Sélectionnez votre langue

afitxa-santa-engrazi

 

Junes Casenave Harigile

LEHEN PEREDIKÜA


Agur, züer, jente honak,
hor jinik Santa Grazira.
Arte goxo bat züeki
igaraiteko prest gira.

Egün gük Santa Engrazi
aipatüko deizüegü,
Heben haren trajeria
nahi beitügü eskentü.

Zonbaitek sorrarazten düe
Luzitanian, Brakaran;
Beste zonbaiteki, aldiz,
uste dügü Saragoizan.

Hürrün behar dügü joan
laugerren mentealano.
Zer izan den ez da erres
jakitea guretako

Üken züan bizitzea
llabür eta hunkigarri,
Eta oinaze gaitzetan
hiltzea ere lazgarri.

Erroman, Maximiliano
beitzagon enperadore,
Saragozan, Daziano
züan bürüzagi orde.

Biek kirixtier kontre
egiten züen goitzarren,
Ixurten haien odola,
zauriz beterik ehaiten.

Gure Engraziren aita
denek Errege ttipia
Mirespenez deitzen züen,
beitzüan itzal handia.

Senargei haütatü zeion
Rusilloneko duke bat;
Engrazi, haren alaba,
abiatü zen harat.

Boto eginik beitzüan
ezkongabe egoitea,
Jinkoaren esküetan
erabaki züan jartea.

Aitonen semeek züen
lagüntzen bere bidean;
Hamazortzi gazte ziren
joaiten haren ber xedean.

Joan zen bihotza azkar
Dazianoren etxera,
Bere herra bazter lezan,
otoiez, galtatzera.

Bürüzagiak, ordüan,
erabakia hartu eta,
Ehoarazi zütüan
gazteak, arrunt arrunta.

Bai Engraziren aldia
jin zen berantxeago;
Soldadoer erran zeien
hura abreki lezaen jo.

Azotekatürik, txainkü,
baraxtü zeion ürratsa;
Oso odolüritürik
eman züan azken hatsa.

Gureki düzüe, orai,
trajeria hori biziko;
Gero gogoan düzüe
gük bezala etxekiko.

 

 


1.Jelkaldia

Jelki Satan eta Zankagorri, eskelerak gora

Satan
Maximiano diagü
zerbütxari hoberena:
Kirixtier dik egiten
erresuman, goitzarren.

Zankagorri
Daziano dizü mitil,
egiten beitü manatüa;
Haien bila badoazü,
bihotza sorraiotüa.

Badakit, zure aldetik,
botzik zirade, zü, Satan,
ltsuskeria ikusiz,
jauzka hasten zira bertan.

Satan
Zankagorri, mitil hona,
debrü handia hiz heben:
Ari hiz, hihaur, orotan,
nahaskeriaren jarten.

Zankagorri
Bena ene lana düzü
ikustea non den ahül,
Hura eroraraz eta
zureganat nadin ützül.

Satan
Gure borroka güzia
behar diagü irabazi;
Lixtafin hizanareki
nahi diat eman bi jauzi.

Biak dantza ; joan


2. Jelkaldia

Jelki Engrazi, aita eta ama, Luisa,Xexili, Laurentx, Lupertze, Publio, Matutino, Fauze esküin


Engrazi
Ene aitama maiteak,
zoin goxoki giren etxen!
Züen maitarzün eztiak
bailakatürik niz heben.

Ama
Zü zirade guretako
ürre ederren bakoitxa;
Guri so gozatzen düzü,
arren, zure begi beltxa.

Aita
Gük zernahi galteginik,
behatzen gitzaizü beti.
Ene haurra, izan zite,
orano hobe jagoiti.

Engrazi
Ez neikezüe eman nahi
arrankürarik batere,
Maitagarri izan nadin
züekilan gero ere.

Ama
Orotan gogor dütüzü
bizi dütügün egünak;
Zer ez dü egarten, orai,
üngürüan, jente honak!

Aita
Ikasi dizügü, gük ja,
behar dügüla bühürtü,
Nekezier bürü eman,
güzieki arrolatü.

Oro joan


3.Jelkaldia

Jeiki aita, ama, esküin


Aita
Engrazi heltürik dügü
adin ederreneala:
Ordü düzü ohar dadin
ezkontü behar düala.

Ama
Badizü bai aspaldixko
gogoan düdala hori:
Gure haurrak ez dütüzü
gureki egonen beti.

Aita
Merexi düan gaztea
Rusilloneko herrian,
Aitonen seme bat dena
uste dit ediren düdan.

Ama
Ezkontze haütüa date,
Engrazi beitate irus.
Alaba hau dizügü hon,
hüilanik ere ez handius.

Jelki Engrazi esküin

Engrazi
Ari zirae hor biak
algarrekilan berrikan.
Aldiz, ene lagüneki
nundüzün ni papaitakan;

Aita, Seme eta Gogo:
hor dira hiru persona;
Haatik, ez dira berez:
Zer da? Errazüe hona!

Hiru persona horik
bat dira orotan,
Jinko bakoitx bat beitira,
egiaz lotürik betan.

Ama
Haurra! Zure erranetan
balükezü mixterio!
Beha, orai, zer dion aitak,
zure honetan bai oro.

Aita
Zühaurk dakizün bezala,
ebili nüzü Rusillonen;
Zertako han izan nizan
berala düzü jakinen.

Neskatila ekintü bat
zirade orai, Engrazi;
Prefosta, badakizügü,
ez zintake heben bizi.

Hiri hartara joan eta
mintzatü dit han dukea;
Arren, hitzartü gütüzü
zirateala haren emaztea.

Engrazi
Ama, aita, diozüet,
banizün beste xederik;
Bena alaba bezala,
zuen hitzeko niz botzik.

Hona, arren, züen ixilik
kirixti egin nizala;
Jinkoari nüzü emana,
birjina apal apala.

Aita
Senargeiaren etxerat
zoaza lehen beno lehen,
Hamazortzi Aiton seme
dütüzü zureki joanen.

Besarka; oro joan


4. Jelkaldia

Jeiki Engrazi esküin eta aingïirüak erditik

Aingürüek kanta

Gure Engrazi maitea,
ez, otoi, üken beldürik.
Jinkoaren esküetan,
zira., bai hilik bai bizirik.

Gain hartarik entzün dizü:
egin düzün dei auhena;
Honartzen dizü betikoz
zirateala harena.

Engrazi maite maitea.
abia zite bidean.
Odola iaurriko düzü
adixkideen artean.

Oro joan

Kanta: Zühaitzean eraiki dü

Zühaitzean eraiki dü hegaixtiak egongia.
Axolbean gordatzen dü bere hümeen logia,
Adarren zaingoan beitu parpin_atzen habia,
Alde gainean ostoek barreiatzen ebia.

Amarekilan batean dago txori ttipia.
Han düe batek besteek igaraiten bizia.
Egün batez ükenen düe joaiteko lehia,
Ikusten dügü bakoitxa hartzen bere gaintia.

Gühauek ere badügü zorihonez etxea.
Kanpotik sartzean dügü edireiten barnea,
Eta egünaz einerik gozatzen ohatzea.
Orok: aita, ama, haurrek bakoitxak dü berea.

Egoiliarren lokarri, egiaz maitarzüna;
Algarreki bizitzea, hori bai hontarzüna!
Eta zoin aberats dügün bihotzen batarzüna!
Ordüan llabür joaiten zaizgü bai gaüa bai egüna.


5. Jelkaldia

Jelki Maximiano enperadorea, Daziano Saragoizeko bürüzagia, Klaudio, Renaldo,Kupertino,Balerio,Alfonzo,
Balentino esker


Maximiano
Ene jinkotarzünari
eta indarrari esker,
Ekarrarazi zütüet
bi hitz erran nahiz züer.

Daziano
Mündü güzian, güziak
dütüzü biziarazten;
Zure menpeko gütüzü
gü, heben botzik egoiten.

Klaudio
Gük, aldiz, züen manüak
behar ditizügü bete,
Züen erranen arabera,
gure lanak bürütü arte.

Renaldo
Gure gezi püntak, arren,
ditizügü tzorroztüko,
Gure ezpaten mihiak
bizar nabela leintüko.

Kupertino
Gü abiatü ordüko,
ez da ihor oldartüren;
Bestelan ahamen txar batez,
zale ditizügü iresten.

Daziano
Enperadore handia,
hor diren ehüntariak
Ontsa entzün ditizügü;
haütü dütüe güdariak.

Maximiano
Daziano, zure bizkar
üzten dit ene ahala;
Behar den erabakia
har ezazü, oi! Berala.

Kirixti kente hori da
orai etsai handiena.
Erroma inperioa
dükezü bertan haiena.

Arren, has zitee joiten,
arrunt, izaririk gabe:
Eman ezazüe azkar,
denak oro eho arte.

Oro joan

6. Jelkaldia

Jelki Engrazi eta haren Aitonen seine hamazortzi lagünak, Optat, Luperko, Sukzeze, Urbano, Julio, Kintiliano, Publio, Fronton, Felix, Zeziliano, esküin.

Engrazi
Ene adixkide honak,
zor deizüet esker handi.
Hanitx lagüntü naüzüe,
baztertüz bide okerrak.

Optat
Bena, Engrazi gaixoa,
egin dügü behar dena;
Hola ari düzü beti,
gü bezala, sinesdüna.

Luperko
Jinkoatan dizügü orok
üken gure sinestea.
Ez dezakegü, arren,
ütz gure eginbidea.

Sukzeze
Aitonen seme izanez,
gük zütügü begiratzen;
Gure esküetan beita,
gük, zure bizia zaintzen.

Urbano
Eta zin egin beitügü,
ez genakike hitza jan;
Arren, oro prest gütüzü
abiatzeko borrokan.

Julio
Gure Errege ttipia,
zure aita, züzen beita,
Hartarik dizügü denek
biltzen dügün albidata.

Kintiliano
Orotara hedatzen da
Dazianoren ahala:
Ez gütü behar ediren,
ez eta gure itzala.

Publio
Hebenko bideak gainti,
ari gütüzü zühürki.
Bidajea izan dadin
bürütürik arraheinki.

Fronton
Zer ere agit baledi,
eginen dügü heltüra.
Azkenean, behar bada,
joanen gütüzü hiltzera.

Felix
Haatik, oraiartino.
etsaiaren aztaparrak
Ezin gitizü atzaman:
gük Jinkoari eskerrak.

Engrazi
Egiazki lagün honak
zirae beti enetako;
Nekeak ükenik ere
ez zigüzü nausitüko.

Zeziliano
Behar bada, zurekilan,
izanen gira jakile,
Odol ixurtealano
goitzarren gogor egarle.

Oro joan


7. Jelkaldia

Jelki Engrazi, Ebenze, Primitibo, Opodemio, Kazio, Fauze, Matutino, Bixintxo, Marzial,Zeziliano,Laurentx,Elisabete,esküin

Ebenze
Zer itsuskeriak diren
gük ikusi dütügünak:
Abreki puzkakatürik
gure kirixti lagünak.

Primitibo
Biltzen ditizüe, arren,
karriketan hamarnazka;
Han, soldado basatiek,
ordi, egiten ehoka.

Opodemio
Hürrüntxeago bazüzün
bildürik jente zionea,
Oihü eta keinü handiz,
deitzen ehaile taldea.

Kazio
Eta zilonka batetan,
lehoak orruaz ari;
Han ziren, sabela hütsik,
leitak ahotik ageri.

Fauze
Hara urtukitzen zütüen
gizon eta emazteak,
Prefosta oro kirixti,
üdüri abar haxeak.

Matutino
Ni ja harritürik nago!
agertzen züen indarra!
Zelüalat so zütüzün
kantatüz, hantüz bularra.

Marzial
Eta haieki batean,
bazütüzün ere haurrak,
Begitartean, ageri,
distirant barneko karrak.

Engrazi
Hori oro sobera da :
nola, arren, nik egari;
Erranen ditzaot gaizkiak,
aitzinean, begiz begi.

Bixintxo
Zurekilan gütükezü
zure hara lagüntzeko.
Ez dizügü ez ahazten
hor girela zure zaintzeko.
Oro joan


Kanta: Gizona bada okerra

Gizona bada okerra,
Oro badü leherra,
Sortzen zaio güzien herra,
Eta indar gosea.
Nahi dü ere diharüz asea.

Bera beitago handia,
Bestea da ttipia,
Beretako dezan balia.
Ari zaio gogoa
Jarri nahiz hotza eta gaixtoa.

Pizten dü bortizkeria
Eta izikeria,
Agertüz handiuskeria.
Zertan da maitatzea?
Nahiago dü asmatü ehaitea.

Orohar, da bürüngürü
Nola oldar haidürü
Bai eta dena mesperetxü
Üken beza nahia
Nausi dadin egiazki bizia

8. Jelkaldia

Jeiki Satan eta Zankagorri

Zankagorri
Engrazi eta lagünek
badizüe bai berkokü.
Belzkerien salatzeko
Dazianorengana doatzü

Satan
Engrazi neskatila dük
oso osoa amesdüna;
Ez dakiat zer harrek
gillikatzen deion hüna.

Bena gü egon gitean,
gure gaintitik, iratzarri,
Dazianoren bürüan
behar diagü herra jarri.

Zankagorri
Badakizü, bai, zük, Satan,
hortarako nola planta;
Zer nola joka deneki,
jarraik zaizgüen, goaita.

Dantza ; joan

9. Jelkaldia

Jelki Engrazi, Ainez, Sukzeze,Luperko,Xexili,Felix, Opodemio,Kazio,esküin; Daziano Luziano, Balentino, Balerio,Renaldo,Oneximo,Turibio, Maximiano exker

Engrazi
Nahi nüke elestatü
Daziano bürüzagia.
Jin nüzü lagünekilan,
heben beitü egongia

Luziano, Dazianori

Hortxe, neskatila hori
zureki mintzatü nahiz.
Zük erranen egiteko
zure mitil apala niz.

Balentino
Udüri zitazü eni
horik nonbait ikusirik;
Izan behar dizüe zük
joiten dütüzün hetarik.

Balerio
Bera eta horko horik
dütüzü denak kirixti;
Holakoen bila beikira,
agertzen dira hor gainti.

Daziano
Nitarik, otean, haurra,
zer nahi düzü, ontsala?
Mintza zite hor berean,
jakin dezadan berala.

Engrazi
Ezagützen naüen denek
deitzen nizüe Engrazi,
Entzün düzün arabera,
aspaldidanik kirixti.

Gaüza bat deizüt erranen
nonahik ere beitaki:
Zure gizonek orotan
erabilten gütüe gaizki.

Egiazko Jinkoatan dügü
gük ezarten sinestea.
Jaunak erakatsi deigü
maitarzünaren legea.

Jesüs, gizon egin hura
izan da kürütxitzatü.
Jinko ahala beitzüan,
hiletarik düzü piztü.

Daziano
Horri beha egon eta
ez niza kirixtitüko?
Aski entzünik badügü;
aiza ezazüe kanpo.

Oro joan

Sar Engrazi , erditan jar eta kanta

Ene Jinko Jauna,
Zurea beiniz dena,
Eman deitazü indarra,
Lehoarengana joaiteko,
Astobeltxarenak erraiteko,
Agertüz bihotzeko garra.
Nitzaz egizü nahi düzüna,
Begira dezadan egin zina.
Ixur dezadan odola,
Eman behar düdan ahala.

Joan

10. Jelkaldia

Jelki Amaia, Agata, Matilda, Madalen, Julita, Klara, Arrosa, DeIfina,Margarita,Adelina, exker

Agata
Ikusi ote düzüe
neskati1a Engrazia,
Dazianogana joan dün
ustez dela hezehia.

Matilda
Behar düala lehoak
eztitü eta amontü,
Kirixtiak ez haboro
goitzarrenez tzarrastatü.

Madalen
Nahi zin_an Daziano
sinesteala ekarri,
Jinkoaren zerbütxüko
berak beitirade jarri.

Julita
Sinestea ez dakin_at
zoin den gaüza nahasia,
Jesüs delako bat dela
mündü hontara jaitsia.

Klara
Jinko Seme, izan dela
halere kürütxitzatü;
Jakileek dioela
hiletarik dela piztü.

Arrosa
Gük, aldiz, behar din_agü
horri hüilantik jarraiki.
Idoloek gitin_e gü
biziarazten, segürki

Delfina
Galtzen balin badütügü,
ez din_agü ere lanik;
Zeren ela hontarzünak
beitütügü haienganik.

Adelina
Adixkideak, ez, otoi,
lotsarik batere üken;
Daziano eta lagünak
ez dira eküratüren.

Amaia
Neskatila txarroi balek
legea eginen ez din,
Nahiz eta hühüz ari,
üdüri düan bürüzkin.

Oro joan


Kanta: Noiz ote düket bake osoa.

Errepika
Noiz ote düket bake osoa,
Botzik han dezadan oraikoa,
Batikorki egürük geroa,
Beti galdü gabe ene loa.

Jentea aisa da erreüs:
Hanitxetan behar da ezdeüs.
Bai eta bizitzeari bürüz
Nekeak badoatza handitüz.

Orotarik badügü gaintika:
Bada osagarriaren kezka
Eta joaldi hanitxen kaska,
Edo gira gaixtoaren bazka.

Joiten dü diharüaren mentsak
Eta eritarzünaren lotsak,
Eta destorbüaren ürratsak.
Hüts dirade geroko ametsak.

Nahi badüt bildü ene üzta,
Nizan nihauri dezadan galta.
Ene bihotza lehenik arta,
Kantüko lagüna ere maita.

11. Jelkaldia

Jeiki Bonifazio, Joanes, Paule, Petiri, Modesto, Laurentx,Primitibo,Lupertze, esküin; Daziano, Turibio,
Alfonso, Onesimo, Adriano, Marzelo, Katulo, Kupertino exker

Daziano
Ene güdülari honak,
egün joaldi berri bat
Orano hasiko dügü:
üken güziek albidat.

Turibio
Zure zerbütxari haütü
gütüzü gü betidanik;
Egürükitzen dizügü
erabaki zureganik.

Bonifazio
Ez dizügü, kirixtiek,
sekülan gaixkirik egin.
Ezagütüko dügüa
bizian bakerik behin?

Alfonso
To! To! Entzüten diagü;
oi! Hire bürüazpia!
Uste düka gure goitzea?
ükenen dük erauntsia.

Joanes
Züen alteko dütüzüe
mehatsü eta indarrak;
Gük, aldiz, horien kontre
biltzen bihotzeko karrak.

Onesimo
Ixilik ago, ezdeüsa,
eta hortxe egon ttatit;
Hitz ederrek ez gitie
gibelaraziko etxit.

Paule
Halere jakin behar dük
nahi dügüla batarzüna,
Gure bizitzeko orotan
ezarteko maitarzüna.

Petiri
Maitarzün hori, bestalde,
ez diagü zokoalatzen,
Bena bai beti zabaltzen
eta etsaiak maitatzen.

Adriano
Hau diagü hau, pittoliata,
guri bürüz arrazua!
Zer menskeriak dütük hor:
ixil ezak arraprua!

Modesto
Ez dütük ez ele hütsak
hor erraiten dütügünak.
Horien bidez ditiagü
gük hasperritzen gure egünak.

Marzelo
Bai, segür, entzüten haigü:
horik dütük hitz ederrak!
Bena gure herrietan
irauzten ditie bazterrak.

Laurentx
Taigabe züer deizüegü
eskatzen libertatea!
Zeren eta hori gabe
ez dük ükenen bakea.

Katulo
Hau diagü hau entzüten:
orano libertatea!
Lehen lehenik zerbütxa
gure enperadorea.

Daziano
Arren, haren izenean,
eman gogorki gizonak!
Horien hobekiago,
traukatzeko, elk azkonak.

Güdüka egin. Gorri bat eho. Kirixti bat eho, besteak zauritürik. Oro joan; gorriek zauritüak eraman. Satanek gorri hila ziloalat. Kirixtiek hila karkanoetan eraman.


12. Jelkaldia

Jelki Daziano, Klaudio, Kupertino, Luziano, Adriano, Renaldo, Marzelo, Katulo exker

Adriano
Hor gainti neskatila bat
badük, deitürik Engrazi.
Gaizki hanitx erraiteko
mihia dik franko bizi.

Klaudio
Badakigü heben dela
bere gazte lagüneki.
Ez dügü bixtatik galtzen;
oro dütüzü kirixti.

Daziano
Kexü gorrian nizala,
ikusten düzüe orai.
Ezpataz jo banü pürü
neskatila txarni hori!

Kupertino
Ez düzü ez berantegi
gaüzen ontsa egiteko.
Gü, zure zerbütxariak,
prest gütüzü ehaiteko.

Luziano
Holako jente tzarrer
hiltzea züezü bai zor;
Güzien ezeztatzeko,
ez gütüzü aski gogor.

Adriano
Behar dizügu berala
zerbait abiatzen hasi,
Ez ditean hiri hontan
kirixtiak izan nausi.

Daziano
Manatzen deizüet, arren,
har ditzatzüen berala.
Azotez eta makilaz,
jo zazüe, egin ahala.

Jo! Ez ditean hebentik
gure esküetarik gal.
Üngürüne horietan
badüe sobera itzal
.
Luziano
Badakizügü bai, ontsa
oro non egoiten diren.
Arren, joanen gira arrunt
eta honaxe bildüren.

Daziano
Engrazi, aldiz, har zazüe
eta gisa oroz tzista.
Zauritzeko, ürratzeko,
erabil züen ezpata.

Zaldi büztanari lotü
eta herresta eraman.
Motz itzaotzüe bularrak,
urtuk, gero holaxe, han.

Oro joan


13. Jelkaldia

Jeiki Satan eta Zankagorri, exker

Zankagorri
Zapakeria jarri düe
gero eta gehiago.
Alagera zira, Satan,
Engrazi düelakoz jo.

Satan
Bai, bai, aitzinetik segür
neskatila ederra züian.
Orai, zankoak herresta,
agertzen dük karriketan.

Zankagorri
Aldi hontan, kirixtiek
üken dizüe joaldi.
Holakorik ez ginizün
kausitü badü aspaldi.

Satan
Bena Engrazik ez dik ez
orano üko egiten.
Ordüan, ari gitean
bazterren ontsa nahasten.

Dantza. .Joan


14. Artzainen kantorea

Kanta: Lürpealatzen da azia

Lürpealatzen da azia;
Hantik bertan dago elkia.
Hürrüpatüko dü ekia.
Parpin_atüko da lilia
Eta arpatüren bihia.
lratzar bedi izadia,
Nasai sortüko da bizia

Sogizü gora mendia
Bazkaz berdatzen da tinia.
Lürreala jin da ebia,
Agertü ere zohardia.
Popülkatü da hegaixtia.
Iratzar bedi izadia,
Nasai sortüko da bizia.

Haurttoak etxen dü habia,
Aita ameki familia.
Zabal zabala dü begia.
Naiaka sartzen zaio argia,
Pizten ere jakin nahia.
Iratzar bedi izadia,
Nasai sortüko da bizia.

15. Jelkaldia

Jelki Engrazi zauritürik, Optat, Urbano, Publio, Opodemio, Kasio, Luperko, Maddi, Ainez, Goizeder, Fauze, eskuin

Optat
Zer heinean ezarririk
ützi zütüen, Engrazi!
Eta, halere, hor zira
gureki, orano bizi.

Urbano
Lehoak aztapar kaldüz,
lahardekatü zütü.
Ez zira ez haren kontre
iholaz ere bühürtü.

Publio
Jauntsi düzün zaia hori
züzün xuri eta eder.
Txarpa odoltsü bezala
eramaiten düzü terter.

Opodemio
Zure zain gütüzü heben;
deüs ez dezakegü egin;
Ata uste ginizün bai,
Daziano tzarrak jo aitzin.

Kasio
Gühauentako gütüzü
ere zerbaiten haidürü.
Zük düzün ber indar gaitza
üken bageneza pürü.

Engrazi
Banakizün aitzinara
zer agitüko zeitadan:
Jinkoari emanik beiniz
ez nüzü ezkontzekotan.

Urbano
Argiki erran zeneigün
bai zer zen zure xedea:
Behar zünüala hola
aitortü zure fedea.

Engrazi
Ene aita amer ere
agertü niezün hori,
Oso emanik nizala
zelüko Jaun Jinkoari.

Ene aita ama honak,
hau haientako zer mina!
Ez zezakeen ez asma
norat zoan ene zina.

Ni hil bezain sarri,
zoazte haier erraitera
Bier jauzten nitzaela
lehiaz besarkatzera.

Oro joan

16. Jelkaldia

Jelki Kintiliano, Felix, Primitibo, Fronton, Lupertze, Bixintxo, Laurentx, Kazio,esküin. Daziano, Klaudio, Luziano, Balerio, Turibio, Adriano, Maximiano, Balentino exker.

Daziano
Ea, Aitonen seme horik,
hor gira, bürüz bürü;
Gü, aspaldixkoan ginen
memento horren haidürü.

Klaudio
Zernahi ikusi dügü
horien edireiteko.
Badütüe salazaleak
xokoetan gordatzeko.

Kintiliano
Gure ondotik zirae
gü denak eho beharrez;
Zonbat ez dügü lagüntü
otoitzez eta nigarrez.

Luziano
Horiek denek ez düe
üken zor zaiena baizik;
Ez düzüe züek ekarten
nahaskeriaz besterik.

Felix
Beti galtegiten dügü
bizi gitean goxoki,
Gure ürrats güzietan,
ebilteko algarreki.

Balerio
Jesüs delako bat düzüe
bazterretan oihüstatzen,
Gure jinkoen gürtzea
tenploetan ezeztatzen.

Fronton
Ez dezakegü ixil
emanik zaigün egia;
Nornahi izanik ere
argitzen deigü bizia.

Turibio
Hau diagü! Zer deigük erran:
züek ez besteak bezala?
Gü ülünpetan ebilten,
züek joaiten argiala!

Lupertze
Gü güziak heben gira,
Engrazi haren lagünak.
Gure zaingoan jarri dü,
arren, haren aita honak.

Adriano
Ez diagü entzün beharrik;
üken dik bai zor zaiona.
Züen aldian gozatüko
düzüe ber zorihona!

Daziano
Uste diat ez düala ez
Engrazik egari aski.
Arruntaz har ezazüe,
eta bi titiak elki.

Ene lagün bihoztoiak,
jo! Jo! Horko horik oro.
Bat ere ez dadin bizi
ene aitzinean eho.

Ezar izatzüe nahas
beste gaixkigilekilan;
Gero erraraz itzazüe:
den herexarik ez ütz han.

Bixintxo
Ezagützen dizügü bai
gük, langile hoberena.
Jarri dütü zelü lürrak.
oro harek dü egina.

Mündüaren mekanika
ez da üdüriz okertzen.
Bere zühürtze handiaz,
xüxen xüxena dü zaintzen.

Güdüka. Engraziren lagünak oro eho. Eraman erraraztera.

17. Jelkaldia

Jeiki Engrazi zauritürik, Bonifazio, Modesto, Joanes, Paule,Sukzeze,Luisa,Irena,Xexili,Elisabete Prudenzio apezküpüa

Engrazi
Botzik niz, heben beitzira,
ene Jaun Apezküpüa.
Badakizügü zoinen den
hüilan gure ürrentbürüa.

Prudenzio
Gure artean nork ez daki
züen güzien nahia.
Zeren ez zirae lotsa
galtzen badüzüe bizia.

Bonifazio
Engrazik bazitizün ba
aiton seme zaintzaleak.
Potiko horik ez dütü
beldürtü tzarki hiltzeak.

Joanes
Süan tzokartü ditizü
Dazianok horik oro.
Uste zizün herexarik
ez zateala haboro.

Paule
Güziek ikusi dügü
oi! Bena harrigarria!
Gainti bat hautsak beltz beltza,
beste bat xuri xuria.

Modesto
Denek ezagütü dütüe
lehenak gaixtaginenak
Eta, berez ezarriak,
besteak, kirixtienak.

Bonifazio
Ixilik egoiten beita,
so egizü Engraziri,
Ikusten düzün bezala,
oro odol eta zauri.,

Engrazi
Jaun ene fede lagünak,
ez nitzaz hola axola.
Jinkoari eman nintzan;
eskentü niozün odola.

Hil hoientako otoitz bat
egin dezagün kartsüki.
Zelüan direla jada
jakinik ere, laxüki.

Prudenzio
Hil horik zure esküetan
üzten ditizügü orai,
Zelüko Jinko bakoitxa,
ditean betikoz bizi.

Laurri düen odolak
ekar dezala bakea,
Mündü hontarik ere elk
egarten dügün nekea.

Benedika; oro joan

Kanta: Aipatzen dügü hanitxetan

Aipatzen dügü, hanitxetan,
Oker badoala mündüa.
Bakoitxak ez ote dügüa
Gure ogen partea hortan?

Han hor bada gerla itsusi,
Bazterretan hanitx gosete,
Jenteen gaizki erabilte,
Itsuskeria, behargorri.

Zoritxarrez nausitarzünak
Dütü sorrarazten min horik.
Ez dadin izan holakorik,
Deiak izan bite entzünak.

Gizonaren gorentarzüna
Izan bedi denen tirria;
Bazter ütziz berkoizkeria,
Moldatüko da mündü hona.

18. Jelkaldia

Jelki Lüxi, Goizeder, Jana, Ainez, Irena, Luisa, Xexili, Eder, Maddi, Elisabete esküin

Lüxi
Zer bazterreala ez da
jokatü abrekeria!
Dazianok, heben gainti,
egiten dü tzarkeria.

Goizeder
Mente honen hatsarrean,
abioan den sinesteak,
Erromako inperioan,
egarten dütü nekeak.

Jana
Batere bihotzik gabe,
eho düe gazte saldoa;
Hoiek zelüalat bürüz züen
ützülirik beren soa.

Ainez
Bürüak moztü ditzezü,
Herrokan, axkolta kaldüz,
Errarazi beno lehen,
gar gorietan xixpiltüz.

Irena
Dazianok gogoan dizü
lüzaz joitea Engrazi.
Gaixo neskatila hori
erdi hilik düzü bizi.

Luisa
Atxeirü azüzkülüez,
diozüe larrüa ürratü,
Exker bularra pikatüz,
bihotza ere zabaltü.

Xexili
Halere, zauriek janik,
agertzen düzü karrikan,
Bakoitxari, ele batez,
nahi beitü indar eman.

Lüxi
Eta taigabe bürüan
ditizü bere lagünak,
Harentako beitira
izan aurride hobenak.

Elisabete
Gure gaintitik zer egin,
gorderik bizi beikira?
Ez dizü nahi bizia
ezar dezagün galtzera.

Oro joan


19. Jelkaldia

Jelki Ximena, Maitena, Monica, Maider, Gabi, Lilia, Xaxi, Katixa, Izar, Eleder, exker

Xaxi
Egiten din lan ederrik
enperadore handiak,
Bazter orotan beitütü
sarraskiten kirixtiak

Katixa
Heben, aldiz, Dazianok
bürützen din ehoka!
Gizon eta emazteak
ehaiten ditin saldoka.

Ximena
Behar din aitzina eman
denak eho ez dütüano.
Holako urde hikarik
bizi ez dadin haboro.

Izar
Ez ditin_agü ez denak
hüilanik ere ikusten,
Zeren eta bizi dütün
ixilean, beren etxen.

Lilia
Dazianok, eho güziak
ditin arrunt errarazi.
Gisala, hauts beltzetarik
xuriak dütün berezi.

Eleder
Badin_e halako gaüza!
Zer den abil jakitera!
Badakin_at haizü dütün
mixterio erraitera.

Maider
Engrazi, karrikak gainti,
ebilten dün, oro odol;
Zer agitzen ahal zaion
ez dün ez batere axol.

Maitena
Dazianoren etxean
agertü dün oso hühü;
Zor zaiona baizik ez din!
bürüzagiak din hügü.

Oro joan

Kanta: Eman dü azken hatsa

Eman dü azken hatsa.
Haren galtzean hona hiltzea.
Latz zaigü haren mentsa.
Lagüntzen beitü gure ürratsa,
Bat da hatsa eta bizitzea.

Bada haren beharra,
Ez balin bada ere ageri.
Hona haren indarra:
Joaiten delarik dügü bazterra.
Haren bidez gira zerbait ari.

Badü ixiltarzüna
Bena mintzo zaigü, beita nausi:
Gük har apaltarzüna.
Güziekiko bardintarzüna
Hareki behar dügü ikasi.

20. Jelkaldia

Jelki Engrazi, Jana, Irena, Lüxi, Eder, Luisa, Maddi, Goizeder, esküin

Engrazi
Oi! Adixkide maiteak,
sogizüe zer plantan nizan!
Zauriek janik bezala,
haidürü Jaunak har nezan.

Jana
Bena zure ahal oroz
begiratzen düzü garra.
Jinkoak maite beitzütü
emaiten deizü indarra.

Engrazi
Taigabe gogoan ditit
ene lagün zaintzaleak.
Ez ditizü lotsarazi
nizan honentzat hiltzeak.

Eder
Bürüak üken ditizüe
urtukirik lürreala.
Gük ospatzen ditizügü
martir handiak bezala.

Maddi
Nik ja ez dezaket ahatz
haien gazteena, Bixintxo.
Ürrentzean erran hitzak
gogoan ditit orano.

Engrazi
Nik galtegiten deizüet:
otoitz egin enetako,
Batikorki bühürt nadin
ene goihentzalartino.

Lüxia
Ene Engrazi gaixotto,
hori dizügü egiten.
Zer genezake besterik,
hainbeste beitzütüe joiten.

Oro joan

21. Jelkaldia

Jelki Engrazi bi emaztek lagüntürik, Prudenzio apezküpüa, Eder, Maddi, Ainez, Laurentz, Primitibo,
Publio, Zeziliano, esküin

Engrazi
Züen heben ükeiteak
emaiten deit albidata,
Holako ordü latzetan,
bizitzea gogor beita.

Prudenzio
Engrazi, oraiartino
üken düzü bihotz azkar;
Jinkoak, orano ere,
emanen deizü bai indar.

Engrazi
Nitan haren lagüngoa
borogatü dit askitan.
Bestalde, üken dit ere
konfidantxa handi züetan.

Hona, jin da enetako
joaiteko tenorea.
Galtatzen deizüet berriz:
eman züen otoitzeak.

Jelki aingürüak, kanta

Engrazi, gure maitea,
jinik da zure goihentza.
Haatik, Jinkoak berak
emaiten deizü lagüntza.

Hanitx egari beitüzü,
haren maitarzünagatik,
Bereganat bildü nahiz,
sogiten deizü zelütik.

Engrazi belariko, kanta

Jinkoa, zuri nündüzün
emanik oso osoa.
Badiket orai zureki
bizitzeko boztarioa.

Hiltzeak ez naü lotsatzen.
zütan dit egürükantxa.
Zureganik dit betiko
biziaren segürtantxa.

Gogoan ditit lagünak:
bat egin eta hiltzean.
Bat ere eginen dügü
betiko maitarzünean.

Hil

Prudenzio
Engrazik üzten beikütü,
apirila hamaseian,
Bazkoko bezpera hontan,
Jaunak hartzen dü zelüan.

Engrazi eraman karkanoetan

Azken perediküa

Hona, entzüle maiteak,
Engraziren trajeria
Züeki ürrentü dügüla:
segürki da berezia.

Leiendatik haratago,
Engrazi da hebenkoa,
Deitürak berak beiteikü
dela gure artekoa.

Garate izena, heben,
hanitx da ezagütüa;
Grazi izenak ez ote
dü erroa hor hartürik?

Ordüan, Eüskal Herria
hedatzen zen hürrünago.
Saragoiz barnen züan:
Engrazi gütarik dago.

Han hor ezagüturik da:
ez da, arren harrigarri.
Zeren, herri hanitxetan,
beitügü Saintaren berri.

Orozgain, ohatü zaigü
Santa Grazi herrian,
Hor ohoratürik beita,
menteez ospe handian.

Zeren eta bat dirade
herriaren historia
Eta Saragoizan Saintak
egari züan trajeria.

Santa Grazi herriala
hanitx eta hanitxetan,
Artexkot bat egoiteko
jiten zirae herrokan.

Ontsa miresten dütüzüe,
eder beitira, bazterrak.
Oihan eta arroiletan,
egiten züen lasterrak.

Hatseden hartzen düzüe
Santa Graziren elizan;
Bihotzak salatzen deizüe
otoitze bat ezpainetan.

Egün, prefosta, beste da,
Engrazi Sainta beitügü
Saldo handian oroek
pastoral hontan aipatü

xiberokobotzaekecoursmauleonXiberoan Euskaraz Bai Association pour la promotion du dialecte souletinEuskararen Erakunde Publikoa Office Public de la Langue BasqueEuskaltzaindia Académie basqueHerri alkargoaconseilgeneral

 

remerciements àiut