!
PERDIGAIL
146-Erreüs delarik jentea
Ez jakin nola antzaka
Nola ahal liro üka
Zoin gatzil den mendekioa!!
Kaptain Pergütek
aixkora altxatzen düan bezala,
Oiherkori bürüaren mozteko,
ERREGIÑA sartzen da.
ERREGIÑA
147-Züen behar gorrietan
Semea ütz ezazüe libre
Ezpatak hüxtü handietan
Ez badütüzüe nahi txeste!!!
JIGA LÜZ
148-Hau nontik agertzen zaikü
Zainataka düala idüri dü
Nor ziren hortik errazü
Errespetü agrada ziküzü!!!
ERREGIÑA
149-Handiak llerden küküla
Ustez denak zaitzola zor
Bahitü deitazüet semea
Eta egon behar nüke konkor!!
KAPTAIN PERGÜT
150-Itain txar arnegata
Bazeneki gure indarra
Joan zinate berehala
Ahüntzaren gisa lauhazka!!
ERREGIÑA
151-Mendian ikasi biziak
Ezürrak hezi deizkü
Llafianten ürgüilüak
Beldürrik sortzen ez deikü!
152-Aspaldi badü ari zideela
Mündüaren esküpetzen
Mespretxü eta indarra
Ausarki ere egarten!!
BIG HANDI
153-Mündü hontan parada güti
Ba dügü deskantsatzeko
Has baginte zü eta ni
Oiherko hor ttanttotako?!
154-Zure etxerat semea
Nahi badüzü eraman
Armen arteko lehia
Beharko düzüe jasan !
ERREGIÑA
155-Herio bizi joküa
zaizülakoz agrada
Dagün hilargi betea,
Zin düt, date haragiada !
Bertso hau eman eta kanpo Erregiña
OIHERKO
156-Ausarki bazoazte
Gerletako xenderetan
Funtsean jakin gabe
Züen etsaien indarra!
157-Aldiz ezagützen dütüt
Haiek dütüen flakeziak
Larre mendi eta hur jünt
Eta harrarte güziak!
KAPTAIN PERGÜT
158-Beldürrez beterik hago
Hüilan düalakoz hiltzea
Traiditüz hireak oro
Zer dük esperantxa ükeitea?
OIHERKO
159-Zühürra ez nintzalakoz
Baztertü naüe tronütik
Geroztik indar ahal oroz
Ametsez nago ondotik!
BIG HANDI
160-Hona Big Handiren eskentza:
Bizitzera haüt ütziko.
Enekin düan tratütza:
Hireak dütük ehortziko.
OIHERKO
161-Ni bezain hon zerbütxariak
Guti dütüzü ükenen
Haizü zaitzün xedeak
Nik deitzüt oro beteren.
162- Ospe gosez niz handitü
Alhaitzeko erras harietan
Nahiz eneak kalitü!!
Emanen deitzüt esküetan
KARRIBANDINA
163-Sar ezak bürüan.ez düala
Handiak egiten esker txar
Irabazten badük gerla
Bertan errege heinte jar!
OIHERKO
164-Holako nausien axolbean
Nizate mitil perestüa
Züetarik badüt laguntza
Izateko nausi herrian
JUNDANE MUNDANE
165-Gure manüa egin arte
Ütz ezak saihets esperantxa
Dükealarik tratü bete
Ordü date aipatzea!!
Denak kanpo
HAMEKAGERREN JELKALDIA
Sar Alhaitztarrak
NAIMA
166-Denak jüntarazi gütün
Harritzeko presa gorrian
Arrazoak nontik dütün
Izateko txestü txarrean?
ERREGIÑA
167-Ardiak direnean korralean
sipisapa ber ixtilean
Kihilaren gainti badoatza
Auzokoalat alhakara!!
168-Hortan dira Barrankesak
Üxtiatürik hontarzünak
Pitzarazi nahian gerla
Hen izan dadin gurea!
XAXI
169-Ez gitean sar jokü hortan
Galtatzen deizüet segidan
Berak antzaka diteala
Hori ez da gure afera!
GRAXI
170-Nago kurrentean hizanez
Oiherko han dela preso
Eta baizik gerlaren bidez
Dügüla hantik elkiko!
ERREGIÑA
171-Ametsak ere doatzi
Bide itxusi hortatik
Atzo zelarik gaüerdi
Heltü zaizkit mezülari!
ANDONI
172-Amets horiek ea xüxen
Zer ote düen erraiten
Aztiek deiküe erranen
Gütara jin ditean arren!!
AZTIAK
I-Belagile belagile belagile
Belagile gaüza hanitxen jakile
Gaü erditan gaü erditan gaü erditan
Gaü erditan dantzan gira izerditan
Oilar kantü oilar kantü oilar kantü
Oilar kantü hatüa beharko hontü!
Gütaz lotsa gütaz lotsa gütaz lotsa
Gütaz lotsa dügü xahal otsa !
Heben gira heben gira heben gira
Heben gira so egigüzü begiala,
So kartsüa so kartsüa so kartsüa
So kartsüa egiaren ütürria!
ELIJABET
173-Hortxek dütün laminak
Harpe ülünetik jinak
Erran itzetzan ametsak
Eta entzün haien erranak
ERREGIÑA
174-Barda loak düalarik
Bete ene korpitza
Ametsek nintzan hartürik
Hona heben haien giltzak
175-Ikusten nüan haritxa
Dena odolez gaintika
Eta ene seme bakotxa
Ari gustüan hari joka!!
AZTIAK
I-Ürgüilüa ürgüilüa ürgüilüa
Ürgüilüa krepaut txarren hazkürria
II-Hau airea hau airea hau airea
Hau airea semea hartarik hazia
III-Gose jankin gose jankin gose jankin
Gose jankin jüntatüko etsaiekin
IV-Odol iraülte odol iraülte odol iraülte
Odol iraülte haritx zaharra ehorik date
V-Hola düzü hola düzü hola düzü
Hola düzü ametsekin jin gütützü
VI-Bederatzü bederatzü bederatzü
Bederatzü gü segidan bagoatzü !!
ERREGIÑA
176-Andoni ahal baheinzkit
Erran horik esplikatü
Egia aitortürik
Ez diat deüs ere sesitü.
ANDONI
177-Hanitxez nahiago nüke
Argiago bazünü gogoa
Horrela orai ez leite
Beltzez bezti ene beita
ERREGIÑA
178-Belagileek aipatü düe
Egiaren ütürria
Bete itzak han hire hitzak
Eta eman hen agiria!
ANDONI
179-Entzün nahian egia
Zirelakoz ahal oroz
hiltzaile date semea
Zure korpitza aldiz hil hotz
ERREGIÑA
belaünko jar eta kantan
I-Heltü da ozenki berria
Menteren giltzak gerrikoan
Andere beltz izigarria
Hortxek zütüt ene ondoan
Ützi beharko düt bizia
Sekülakoz zure altzoan
II-Ikusi düt maiatza berde
Erriz eramaiten erlea
Otea zen ürhe kolore
Hüilan ekiaren parea
Nola hürrün ziren elürte
Heriotza eta negüa!!
II-Mendi bular bazter batean
Lehen pausatzen nintzalarik
Izar xenderen gainti banabilan
Nere arimaz eramanik
Zelü barnetako heipetan
Ürhe gorriz üngüratürik
IV-Geroak nündüan boztariotzen
Nakialokoz lano artean
Bazterrak zirela zilartzen
Izotz xuriaren erdian
Ikusiagatik eihartzen
Osto gazteak larrazkenean
V-Heltü da ozenki berria
Hor zirela ene ondoan
Andere beltz izigarria
Menteren giltzak gerrikoan
Ützi beharko düt bizia
Sekülakoz zure altzoan...
ERREGIÑA kobla arruntez
180-Ene lagün maiteak
Parka ene nigarrak
Dütüdan egin beharrak
Ez dütüt ahatzeak
181-Gaur zaikü argizagia
Igaranen beteala
Heltü zaikü denbora
Hola izan dadila!!
HAMABIGERREN JELKALDIA
PERDIGAIL
182-Bago oihanetik behera
Nor zaldian edo hoinka
ERREGIÑAren armada
Hüilantzen ari ümen da!
JIGALUZ
183-Gureak ere prest dütützü
Ogi alor zolan haidürü
Üken eta manüa
Arrunt partitüko dira
PERDIGAIL
184-Ohart emazü Big Handi
Sabreak zorrotz direla
Eta badateala zauri
Sarri sükarrez gaintika !
BIG HANDI
185-Oiherko behizate
Armadaren eramaile
Bizia badük maite
Ez hakit ützül galzale!!
OIHERKO
186-Sarri izanen den gerla
Kobletan aipatüko da
Emazte eta gizona
Hartaz oritüko da!!
187-Betatzen zaüt ene ametsa
Begiaren bixtan hor düt jada
Ene amaren odola
Epel ahürraren behera!!
BIG HANDI
188-Hire gomendüan dira
Ene potere güziak
Irabaz ezazüe gerla
Laida nezan herriak!!
Erretira denak
HAMAHIRUGERREN JELKALDIA
Sar Barrankesak alde batetik eta bestetik Alhaitztarrak
ERREGIÑA
189-Hau gaüza harrigarria
Nahi hüntüdan salbatü
Orai aldiz hor haüt etsai
Gütarik batek hil behar dü!!
MADDITTO
190-Nago zer deian hitz eman
Erresuma handius horrek
Handi mandien ahoan
Pezü güti düe eleek!!
OIHERKO
191-Hek emaiten ditazüet
Ükatzen zeneitazüna
Zure bürüa eskentzen deiet
Igaraitean hartüz koroa!
JOANA
192-Hau denbora jin zaiküna
Zühürrak dü esker txarra
Nausi delakoz diharrüa
Tximaltzez doa arima!
193-Ele eder eta itxüra
Egün bürüzagi dira
Horier lüzatüz lepoa
Nola ikus leite zepoa?
NAIMA
194-Aho beilak trebe dira
Hitz ederren egarteko
Zabal itzek hire bortak
Denak deitzeie llifratüko
OIHERKO
195-Aizeak norat eraman
Goatzan harat segidan
Egiten deionak traba
Bertanxka xehekia da!!!
ERREGIÑA heben has zortziko koblen emaiten
I- Nahian hizalakoz
Ohoratürik izan
Ez deüs bat hizalakoz
Indarrez dük eman.
Nahiago dük beldürra
Eziz errespetüa
Egari diagü ardüra
Holako legea!!
II-Handiez mirestürik
Ba hoa ütsütürik
Hen gisa ürgüilüa
Aküilü hartürik.
Odola ez besterik
Ez dü ondoramenik
Txingola hartara doa
Delarik hazkatürik.
III-Hire nahitara
Nahi dük eraman
Jente eta mündüa
Hire eskü pean,
Moztürik ere esküa
Txülüla joileari
Ahal leite bilaka
Bertan hüxtülari.
IV-Igarana eta geroa
Hori da bizia
Ixil ixila doa
Ehüntez denbora
Hiretako hil manta
Hümeari xatarra
Poterea ükena gatik
Ezin hori traba
OIHERKO
196-Beha ezazüe ene amak
Nola egarten dütüan hitzak
Nago besoko indarrak
Dütüanez mihikoak bezainbat!
KAPTAIN PERGÜT
197-.Parti gitean güdüka
Alegrantziarekin
Ustel dakien korpitza
Beren erraien ixtilean!!
Batailan Alhaitztar gehienak izanen dira kolpatürik
ERREGIÑA ere hor da, taularen erdian belaünko...
OIHERKO
198-Heda dadila berria
Borroka handi honena
Ene izena entzün eta
Mündoro jar dadin ikara
199-ERREGIÑA tximaltü bat
Triparen gainti joaiten erxeak
Ezin zirade hortan barat
Lagüntüren zütüt nik!
200-Zure seme maitakorrak
Iratziren deitzü begiak
Ez ditzazün ikus ahal
Zure destorbü handiak!!
Heben Oiherkok begiak irazten dütü bere amari
eta kobla
201-Segürtamenak bazüntüen
Haur txar baizik ez nintzala
Probak deitzüet eman
Oker bidetan zindela!!!
PERDIGAIL
202-Goatzan Big Handiri
Berri honen ekartera
Eginen deizü batzarri
Merexi düzün bezala.
ERREGIÑA belaünko hiltzen
I-Amets irakurten dakienek
Erran zeitaden egia
Sabeletik sortü frütüak
Goitüko züala zühaintzea!
II-Ützi behar zütüet bertan
Bihotzeko herritarrak,
Lano artetik lepo hartan
Egürükitzen naü senarrak
III-Züen gomendüan düt üzten
Herri honen lür zaharra
Ikas ezazüe ontsa zaintzen
Gal ez dezan bere garra
IV-Kanpotik, indarka ala abilki
Beti badate etsaia
Ariko dena nahian ebatsi
Züen lanaren geinüa.
V-Sare horien aztaparretarik
Begira etzazüe bazterrak
Artzainak eremü hartatik
Egin ditzan kobla ederrak.
VI-Arranoa üngürüka ari da
Etsitürik üdüri bezala
Korpitzaren gain bekit heda
Bere itzalaren zabala.
ERREGIÑA hiltzen da
ELIJABET
203-Eraman dezagün korpitza
Sohaki trixte hontarik
Bera eta senarra
Izan ditean alkartürik.
Sar Satanak
PHERNA MEHE
204-Ixtoria ederragorik
Egürükitzen ahal günüena?
Büljiferrek hobeagorik
Izkiriba ahal zükeena?
BUILIBOT
205-Jukutria eta herra
Bazterretan harrotürik
Üdüriz ifernüko garrez
Direla kilikatürik
PHERNA MEHE
206-Oiherkok nahi beit dü
Bizia ontsa gozatü
Uste gabe zonbait
Deitzogü plantatü.
Püntü eta kanpo
HAMALAUGERREN JELKALDIA
Sar Big Handi, Karribandina, Jundane Mundane,Oiherko eta Pherna Mehe
OIHERKO
207-Ederxago nizün uste
Nükeala batzarria
Ala dolüak dü bete
Karrika hontan herria!!
BARRANKESAK
208-Xefauta harroxka dügü
Llerden llerden korpitza
Mündüa düala esküpetü
Balinba badü ustekeria
OIHERKO
209-Egin beharra eginik niz
Hitz eman nüan bezala
Ni errege ezarriz
Etxek ezazü zurea!!
BARRANKESAK
210-Ez deüsa ez da gei
Manüen emaiteko
Mintzo delarik erregeari
Jarten da küpüts belaünko!
Bi soldadoek, ezpaten bide, belaünko ezarrarazten düe Oiherko
KAPTAIN PERGÜT
211-Bürüa motz bagenezo
Abiatü ginen bezala
Segür niz herria oro
Boztario leiteala!!
JUNDANE MUNDANE
212-Bego hebentik joan dadin
Oihanpe ülün horietara
Han eziz jauregian
Beit da honen leküa!
213-Agian ürgüilüa
Anpletüxeren ziozü
Ezkürra eta kaparra
Dütükealarik gozatü!
BIG HANDI
214-Bihoa ordüan berehala
Agertü zaikün bidetik
Eta ez dezagün seküla
Entzün traheil honen berririk
OIHERKO
215-Aieia hau jukutria
Madarikatzen zütüet
Sortüko düzüen jenolia
Belagileer eskentzen deiet
Kanpo Oiherko
BIG HANDI
216-Planta ditzagün armadak
Parti berriz batailarat
Baratzen diren azken artzainak
Igor ditzagün lürrealat !
HAMABOSTGERREN JELKALDIA
Sar Alhaitztarrak
ANDONI
217-Jasan dügün destorbüa
Nahi düt xeheki entzün
Nola hil den ERREGIÑA
Bai eta ehünka lagün !
KÜRRA
I-Herexak ziren milaka
Gizon eta zaldi
Zelüan apobelatza
Üngürüka ari
Negüak aizeari
Egiten batzarri
Nonbait ülün zeinüa
Ere deika ari
II-Mendi bular batean
Ginen haidürü
Elgea zola hartan
Ixilean sartü
Bürdüin glaska handitan
Bazterrek aranatü
Bakea ene beitan
Ere hegaltatü
III-Zaldien ahoetan
Bahütsa gaintika
Ezpaten gidarretan
Lotürik ahürra
Zaflaka bazabiltzan
Erxeak lürreala
Erroiek heren ondoan
Beterik kolkoa
IV-ERREGIÑA sortü zena
ERREGIÑA hil da
Semeak iratzi eta
Begi eta bestea.
Gaü hartako lilia
Bustirik izan bada
Ez dü txeste ihitza
Baizik eta odola
V- Gük hori dügü ikusi
Naba trixte hartan
Bazterrak ziren gorri
Argi leinürrüan
Bilagarroak kantari
Nigarren artean
Üdüri züan gerlari
Ari zeitzola trüfan.
MADDITTO
218-Oihü eta marrakak
Ilharri eiharren gainti
Heriotzaren hats larroiak
Bazterrak dütü ülüntürik!
ELIJABET
219-Xoxoez beterik ziren
Lexar eta ürrüxtoiak
Orai aldiz zaizkü heltzen
Süge eta bele beltzak!
ANDONI
220-Barrankesen harrokeriak,
Xehatüz jente eta alhor,
Hedatü dütü egiak:
Bihotzak dütüela agor!
GRAXI
221-Galdürik düelakoz
Arimaren handitarzüna
Ari dira ahal oroz
Zaintü beharrez itxüra!
222-Gaztelü eta obra handiz
Funditü dütüe bazterrak
Hortarako xehekiz
Soraki eta oihanak!
XAXI
223-Norberaren hazkürriari
Eskerrik ez düanak,
Nola ote lizate gai
Zaintzeko besteenak?
NAIMA
224-Ez dütügü behar ützi
Gure lürretaz jabetzen
Nahiago niz akei bitxi
Eziz bizi haien milikatzen!
MADDITTO
225-Parti gitean ordüan
Txütik giren bakhanak
Barrankeser behar da eman
Bester eman dütüenak
ANDONI
226-Hüilantüko gitzaitzee
Ahal datean bezain beste
Oiherko hekin bada ere
Bürdüina behar dü txeste
XAXI
227-Gero ezkapa gitean
Harrarte zonbaitetara
Holaz Big Handik ez gitzan
Atzaman ahal nihola…
NAIMA
228-Azken aldikoz gitean
Gure artean heben bil
Bihar danik goiz goizean
Beit dateke zauri ta hil !
Alhaitztarrek, kanta eta dantza Ekiari
I-Ürrats xüme horik izan diteala
Zure beitari agrada
Bakoitzak gira zure mitila
Zütan delakoz bizia
II-Honar itzazü mahats molkoak
Zure bidez lürretik jinak
Sano eman izezü herroa
Harro izan dadin ardua
III-Zü bezala da ürhe kolore
Aize delarik da kantüz ari
Bere irina zaikü hazkürri
Hona besata bat ogi
IV-Lür eta itxasoaren izerdia
Odei bilakaraz ezazü
Ardiak üken dezan alhagia
Ebi beharra badügü
V-Erreginaren bizi berria
Soro handian da abiatü
Emaiten deiküzün beilo pea
Hari ere emaiozü!
VI-Barhankako lür gizen haietan
Eroriko den gazteari
Egin izozü zure loetan
Otoi betikoz batzarri!
Denak kanpo.
HAMASEIGERREN JELKALDIA
Sar alde batetik Barrankesak eta bestetik Alhaitztarrak
BIG HANDI
229-Arren berriz hor dirade
Artzain kente bürü gogorrak
Pastetx, gaztain eta ezne
Jaten baizik ez dakienak!
JOANA
230-Ari haikigüla ari hola
Gustüan trüfa egiten
Xühürtzen ari zaük denbora
Garkotza deat tipiltüren!!
GRAXI
231-Paka dezan jukutria
Oiherko ekar ezazü fite
Aita eta ama bezala
Xixariek dezen txesta!
PERDIGAIL
232-Üzküa beno gorago
Nahi züan egin üzker
Ekia beno goizago
Ezkapi zaikü hain laster!
ELIJABET
233-Goseak opila dezola
Bere tripa tzimala
Bereartan düan odola
Ixtil bedi, animala!!
NAIMA
234-Hi aldiz Barrankesa
Debrük behaü kakegin
Haren üzküzilo beltza
Deika ari zaük ülünpean!!
BATAILA
Barrankes andana bat hil, Alhaitztarrak ezkapa
Sar Satanak
BUILIBOT
235-Ohartzen ote ez hiza
Nola ez giren lagüntürik
Zonbaitek hedailo korpitza
Besteak mendialat ezkapirik
PHERNA MEHE
236-Erresplekatürik ari gira
Mündü honen degoilitzen
Ez nüan üste güntüela
Hein hortara lagüntüren
BUILIBOT
237-Leküa hüts dezagün
Segidaren jakiteko
Ea hil horier lagün
Jinen denez Oiherko!
Püntü eta kanpo. Sar Oiherko
OIHERKO
238-Berriz nitzaizü agertzen
Larre berde horietara
Nitaz ote zira oritzen,
Ala arrotz zaüzü ene itxüra?
MARZE
239-Hi bezalako tzarpekin
Beztitzen dira küsoak
Ez dütüka hen artean
Egin pürü lehen ürratsak?!
OIHERKO
240-Ekiaren kantü kantütik
Iragan zaizkit ametsak
Eta ez da düda tütik!
Tzokartü deizkit saihetsak.
PETTE
241-Txakostea beno gorago
Zankoak dütüzü altxatzen
Aisaxko zirade gero
Hantik behaztopatzen!!
242-Hire gatik dira ote
Hil zeinü horik ezagün
Zortzi egünez tarik gabe
Lano artetik gaü egün?
OIHERKO
243-Jostagailü txar bezala
Izateak hautatü naü
Baliatüz ene esküa
Kentzeko bizia amari
244-Zentzüa herratürik
Geroztik banabilazü
Heriotzaren ondotik,
Eman dezadan ostatü .
XALBAT
245-Hain khartsüki deitzen düanak
Aztaparrak lüze dütü
Uste gabe haren soak
Herioz lekatzen zütü !
OIHERKO kantüz
I-Hel hakit hel txori beltza
Hel hakit hel!
Hel hakit hel oi berehala
Ixtil bat nük, odol gorbel
Galdürik oldar ahala.
Errege uste aldiz ergel
Bil ezak egar ahala
II-Ez düka ez hik engoiti
Nitaz aski egin erri
Ala balinba gusta leikek,
Nahiz düdan merexi
Aztaparkaz has banendi
Ene korpitz trixteari
III-Bizi txar baten kentzea
Hiretzat gaüza trixtea
Ez balin bazaük gustatzen
Eni hatsaren hartzea
Aski deitadak igortea
Ülün petako semea!
Ager Buljifer
BULJIFER
246-Egün hon Jaun handia
Güziz miresgarria
Hügü düzüla bizia
Heltü zait orai berria
247-Nahia beit zünüan
Printze izateko
Nik zütüt ifernüan
Altxatüren sekülako
248-Horra deizüt ezpata
Zihaurek zorroztürik
Zure amaren odolaz
Doi doia gatzatürik
Buljifer badoa kanpo
OIHERKO has kantan
I-Erresiñola kanta etzadak
Leheneko mixterio zaharrak.
Azken aldi bat eman etzadak
Igaran lürrünaren ikarak.
Haur kantoreen eztitarzünak
Ama maitatü baten bailakak
Ahürraren barnetik joan ziztadak
II-Ez düt haboro ene bizian,
Arrazorik ebilteko bidean,
Lilien ilhain izan nahian,
Purruxkina bat aize betean
Hortxe niz erori beharrean
Nonbaiteko ixtil batean,
Lohi bilakatzeko agian!
III-Eta gero nontik baitik jinik,
Heriotzaren mantaz jauntsirik,
Agertüko zait lano artetik,
Ez deüsa, erroiak jokatürik,
Haren oski zoleer lotürik,
Joan nadiala denez ahatzerik,
Larre ütsalen erhauts artetik….
SORTIDA
Eskerra delarik galtzen giren güti güzi hartan
Bizia da lokhartzen heriotzaren mantetan
Zer debrü behar badü hola jentetzeak arren koño!
Hau nahi hura ezin, hartaz ase henaz gose, seküla aski
Amets mendrez bete dira sükalteko bertzak
Bazkaltzera kümit dira lohesnaren bake beltzak.
Salharbil Erosebatszor , Bilsalzorhar Ebatseros.
Amets mendrez bete dira sükalteko bertzak
Bazkaltzera kümit dira lohesnaren bake beltzak.
Errazüe hou! Xuea ddüea axti xüa ! Arre üxkü ddua...
Argia zilartzen dela orano gaüaren erdian.
Errazüe hou xue ddüea axti xüa! Arre üxkü ddua..
Xenda hersiak khintaz doaz itzalargi bedats lili ohagüne....
Zer debrü behar badü hola jentetzeak arren koño!
Hau nahi hura ezin, hartaz ase henaz gose, seküla aski
Amets mendrez bete dira sükalteko bertzak
Bazkaltzera kümit dira lohesnaren bake beltzak.
Salharbil Erosebatszor, Bilsalzorhar Ebatseros.
Amets mendrez bete dira sükalteko bertzak
Bazkaltzera kümit dira lohesnaren bake beltzak.
Apo deiak izar gorriari begi ñiko
Amorosek ber desioz algarri hunkiko
Zauri ixilak zorionak sü sorzalez estaliko
Hümettuak ele berriz bihotz süharrak bustiko
Amets bilha doatzanak mündü ederrez haziko
Eskerra delarik galtzen giren güti güzi hartan
Bizia da lokhartzen heriotzaren mantetan.