Lehen perediküa
1 – Parisen Paul Ramadierekin 1914an -« Jaurès eho düe ! »
1. Sataneria.
2 – Gerla Handia, 1. güdüka – Bi kobla - René zauritürik.
Alargüntsen kantorea.
3 – Antibes herrian, Niza kantüan, Simone Yzombard andereak artatürik.
4 – Simonerekin ezkontzen da.
Esposen kantorea.
5 – Gerlari ohien alkartea eraikitzen dü.
6 – 1918an Aliatüen garaipena türk andereek ez honartzen.
7 – Cassin eta Borthiry koblakaria gerlaz elestan. Bi kobla.
8 – Artzainak Mercantour bortüan, Niza kantüan. Koblakan.
Artzainen kantorea biarnesez.
9 - Briand-Streseman hitzarmena.
2. Sataneria.
10- Goebbels SDN delakoan mintzo – Jelki türkak.
Nazien kantorea.
11- Cassin, chamberlain, Daladier.
12- Berriz gerla, türkek kontatürik.
Aleman armadako kantore bat.
13- Cassin eta emaztea Londresera.
14- Cassin de Gaulleren beso exkerra da.
Emazteen gerla
15- Churchillekiko hitzarmena prestatzen dü.
16- Eüskaldünekiko hitzarmena ere bai.
Jeiki zite herritarra !
17- Londresetik mezü handia.
18 - Aliatüak horra dira.Kobla zonbait. Güdüka.
Libertateari.
19- Giza eskübide orokorren ageria prestatzen dü.
20- Eüskaldün apez batekin solazean.
Boga boga mariñela !
21- Bakearen Nobel Saria ükeiten dü (1968). Bi kobla.
22- Heriotza (1976)– Azken otoitzea.
Azken perediküa.
Herritarren kantorea.
Lehen perediküa
Agur, agur jente honak / algarrekila jarriak
Besta baten gozatzeko / esperantxak ekarriak.
René Cassin baionar zen / amaz eta haurtzaroaz
Ber heinean Nizako zen / aitaz eta gaztaroaz.
Züzenbide legegintzan / ikasle zorrotz izan zen
Harentako lege oro / jenteen honetan behar zen.
Hamalaueko güdükan / kolpatürik izigarri
Zaurtü, alargüntsa, haurren / zerbütxüko zeikün jarri.
Gero gerlari ohien / alkarte handi bat sortüz
Harez bakearen alde zen / alemanekin hitzartü.
« Société des Nations » deitüan / lan gaitza egin beitzüan
Hura Estatüen gainetik / epaile nahi zükean.
Hitler hein bat ahül zeno / tink etxeki behar zela
Cassin ez züen sinetsi / eta laster jin zen gerla.
Berrogeiko itxesian / de Gaullerengana joanik
Haren beso exkerra date / gerla güzian zügünik.
Gure dreten ageria / jente güzientzat eginik
Cassinek prestatü züan / haren gogotik da jinik.
Gerla gizon famatürik / sobera beita ezagün
Bakezale bat oraikoan / botzik ohora dezagün !
1. jelkaldia
1914ko üztailaren 31an, Parisen, jelki René Cassin, Paul Ramadier (ikasle lagün ohia, abokatüa hori ere) eta horren emaztea.
Ramadier
Aspaldiko lagün hona / bozten nüzü ikusteaz
Eta oritzapen zonbaiten / zurekilan egarteaz.
Cassin
Lan txipi zonbaiti esker / hein batetan bizi nüzü
Irakasle izateko / doktoregoari prestatüz.
Züzenbidea enetzat / errelijione bat düzü
Mündüko jente bakoitxa / zerbütxatü behar beitü.
Ramadier
Abokatügoala heltürik / sartü nintzan politikan
Eta izkiribaino nüzü / L’Humanité den kasetan.
Nazioarteko aferak / hor aipatü behar ditit
Berri gaiztoak dirade / nahi dügünaren despit.
Cassin
Alemania sentorik da / Europako arranoa
Begietan dizü Frantzia / eta haintian errusoa.
Emaztea
Gure jaunkillotak ere / prestik dira gerlalako
Arrabantxaren hartzean / Alsaziaren biltzeko.
Ramadier
Kasetalat üngürü bat / eginen dizügü bertan
Azken berrien jakiteko / arratseko mezüetan.
Emaztea
Ez dügü presa gaiztorik / lehenik aihal gitean
Dena prestik ützi beitüt / zure bideala jitean.
Tiro elibat entzüten dira kanpotik !
Emaztea – Zer debrü agitzen da ?
Oihü elibat kanpotik – Jaurès eho dizüe !
Ramadier – Ez nizün beste beldürrik !
Emaztea – Oraikoan gerla dizügü !
Cassin – Bakoitxa bere kasernala !
Emaztea – Gaixoak, agian laster arte !
1. sataneria
Jelki Ñapür eta Oker satanak
Ñapür
Jakin dük azken berria / Sarajevon agitüa
Ferdinand eho düela / pusazalea Serbia.
Oker
Hori, hori berri hona / gerlaren pizle haütüa
Serbiak Autrixa-Hongria / laster dikek oldartüa.
Ñapür
Errüsiak Serbia / lagüntüko dik prefosta
Et(a) alemanak Autrixa / süstengiko nonebeita.
Oker
Frantzia ber saltsan dükek / hor beita Moskuren üzkü
Jaures bakezale hona / epantxütik kentü diagü.
2. jelkaldia
1914ko ürrietaren 12an Lorrainan, Saint-Mihiel altean : alde gorritik jelki aleman armada, urdinetik Frantziakoa.. René Cassin hortan dago, berriki kaporal eginik.
Alemanek kanta « Heben girade Aimonen lau seme » koblaren airean .
Heben dagozü aleman armada
Erroma zaharraren, hau dügü segida
Honi bühür leiteanik (leitinik) lür osoan ez da (ezta)
Frantsesen lehertzeko bertan gira fida, bertan gira fida (bis).
Frantsesek kanta « Vous n’aurez pas l’Alsace et la Lorraine » kantorearen airean :
Bil dezagün Alsazia-Lorraina
Prüsiarrek ebatsi zeiküena
Ber denboran, azken gerlari pentsa
Eta bertan, arranbantxa bortxa !
Güdüka.
Bi armadak badoatza..
Kolpatürik egon dira René Cassin , Louis Veïsse mauletar kapitaina eta Battitta Borthiry larraintar koblakaria . Erditik jelki Dompcevrin herri txipiko erretor xaharra.
Lehenik Cassinengana heltzen da, eta esküa belarrean ezartez, otoitzegiten dü :
Apeza - Gure Aita zelüetan zirena, gizon hau salba (e)zazü, gazteegi beita hiltzeko, amen !
Cassin – Jauna, jüdio nüzü…
Apeza - Seme gaixoa, zaude bakean, ber otoitzea dit denentako, kiristi, jüdio ala pagano, ber Aita beitügü oroek !
Louis Veïsse kapitaina oso gaizki da.
Veïsse – Jaun erretora badakit / azken hatsetan nizala
Xahüki joan nahi beiniz / uste düzü hala dela ?
Apeza - Anaia, Jinko honak grazia hori eman deizü, zoaza bakean, amen !
Battitta Borthiry gaztea üdüriz arinkiago hunkirik da.
Apeza - Eta zü, motiko gaztea, fite sendotzen lagünt zitzala, amen !
Hiruak eraman :
Veïsse andetan (civière delako atze batetan)
Cassin jargia ibilkari batetan
Borthiry txainkü bi lagünen artean..
Kanta
Alargüntsen kantorea
Alargüntsa niz eta bihotza tristerik
Ene senarra beita gerla hontan hilik.
Aski pena ez düdan hartaz gabetürik
Seme bat Salonikan badüt kolpatürik
Bestetto bat Belgikan presoner hartürik.
Ehün milaka bada emazte Frantzian
Gaixoak gü bezala mindün bihotzean
Hiler dolüz beigira oro tristezian.
Ikara bizi gira, nigarra begian
Zer süerte tristea biziz desgrazian !
Kreatüra flakia beita emaztea
Emazte izatea, izate tristea !
Ardüra penatüa, dolorez betea
Zer kalamitatea hola bizitzea !
Ez ote lizatea hobexe hiltzea ?
Hobe dela hiltzea, oi ele torpea !
Ez da hori egia, ez ene fedea !
Sakrifikatzen gira nahiz bitoria :
Emazteek ez dügüa lagüntzen Herria ?
Ohoratzen mündüa eta familia.
Hitzak : Laplace eskiulatarra
Ahairea : Jean-Louis Aramburu, Bidabe .
3. jelkaldia
1915 hastean, Antibes (Antipolis) herrian, Nizarik hüllan, jelki Gabrielle (ama), Simone Yzombard andere gaztea, eta René Cassin jargia ibilkari batetan.
Cassin
Arraitañi Samuel Dreyfus / Alsaziatik heltürik
Baionan agitü züzün / ingelesek kolpatürik.
Napoleonen armadan / gerla eginik Espainian
Hantik ützültzean / arren erori Baionan.
Neskatila gazte batek / artatü beitzüan ontsa
Esposatü ziren eta / nolaz ez naiteke lotsa ?
Simone
Gisa hortako beldürra / senditzen beitüt nik ere
Bakean ütziko zütüt / amarekin sarri arte.
Simone badoa..
Ama
Neskatila galant horri / nola mintzatü zitzaio ?
Gaitzitürik joan zaizü / sarri esküsa zakitzo !
René
Zaude bakean amatto / arrailerian ari ginen
Zurekilan ützi nizü / plazer zeizüla eginen.
Orai sei urte badizü / algar ikusten dügüla
Hastetik estimatü dit / adiskide bat bezala.
Ama
Emazte hona zünüke / segürretik ari nüzü …
René
Begi hona beitüt ama / ni ere hortan niagozü !
Ama
Zeren haidürü zirade / xahartzearen oitean ?
René
Ahal bezain sarri date / agian daigün urtean.
4. jelkaldia
1917ko martxoaren 29an Parisen, VI. arrondizamentüko üdaletxean (herriko etxean, merian), jelki aüzapeza (mera), Simone Yzombard, René Cassin, Pau Ramadier lehen jakile (kolpatü ohia hau ere), eta emaztea ….
Simone eta René
Jaun aüzapeza bai eta / lagün andana fidela
Jakinarazten deizüegü / heben ezkontzen girela.
Auzapeza
Errepüblikarenganik dütüdan potereen izenean, züen baimenak orai berean entzünik, René Cassin eta Simone Yzombard, ezkontzaz esposatürik ziraiela diot.
Simone
Ene maitea entzüten dizüt mendiz mendi horra dela
Harri batetik besteala jauziz, orein gaztea bezala
Gure mürrüala hüllantüren da, gibelean baratüko
Horko leihotik so egin eta hortik eni mintzatüko.
René
Bihotzekoa, jeiki ziteala, eta tziauri berehala
Ikus kanpoan eijertü düala, eta negüa badoala
Atertü dizü eta bellotü, txoriñi bat hasi kantüz
Liliak erriz ürxapalari, sasu berria mezütüz.
Simone
Ezar nezazü bihotz gainean, erredola bat bezala
Eta besoan tzistakatürik, zigillü baten gisala
Herioa bezain indartsü düzü amorosen maitarzüna
Sü eta gar da, sügar azkarra, Jinkoak eman deigüna.
René
Ühaitzak eta üharrak ere maitarzüna ezin ito
Ihork ezin dü sosez erosi, eta hor giaudetzü kito
Güziz ederra, eman esküa biziko mendien goiti
Ürrin honeko lilien gainti, elorrien artekati(k).
Hitzak : J-L. D., Bibliako Kantiken kantikatik asmatürik : 2 (8-13) eta 8 (6, 7, 14). Marcel Etchehandyren ützülpenean 1060, 1070 eta 1071 ostoaldeetan.
Airea : Alain Guimon.
5. jelkaldia
Parisen 1918ko azaroaren hamekan, jelki René Cassin, Georges Clémenceau lehen ministroa eta gerlari ohi zaurtü andana bat.
Cassin
Gobernüak igorririk / Frantziaren defendatzera
Gütarik hanitx hor gaude / astoa bezain desferra.
Gerlari ohi bat
Eginbidea beterik / ordaia merexi dügü
Haren zerbütxüko zauriak / betatxatü behar deizgü.
Beste bat
Lehenik gure pentsioneak / hanitx ahülak dirade
Estropiatü bizi dena / miserian egon daite.
Clémenceau
Zentzüzko galtoa zaigü / hortan düdarik ez dügü
Pentsioneen emendatzea / bihardanik segür düzü.
Cassin
Eta zonbat alargüntsa / zonbat haur aitarik gabe
Amoinan ala ohointzan / nola bizi behar düe ?
Clémenceau
Gure gain dretak dütüe / lagüntü behar dütügü
Ordaisariko züzena / Estatüan legestatüz.
Cassin
Lege berriaren alde / jo arren aitzina beti
Parlamentari bakoitxa / hortara lehiaraz bedi.
Kaltetü güzien alte / jünta gerlari ohiak
Politika bazter ütziz / bil ahal bezain güziak.
6. jelkaldia
Jelki türk andereak, Alemaniaren mezülari.
Greta
Plegatü behar dügü / zepoan hartürik
Nahiz Aliatüek / ez güntüen goitürik.
Erika
Amerikar astoak / tzapel handieki
Jin zaitze lagüntzera / eta guri jeiki.
Monika
Et(a) ingeles piratek / itsasoz tinkatü
Aleman popülüa / gosean zerratü.
Lorelei
Jüdü bizkar okerrek / praubea haxitü
Herriari nabela / bizkarretik sartü.
Greta
Nahiz gibel hasirik / ez ginen galdürik
Azkar zagon armada / mügala bildürik.
Erika
Bake xüxenago bat / ardiets giniroan
Gorriak jüdüekin / ez baziren joan.
Monika
Gerlaren pakatzea / gure bizkar dago
Beste pizlerik bazen / oro dira kito.
Lorelei
Kaporal txipi batek / hori bera dio
Xede handirik badü / gaüzen xüxentzeko.
Greta
Herria piztüko dü / makila hartüko
Versaillesko tratüa / indarrez hautseko.
Erika
Ützül arren etxerat / gorrien heztera
Jüdüen erraustera / berriz armatzera.
Ahairea : Louis Ligetx
7. jelkaldia
1919an Baionan, jelki René Cassin eta Battitta Borthiry larraintar koblakaria.
Cassin
Nola zabiltza Battitta / gure zauriaz geroztik
Eta zer berri deigüzü / Xibero Herri goxotik ?
Borthiry
Bigerren kolpe tzar batek / ützi nizü gütitürik
Traholaz bizi behar dit / etxalteaz etsitürik.
Gaztetarzüna emanik / Frantziako armadari
Estropiat ezarri nizü / pentsione xühür batekin.
Handiek txipien aitzi / haxitü gütüe lazki
Daigün aldi batez berek / joan behar lükeie naski.
Cassin
Jaunek algar ezagützen / haatik ez algar ehaiten
Haien honetan txipiek / ütsüki algar epaiten.
Borthiry
Berrogei urtez petiko / gizon güzien lerroan
Hamarretarik hiruak / ments dütügü Xiberoan.
Orotara mila martir / gure lürralde txipian
Beste hanitx erdi hilik / familiak miserian.
Cassin
Kaltetüen batarzüna / sortürik beitüt berriki
Hor sartü behar zünüke / dezagün algar etxeki.
Biak koblakan
Borthiry
Hamalaueko gerla zinez itsusia
Ezin errana düzü gük han ikusia
Urd(e) ehaiten üdüri, algar seinatzea
Lohian botitürik hil(a) eta bizia.
Cassin
Laborarien arteko masakre larria
Kanu egilentako mozkin ütürria
Eüskaldünen ehorzle segür lazgarria
Bier elki diküzü oi osagarria.
Borthiry
Han kolpatü naiana ez dit ezagützen
Bena ni bezalako gizon gazte bat zen
Bizirik egoiteko gure tirokatzen
Hebentik ari nüzü hura non ote den.
Cassin
Gerla goxorik ez da, bena hau zen pisa
Ondokoa, sordeia, dezagün epantxa
Eta gobernü oro lagüntzera bortxa
Kaltetü den jentea dezala peretxa.
Ahairea : Battitta Berrogain.
8. jelkaldia
Nizarik goiti, Mercantour bortü saldoan, Nostra Dama de Fenestra deitü ermitaren üngürüan, jelki Cassin semar- emazteak eta artzainak artaldearekin.
Frédéric
Heben etxen zirade / Nizako bortüan
Bakea goza (e)zazü / gure konpainian
Gerla itsusi hura / bego hürrünean
Ahal güziez ahatz / bere ifernüan.
Cassin
Nizako herria dit / segür aberria
Eta eki sargian / Baion(a) amerria
Han kantatüren beitüt / itsasoz joaitea
Heben dügün ohora / Mercantour bortüa.
Mistral
Batzarri berezi bat / zuri anderea
Nahiz lürralde hau den / halaber zurea
Izan ziteala beti / Renéren argia
Eta biek etxeki / Probentza herria.
Simone
Mercantouren üdüri / hantxe Pirenea
Nahiz lehena düdan / osoki enea
Bien mintzajez kanta / mendiko jentea
Hanko poeta batek / hontü kantorea.
Hitzak : J-L. D.
Ahairea :Orioko balearena .
Kanta
La plenta deu pastou
Aulhers de totas las contradas
Ca vietz audir nostes dolors
Qu’ei fenit a jamei
De veder tan d’aulhadas (bis)
Sus los nostes camins
Tot pingorlats de flors (bis).
Au bèth miei deu primtemps
Vriuleta berojina
Que deishavas lo loc
Tau banèth saboros
Tu qu’ei seras tostem
Ço qui’m va mancar hèra (bis)
Qu’ei lo son tan plasent
Deus charmants tringuerons (bis).
Auprès de tu ma mie
Que’n plori de tristessa
Sovien’te d’aqueth temps
Un cop secat l’arros
Qu’enviavam lo Pigon
Guardar las aulheretas (bis)
E tos dus sus gason
Cantavam ua cançon (bis).
Adara tot solet
Capsus de la montanha
Co qui’m turmenta mes
Que las nostes amors
Qu’ei de saber que lèu
Sus aquera pelosa (bis)
Non cherirei pas mei
Los petits anherons (bis).
Hitzak : G. Sanchette.
Ahairea : JC. Coudouy
9. jelkaldia
1929ko ürrietaren 7an, Genèven, « Société des Nations » (SDN) delakoan, jelki Aristide Briand frantses ministroa, René Cassin, eta Streseman aleman ministroa.
Briand
Aleman eta frantsesak / lüzaz egonik bakean
Behar gabe sartü ginen / atzo gerla hilgarrian.
Zentzü honeala ützüliz / leize hori dügün zerra
Holako itsuskerier / betiko eman bizkarra.
Streseman
Algarri esküa lüza / gure mügak orai beta
Eta gerlaz epaitea / gure artean debeta.
Cassin
Jentea ezar dezagün / legegintzaren erditan
Estatüaren züzenak / hortan etxek izaritan.
Streseman
Nazioneen alkartea / dügün algarreki berma
Bakearen zerbütxüko / denetan bego lehena.
Cassin
Etxea da fundamena / jentearen hoinarria
Nazionearen gainetik / bakoitxaren aberria.
Streseman
Aleman eta frantsesek / heben dügü denen giltza
Gure bi herrien artean / Europako bakegintza.
Briand
Aitzinago joan gitean / Europaz dügün xedean
Europaren batarzüna / ezar dezagün bidean.
Hain hüllan diren herriak / esküz eskü jar balite
Bakean eta denetan / indar handia lükeie !
Federazione batetan / güziak jünta gitean
Europa dügün eraiki / bakearen egitean !
2. sataneria
1933 urte hastean jelki Gogobeltz eta Gogoñi satanak.
Gogobeltz
Bozkak irabazirik / Hitler diagü nausi
Eta haren bertütez / Alemania nazi.
Gogoñi
Fuera demokrazia / sozialdemokrata
Bardin haren haurride / kristaudemokrata.
Gogobeltz
Estatüa da Jinko / gure zerbütxüko
Harekin ifernüa / jüdü horientako.
Gogoñi
Zer arraza hastiala / bere Bibliarekin
Abraham him-ham eta / hamar manüekin.
Gogobeltz
Kiristiak ez dütük / hanitxez hobeak
Jüdütar Jesüs baten / adorazaleak.
Gogoñi
Haatik aleman pürrak / diren horiekila
Elizen koditzeko / denbora behar da.
Gogobeltz
Arte hortan gerla dü / Hitlerrek piztüko
Eta gük arraheinki / süiala buhatüko.
Gogoñi
Ifernürik ez bada / eternitatean
Guri esker badate / oraiko jentean.
Fu ! buhatzen düe biek, eta dantza bat emaiten.
10. jelkaldia
1933ko setemere-bürüilan, SDN delako Nazioneen Biltzarrean, jelki Cassin, beste bürüzagi elibat eta Bernheim, Silesiako jüdüa (jüdioa).
Kontseilüko presidenta
Zure pleinta hartü dügü / nazi gobernüari bürüz
Bai eziz eta jüdüer / ari zaizüela mendeküz.
Bernheim
Silesiako jüdüer / lotzen zaigü gisa oroz
Neskak bortxatüz, haurrak joz / eta zonbait gizon ehoz.
Etxerik elkitzen eta / herritik ohiltzen gütü
Langitea debetatzen / hots ezin bizia dügü.
Presidenta
Orai ager dakigüla / Hitlerren mezülaria
Eia nola hartzen düan / holako pleinta lazgarria.
Goebbels agertzen da basaki, nazi gazte talde batekin.. Mintzaldi llabür eta gogor bat egiten dü, geroztik ezagütü deiogün ber gisa hartan.
Goebbels
Gixolot horren erranak / ez dira züen afera
Ez deizüegü kontürik zor / estatü libro bat gira.
Ikazkina etxeko jaun / errege bere funtsetan
Zer eginik ez düzüe / Alemaniako lürretan.
Nahi düana eginen dü / bere peko herritarrez
Komüniste, sozialiste / liberal eta jüdüez.
Arraza bat, Estatü bat / bürüan Führer azkar bat
Hori da gure legea / eta züena pubelalat !
Goebbelsek paper osto bat marruskatzen dü eta zikinontzialat (zakarrontzira) urtukitzen.
Herman
“Eine Rasse, ein Staat, und an seiner Spitze einen starken, charismatischen Führer
Das ist unser Gesetz, das, wonach wir streben,
Während Ihre Rasse, die schwach ist, zu den Versenkungen und zum Mißerfolg verdammt ist.”
Kanta
Nazien kantorea
Alemania / denen goitik / erresuma / hoberena
Arraza da / herriaren / aragia / eta fundamena
Odoletik / horra zaigü / manatzeko / dretik azkarrena.
Odol garbi et(a) azkarra behar dügü begiratü
Jüdüaren zikinetik aberria gogorki xahatü
Et(a) Europa demokraten minbizitik ber gisan pürgatü.
Indarra da jüstizian eskübiden ütürria
Versaillesko tratü hori etsaiaren lege bühürria
Bil gitean eta jeiki, arma dadin gure aberria.
Arraza bat, popülü bat, aberri bat, gidari bat
Hitlerrekin bazter gabe jo aitzina Europa güzialat
Gora Hitler, gure Führer, gida gitzak orai nausigoalat !
Hitzak : J-L. D.
Müsika : Argonnerwald um mitternacht, Argonneko basoa gaüerditan (aleman armadako zapürren kantore bat ).
11. jelkaldia
Jelki Cassin, Chamberlain (Bretainia Handiko lehen ministroa) eta Daladier (Frantziakoa).
Cassin
Gerla dikezügü laster / nazi basa horiekila
Barbaro hütsak dirade / moda berriko vandalak.
Ordü deno algarrekin / bürü eman behar zaie
Bestela bederazka / güziak janen gütüe.
Bortizkeria llabür eta / mügatü bati esker
Mündüko bigerren gerla / bertan dezakegü bazter.
Chamberlain
Lo dagon arrano beltza / ützi behar da bakean
Pazentzia har dezagün / ikasiko dü artean.
Cassin
Gü gira lo auherrean / eta hura lan tzarrean
Fite nausitüko zaigü / Txekoslovaken herrian.
Bonbak erorten beitira / Xangaien eta Gernikan
Laster lehertüko dira / gure herriko karrikan.
Daladier
Süiari parte bat ütziz / dügün eztiki mügatü
Ahalke zonbaiten saria / bakeak merexi beitü.
Cassin
Ez bagira bertan igitzen / segür dizügü kobleta
Biak batetan jinen zaizkü / ahalkea (e)ta zifleta !
12. jelkaldia
1940ko arramaiatzaren (ekainaren) 22an, Parisen jelki türkak.
Oi garaipen ederra / uste gabekoa
Etsairik gogorrena / osoki pekoa.
Arroila zimentatzez / betuz aterpetüz
Lürpeko maratoia / nahi züan lüzatü.
Hamalauko güdüka / berritü bazüan
Irabaz zezakean / gure higatzean.
Oso burratü dügü / joküa kanbiatü
Txilimistak bezala / bürüan kolpatü.
Maginot bazter ützirik / Belgikala bildü
Bien artetik sartü / gibeletik hartü.
Hen jeneral zaharrak / hürrün ametsetan
Gureak aldiz gazte / lehen herroketan.
Frantzia zühür horrek / sosa beitü prunki
Ahal dügüna oro / dezaiogün elki.
Guri Parise lerdena / bai eta Champagna
Bordeleko gorria / kanpaña gizena.
Guri langile gazte / Renault beribilak
Jüdüen hontarzünak / artiste abillak.
Fini libertatea / frantses ürgüllua
Eta goza (e)zazüe / gure akülüa !
Ahairea : Alain eta Battitta.
Kanta
PANZERLIED :
Ob's stürmt oder schneit,
Ob die Sonne uns lacht
Der Tag glühend heiß
Oder eiskalt die Nacht
Bestaubt sind die Gesichter
Doch froh ist unser Sinn
Ist unser Sinn
Es braust unser Panzer
Im Sturmwind dahin
Mit donnernden Motoren
Geschwind wie der Blitz
Dem Feinde entgegen
Im Panzer geschützt
Voraus den Kameraden
Im Kampf steh'n wir allein
Steh'n wir allein
So stoßen wir tief
In die feindlichen Reihn
Wenn vor uns ein feindliches
Heer dann erscheint
Wird Vollgas gegeben
Und ran an den Feind!
Was gilt denn unser Leben
Für unsres Reiches Heer?
Ja Reiches Heer?
Für Deutschland zu sterben
Ist uns höchste Ehr.
Mit Sperren und Minen
Hält der Gegner uns auf
Wir lachen darüber
Und fahren nicht drauf
Und droh'n vor uns Geschütze
Versteckt im gelben Sand
Im gelben Sand
Wir suchen uns Wege
Die keiner sonst fand.
13. jelkaldia
1940ko arramaiatzaren (ekainaren) 24an, Donibane Lohizunen, jelki Cassin, Simone emaztea, Raymond Aron, Guy Menant adiskidea, eta hiriko polizia bürü den komisarioa.
Cassin
Zer miseria bide hoitan / jente gaixoak milaka
Ahal oroz lagüntürik / orai gitean ezkapa.
Aljerialat abioan nintzan / güdükaren lüzatzera
Bena Petainek ontzirik / üzten ez dü partitzera.
Aron
Marexalak ez dü nahi / konkürrentik Aljerian
Poterez gose da eta / bürütus bere xaharrean.
Menant
Gure jeneral berri bat / mintzatü da BBCtik
Bai eziz eta gerla hau / doi-doia dela hasirik.
De Gaulle jeneral horrek / bühürtzera deitzen gütü
Dela nor bere xokoan / dela haren ganat heltüz.
Simone
Lehen alemanak motoz / Baionara heltzen dira
Arren Espainia hortara / bertan gitean erretira.
Cassin
Francok batzarri honik / ez dikezü guretako
Ontzi bat xerka dezagün / Londreserat abiatzeko.
Komisarioa
Ingeles ontzi bat jüstoki / partitzeko prestik dago
Azken xantza dükezüe / Ingalaterralat joaiteko.
Cassin
Goatzan arren istantean / azken leküen hartzera
Eta izarren argitan / boga boga mariñela, mariñela !
Badoatza beraz Aron, Cassin eta. Simone.
Hor baratzen dira komisarioa eta Menant..
14. jelkaldia
1940ko arramaiatzaren (ekainaren) 29an, Londresen jelki de Gaulle eta Cassin.
Cassin
Zure deiari jarraikiz / hona güdari bat haboro
Haatik exkerreko nüzü / eta lehenik jüdio .
de Gaulle
Gisala xuria nüzü / eta zü arren gorria
Bien artean dizügü / llabürbiltzen aberria.
Frantzia larrü buxinkaz / eginik den arropa da
Haren orratza ni nüzü / eta zü hari azkarra.
Beso esküina zütüket / eta hobeki exkerra
Exkerret ützi beigütü / Frantziako esküin okerrak.
Cassin
Errepüblikar ideia / balin badüzü legean
Zure gizona nükezü / nahi dükezün leküan.
de Gaulle
Errepüblika ez da hil / heben dizügü bizirik
Eta bitoriari esker / etzi Parisen ederrik.
Lege gizona beitzira / xüxen zitzaigü erorten
Ene zerbütxü güzien / gidari zütüt ezarten.
Hona zure lehen lana / tratü baten prestatzea
Churchillekin aliantzaren / gisa horrez finkatzea.
Kanta
Emazteen gerla
Bizia sortzen, hazten, garbitzen, eta berotzen etxean
Iheslaria gorda sabaian, opila pausa labean
Presonerari koli bat igor, gizon lana har elgean
Xaharrak arta, haurrak eraiki, makiak haz bordaltean.
Emaztena da gerla xüme hau, kasik armarik gabea
Ezpiritüaz, arimaz eta sabelaren axolbeaz
Denborarekin goitüren dügü zezen beltzaren oldarra
Indar astoa higa dezagün gogo-bihotzen azkarraz.
Nork erranen dü plaza betean gure borroka torpea
Gure lan ülün eta barnoia, bazter et(a) esker gabea
Popülüaren erroa gira, gizona da zütabea
Bien artean ontsa parteka lili, frütak, poterea.
Arrapika
Gerla hau ere ürrentüko da, ekar dezala bakea
Züzenarekin bardintarzüna, botz emaiteko legea
Gerlan bezala, gerlatik landa, hor dagola emaztea
Mündü güzian bürüa libre, gizona bezain jentea.
Hitzak : J-L. D.
Müsika : J-L. Aramburu,Bidabe.
15. jelkaldia
1940ko agorrilaren (abuztuaren) 7an Londresen, Downing Streeteko 10.ean, lehen ministroaren egoitzan, jelki Wiston Churchill, de Gaulle, Cassin eta horien emazteak.
de Gaulle
Esker mila Churchill jauna / zure batzarri erneaz
Eta gure borrokari / ekarten düzün bermeaz.
Egiazko Frantzia gira / bien etsaiari bürüz
Petainek üko egin dü / eta Frantzia zatitü.
Churchill
Frantzia txütik behar dit / eta züekin hala da
Hitler horri bühürtzeko / dügün beti algar süsta.
Hona tratü horren zola / alkarlaneko gogoa
Eta bide xüxen hortan / algarri berme osoa.
Bretainia Handiak arren / bardineko adiskide
Sosez, armaz, gisa oroz / lagüntü nahi zütüe.
de Gaulle
Gure armada berria / züekilan esküz-eskü
Bien etsai güzien aitzi / güdükan sartüko dügü.
Frantziaren meneko dauden / lürrak dütügü zaintüko
Eta züenak halaber / gogorki defendatüko.
Cassin
Oraidanik eskertzen düt / züen bankako lagüngoa
Horri esker bizi beita / gurekila soldadoa.
16. jelkaldia
Orkestrak Nafarroako Ereserkiaren airea eman elkitzean eta ützültzean..
1941eko maiatzaren 17an Londresen, jelki René Cassin eta Manuel Irujo nafartarra : lehena « Conseil de Défense de l’Empire français » delakoaren izenean, bigerrena « Euskadiko Batzar Nagusia » delakoaren izenean. Honek Espainiako gerlaren ondotik kanpo joan den
euskal gobernu autonomoa ordezkatzen dü, Aguirre hürrünean izanez.
Cassin
Eskerrak adiskidea / Euskadiren lagüngoaz
Bai eta haste-hastetik / erakutsi süntengüaz.
Irujo
Süstengü hori berritü / nahi deiot de Gaulleri
Et(a) ahalaz emendatü / zerbait haboro ekarri.
Cassin
Popülü txipi batentzat / hanitx egiten düzüe
Eüskal güdari gazteak / gurekin haütü dirade.
Ordaiz hego eüskaldüna / frantses inperio güzian
Aterpetü nahi dügü / eta lagüntü nekezian.
Irujo
Amerikar Estatüetan / hedatü den eüskaldünak
Azkartü nahi lütüke / züekiko harremanak.
Euskadikoek hitzarmen bat / behar günüke züekin
Eüskal armada txipi bat / Ingalaterran sor dadin.
Printzipiozko baimena / de Gaullek eman diküzü
Eta lehen ofizierak / laster honartü gei ditizü.
Cassin
Eüskaldün armada baten / hedatzeko Ingalaterran
Churchillengana banoa / baimenaren eskatzera.
Churchillek ezetz erranen deie, Francoren neutro etxekitzeagatik.
Haatik eüskal batailu bat bildüko da 1945eko bedatsean Akitanian : parte hartüko dü Pointe de Graveko güdukan, eta de Gaullek Bordelen goretsiko dü garaipeneko ibilaldian, ikurriña agurtüz eta erranez : « Frantziak ez dü sekülan ahatzeko eüskaldünek harentzat egin düena.. »
Kanta
Jeiki zite herritarra !
Jeiki zite, herritarra, lotsaren ülünpetik
Etsaien aztaparretik argiaren hartzera
Libertatearen süiaz egünaren piztera
Goiz berri bat sor dezagün gaü horren sabeletik.
Aski gezür, aski laido, herri bat heben dago
Bere bihotzaren jabe, bere hizkuntzan mintzo
Bere gisan bizi beita, lür hau ez dü saltzeko
Altxa dezagün bürüa, hobitik elkitzeko.
Libra dezagün herria, libra jente bakoitxa
Oroz gainetik jentea dügün beti peretxa
Estatüak zain dezala behar düan bezala
Artzain honaren bidetik otsoa ken dezala.
Beste herririk badago, zapazaleen despit
Esküak eman algarri, algar süstenga beti
Güziak libra gitean, heben eta lürrean
Denek batean etsaia sar dezagün sarean.
Hitzak : J-L. D.
Müsika : J-L. Aramburu, Bidabe.
17. jelkaldia
1944eko arramaiatzaren (ekainaren) seia.. Sonüz eman Beethovenen V. Sinfoniaren hastapena .
Jelki aingürüak.
Aingürüek, aldizka
Heben Londres.
Gaüerdi ondoa da, arramaiatzaren seia.
Lo ez ziraienek beharria zabal ezazüe.
Hona mezü bat meteotik.
Aro gaitza dügü, denbora gaiztoa,
Itsasotik irazarria, aize beltza, euri azkarra eta kazkaburra.
Axolbean dena han egon dadila,
Kanpoan dena bertan aterpealat hel bedi !
Eta hona beste mezü bat.
Aingürü talde bat mintzoz
Les sanglots longs des violons de l’automne
Blessent mon cœur d’une langueur monotone.
Beste bi aingürü kantüz (airea : Oihaneko zühainetan).
Larrazkenez arrabitak heiagorra lüze hotza
Kornamüsaren hasperenean ebaki dereit bihotza (berriz).
Badoatza.
Saint-Lô hirian, Erich Marks aleman jenerala orano bülegoan dago.
Normandiako kartaren ikertzen ari da, etsaia nontik jinen zaion asmatü beharrez.
Verlaine poetaren bertseta entzün dü, harritürik.
Malür handi baten mezüa zaio.
Jeneralak leihoa zabaltzen dü.
Zelüa burrunbaz ari da, itsaso bazterra txilimistaz.
Armada bat horra da, lazgarrikoa !
18. jelkaldia
« Utah Beach » plaja kantüan, jelki aleman saldo bat, Erich Marks jeneral antinazi estropiata bürü. Begi bat eta zanko bat Errusiako borontean galdü zütüan. Etsaia horra dela borogatürik, bere soldadoak zotükarazten dütü.
Marks (kantüz)
Horra da mementoa
Jeiki soldadoa
Etsaia ez dük hürrün
Burrunbaz dük ezagün
Pitz arren kanua (bis).
Bonba bat horra bada
Ene ala hire
Bata badü ebaki
Bestea bedi jeiki
Irabazi arte (bis).
Heben galtzen badügü
Fini da gurea
Denek altxa bürüa
Eta kalit etsaia
Plaja bazterrean (bis).
Hitzak : J-L. D., Jon Miranderen « Banin (banüan) adiskide bat » gogoan.
Airea : aleman armadako ahaire zahar bat (1830).
Jelki Aliatüak : paraxütista-jauzkari gazte talde bat, 101. Airbornekoa,Taylor jenerala bürü.
Taylor (kantüz)
Güdüka handilako / hona tenorea
Lüzaz egü(rü)ki dügü / horren ohorea
Bakoitxa prestik dago / zeren lüzatzea ?
Ezin gira gibeltü / orai da jauztea (bis).
Zainak hon dütügüno / goatzan arren haurrak
Züen haidü(rü) dirade / hantxek herritarrak
Oro libra ditzala / züzenen oldarrak
Eta betiko suntsi / nazien indarrak (bis).
Hitzak : J-L. D. Airea : Goatzan mendirik mendi (Eusko Gaztedia).
Güdüka. Aliatüak garaile. Hilik amerikar bat eta Erich Marks aleman jenerala.
Beste alemanak ihes.
Kanta
Libertateari
Askatarzün ederra
Azkorrian izarra
Kartsüki sartzen gira
Zure sentoralean
Maitarzünez düzü josten
Ezpatak moztü düana
Jenteak haurridetzen
Zure hegalen pean.
Gain zohardian ekia
Alagera dabila
Zü bardin haurridea
Libertatearen bila.
Tiranoenganik libra
Beharrünanta lagünt
Esperantxa denentzat
Herio gaztigürik ez
Galdü dena bizi bedi
Denek dügün arrapika :
Ogendantari parka,
Presontegia zerra !
Algar besarkatüz denek
Mündüari potak eman
Algar etxek gainetan
Izar argia dügünek.
Hitzak : J-L. Davantek egokitürik, ütürria Fiedrich Schiller delarik,1785.
Müsika : Beethoven, 1824 (9. Sinfonia).Orai Europako himnoan ere egarten da.
19. jelkaldia
1948ko setemere-bürüilaren bian, Parisen, jelki Eleanor Roosevelt anderea eta René Cassin, hau libürü bat esküan..
Eleanor
Giza eskübideen alde / ageri horren hontzale
Batzordeko aitzindari / kargüa dit orai bete.
Haatik horren idazlea / zirriborroan zü zirade
Eta parka izan baniz / ausartziaren mügazale.
Cassin
Ageri hau ene ustez / dekalogo berritüa
Prefosta laikoa da / bena bardin sakratüa.
Jente oro ikus bedi / mündüko herritar trebe
Erresumaren gainetik / eskübide hoien jabe.
Estatüa ez da Jinko / jente bakoitxa da haütü
Zaintü behar dügü eta / oroz gainetik lagüntü.
Eleanor
Estatüaren heztea / ezin da klarki aipatü
Bena sinatü tratüa / bakoitxak bete behar dü.
Cassin
Estatüa behar dügü / arbitre-jüje bezala
Bena bazter batekila / jentea peretxa dezala.
Lür osoko jüstizia / sor dadila horren berme
Errespetazen ez düen / gobernüen beharzale.
Eleanor
Egün batez jinen düzü / agian lan honi esker
Haatik orai tratügei hau / saldü behar dügü dener.
Cassin
Eskerrak adiskidea / kontseilüen zühürtziaz
Eta izen handi batez / lan honen aterpetzeaz.
20. jelkaldia
Parisen, 1966 ürrentzean, Cassinen etxean, jelki René Cassin eta Piarres Charritton apeza.
Cassin
Boga, boga, mariñela, mariñela …
(Mintzatüz) - Azkenean eüskaldün bat heben ! Zoinen botzik nizan … Zer berri da Baionan ?
Charritton
Herritik horra nitzaizü / lagüngoa baten eske
Hegoaldetik jiniko / iheslari hoien alde.
Franko lüzaz gobernüak / hartü dütü arraheinki
Bena berriki hasi da / horien hürrüntzen bortizki.
Eskübideen idazlea / beitzirade mündüan
Iheslarien aterpea / berma dirozü Frantzian.
Cassin
Estatüak sinatzen dü / eta bertan hitza jaten
Epantxü zaion legea / behar ordüan (ordin) bazter üzten.
Arrano horren hegala / hein bat ahültü behar da
Lüma zonbait Europari / beste zonbait eskualdeka.
Eüskaldünen borroka hoi / Europaren alde doa
Europaren etsai beita / Estatüen nausigoa.
(Gero elestaz)
Eüskaldünetik ere badit, baiones hanitxek bezala. Neskatoak eüskaldün ginitizün, eta eüskara txipitik entzün dit etxen. Eüskal kantore andana badakit, bereziki « Boga, boga, mariñela ». Nahi düzüa biek eman dezagün ?
Charritton
Bai gogo honez !.
Boga, boga, mariñela, mariñela !
Joan behar dugu urrutira, urrutira
Bai Indietara, bai Indietara.
Ez dut, ez dut, ez dut nik ikusiko
Zure plai ederra, plai ederra
Agur, agur, agur, Donibaneko itsaso bazterra.
Mariñela, boga ! mariñela …La, la, la… Mariñela !
Hitzak eta müsika : herrikoak.
21. jelkaldia
1968ko abentüaren bederatzüan, Oslon jelki René Cassin,Olav V Norvegiako erregea, erregiña, Aase Lioanes andere parlamentaria eta beste jente zonbait .
Aase
Bakearen Nobel saria / gogotik emaiten deizüt
Jente güzien honetan / lan hanitx egin beitüzü.
Cassin
Eginbidea bete dit / oparirik ez dit hartze
Züzenbidezaleen alde / honartüren dit halere.
Züzenen berme handiena / abürü püblikoa da
Bakoitxak zaintü behar dü / mündüko herritar bezala.
Bakea hortik horra da / demokraziari esker
Arren opari eder hau / hel dakizüela güzier.
Aase
Egün zü zirade jauna / mündüko herritar lehena
Eta zure aholküa / nazioneentzat hoberena.
Cassin
Prometeo bezala, jentea tai gabe
Goiti ari nahi da, tiniala hel arte
Han haurridekila bat egin dezake
Bizia eman liro xede horren alt(h)e.
Azaroak ez daki norentzat den ari
Ez eta ereileak üztailaren berri
Gük ere zor deiogü bihia lürrari
Ondokoen honetan sor dezan hazkürri.
Ahairea : Alain Guimon.
22. jelkaldia
1976ko barantailaren 20an Parisen, jelki René Cassin,erizain eta bedeziak…
Cassin
Erizain eta barberak / bihotzez esker deizüet
Kontratüa fini beitüt / laster ütziko zütüet.
Zelüko bedeziari / ez düt auzi egiterik
Bizi lüzea ützi deit / lan ederrenez beterik.
Jelki aingürüak eta kanta :
Abrahamen seme hona / sar bedi bere pausüan
Sinain agertü legea / zügünki bete beitzüan,
Bai eta laikotürik / mündü osoan hedatü
Eskübideak argitüz / jente güzia lagüntü.
Jente bakoitxa eraikiz / legediaren tinian
Sakratü erakutsi dü / jinko honaren heinean.
Cassinen irakaspena / zabal dadila mündüan
Horrez boztario günüke / lürrean eta zelüan.
Ahairea : Battitta Berrogain.
Kanta
Cassin
Ene Jauna, Jinko Jauna
Zeren arren ützi naizü ?
Ni otoizka zuregana
Bena zü gor eta mütü.
Saintüa zütügü alta
Israelen Jaun gorena
Haren deia entzün eta
Hura libratü züana.
Ni aldiz harra bezala
Jenteak nai mespretxatzen
Jaunaz ere da trüfatzen
Erranez : « eraik dezala ! »
Azkenean entzün naizü
Eta galtzetik altxatü
Lehoaren züntzürretik
Zezenaren adarretik.
Kantatüko zütüt beti
Haurrideen aitzinean.
Jüstizia bizi bedi
Ondokoen bihotzean.
Ahairea : azken otoitzeko üsatüa.
Azken perediküa
Frantziak ohoratzen dü / Panteonean etzanez
Et(a) eüskaldünek Sohütan / trajeria bat emanez.
Hainbeste hon egin züan / dener mündü zabalean
Jenten züzenak ereinez / lege ünibertsalean.
Erresuma hanitxetan / ez beitira honartürik
Borroka franko badago / popülüetan piztürik.
Elkibide hoberena / demokrazian da hazi
Horrekin bake züzena / tirano güzien aitzi.
Kültüren hanixtarzüna / zer estakürü okerra
Diferentzien gainetik / jentea beti jente da.
Herri aberatsetan ere / zer egina bada beti
Orano tortüratzen da / mündü zabalean gainti.
Genozidak ari dira / franko lekütan isilka
Et(a) emazte hanitxentzat / bardintarzüna hürrün da.
Mündüa bat egiten da / salerospen eta sosez
Halaber egin dadila / jüstiziaz eta dretez.
Hori da René Cassinek / eman deigün helbürüa
Bide hortarik agian / horra da mündü berria.
Esperantxa handi hortan / laster ütziko zütüegü
Et(a) eskerrik hoberenak / bihotzetik dereitzüegü.
Bakearen bidea
Aingürü, satan, kiristi, türkeria
Aspaldian bizi dramatürjia,
Ütz Pastoralari urdin (e)ta gorria.
Bikuntarzünak eman trajeria,
Idazten gizonen historia.
Filosofo argitü, bakezale
Fededün edo korpitz geinazale
Eretzean aldiz genozida pizle
Kiristien edo gorrien alde
Gizona da usteberezi hüme.
Egünko haurra biharko gizona,
Zonbaitek ez üken jakitatea
Utsütarzün honek gaizten zaurria,
Berpizten gerla, bere deiadarra,
Auzirik gabe ürratzen arima.
Arrapika
Giza eskübidek ez düe sekülan
Lekü handirik gure historian
Bakezaleak ere izan badira
Gerlakoak dütügü ohorean
Jeiki Cassin, Lüther King, Gandhi
Türmentean dügü berriz gizaldi
Agian gure jeiak zabaltüko mezüa
Bakoitxak orit etxek bakearen bidea!
Hamalaueko gerla zen isiltü
Odol mainüz gizonak ziren greütü
Miliuka haur behar üken lürpetü
Bi Hamarkada, ondokoa piztü
Ahatzerik ehoka, günüala goitü.
Igaran mentea, hilgarriena
Nolakoa dükegü oraikoa ?
Amerika, Afrika, Asia, Europa,
Ote, Testamentüko lau zaldünak ?
Ote, gizadiaren argizainak ?
Hitzak : B.Berrogain eta J-L. Aramburu.
Ahairea : Jean-Charles Sans.