Pastoralaren bildüma
Xahakoa pastoralak, 20. mentean Barkoxen bizi eta Xiberoan
famatürik izan den Alexis Etchecopar-Attuli idazle eta koblakariaren obra
agerialat ekarten dü.
Hontü zütüan kantoreen bidez, pastoralak bere gazte denbora aipatzen
deikü Bigerren Mündü Gerlako gertakariekin : Alemanak gure herrian
nausi, iheslarien Espainialat igaranarazleak, 1944ko üztailako sarekada,
miliziak herriko gazte baten ehaitea, eta, azkenean, libratzearen
boztarioa.
Gerla ondoak, berriz, erakusten deikü eüskal kültüraren aberastarzüna
eta inportantzia, Attuliren eta Barkoxtarren bizian. Taigabe
bazüan – eta bazüen – ohidüra edo ürazaharren berritzeko axola eta
hori bereziki agertü zen 1946ko maskaradetan, non eta emazteek
beitzütüen emazte kargüak etxeki.
1953. urtean, Martxe Eiharzet eta Pierra Bordaçarre “Etxahun-Iruri-k”
builtatürik, pastoralak kanbio handi bat bizitü züan, “Etxahun koblakari”
pastorala hontzeareki eta emaiteareki. Ezi, Eüskal Herrian lehentze zen
baliatzen eüskal historian hartü aipagei bat. Pastoral horren arizale nausietan
ziren, besteak beste, Lohidoi, Attuli…
Attulik, bere kantore eta koblen asmatzeko eta egiteko ütürria edireiten
züan kültüra agerraldietan, kantore edo koblaka zoin nausitzetan,
laborarien akodiñetan, gazteak hirialat desterritzean, ürzokako züan
aihoan, jei, feida eta merkatüetan eta – nola ez ? – eüskararen eta eüskal
kültüraren eretzeko bere maitarzün bizian.
Hanitxentako gizon misteriosa baratzen balin bada ere, koblakari
paregabeak ützi deizkü kantore eta ahaireetan aberastarzün handiko
pastak, hala nola Bedatsean, Erresiñola, Goizean goizik, Sor leküa
kitatü, Herriko bestak, Oilar zaharra… eta, oroz gainetik, bere ganore
animalaren marka den, Xahakoa.
Aitzin hitza
Neskenegün gaüetan
negüko gaü ixiletan
zer trahola herriko karrikan
makilak aireetan,
eta üdako gaü beroetan
ahaide deliziusetan
kantoreek oihartzüna züen,
aurten gure kartieletan
Tauladan agertüko zaitzüe,
Alemanak batetik, lagünak bestetik
historia da bena, hüllana haatik
Mügalari, kantari, errejent edo bertsolari
bidaje bat izanen da, gure iraganetik
agitü zena aipatüko da heben
eta ez dügü ahatzeko hargatik
Züer, jin zideener, eskerrak ororen partez
ohoratzen gitaitzüe honarat artino jitez
gure aldia da aurten, xiberotar kültürraren legez
eüskarari gahatürik gireno, ez gira bühürtzen bidez
pastoral maitaleak beti badirateke,
herriz herri aldizkatzez
Nahiz pastoralak aipagei düan gerla
gure artekoa izan beita düala güti herra
historiaren kantatzea ez dea plazerra
Attulik bizi zeno, üken züan ber-berra
hor dügü ützi deigün hondarea,
bada bide eginik, guri da jarraikitzea
"Ikas eta heda sügarra, bihotzeko argi ejerra"
Joanes Etxebarria
Lehen perediküa
1 - Pastoral adiskideak
zütüegü agurtzen
Gogobihotzez erraitez
dener honki jin1 Barkoxen
2 - Ohidüra xaharretan
urte oroz zerbait sortzen
Hogeigerreneko gei bat
dügü egün plazalatzen
3 - Herriko bizian sortü
pastoral honen herroak
Aipatüko beitütügü
egün gure etxekoak.
4 - Pastoral geia haütatzez
guretarik hüllanago
Agian da minberago
bai ere aberatsago
5 - Gur’ etxekoen gogoan
handi gerlaren zauriak
Behar ere ondotik jin
garaitzaleen erriak
6 - Eüskal kültür ildoari
eginen bi begiñika1
Lehen orai eta bihar
sortzen dü ele gillika
7 - Bena pastoral süjeta
zalhe arrezagütüko
Herriko seme poeta
kantari paregabeko
8 - Orai hortan üzten dügü
jarraikitzeko ildoa
Lagünekin deizüegü
eskentüren Xahakoa
1. jelkaldia
Eskolatik elkitzean, haurren solasak
Allande
9 - Egün Pierrak eramaiten
errejentaren oparia
Sakola zolan gorderik
dü Eüskaldünen harria
Battitt
10 - Ata badakik frantsesa
dügüla behar mintzatü
Errejentek gur’ eskolan
ama hizkuntza debekatü
Pierrot
11 - Bai bena Battitten gatik
niz eüskaraz elestatü
Allande
12 - Ta gük plantatü zepoan
bi zankoak gustüan sartü
Graxiusa
13 - Beti Larrajesek1 düe
errejentaren zigorra
Karrikako haurrak beno
lerratzen ago beitira
Alexis
14 - Trüfa, trüfa karrikesak
beitakizüe frantsesa
Kasü beti üngüratzen
beita errota ba(ra)tx-ba(ra)txa
Bi saldoak algarri hüllantzez
Pierrot
15 - Kolpü txarren egiteko
Germain
16 - Nous sommes les meilleurs c'est sûr
Alexis
17 - Beste gisaz aritzeko
Germain
18 - On va vous botter le cul
Teatre erditan bilaxkan hasten dira
Jelki eskolako errejenta
Achiari
19 - Ez zideeia ahalke
beti bilaxkan haur tzarrak
Frantsesaren ikasteko
bazüntüen ber ahalak
20 - Etxondoko bideak har
eta kasü züer bihar
Eüskal hitza ez dadin sar
harridünak dikek nigar
2. jelkaldia
Jelki aingürüak
Aingürüak
21 - Iratzar zitee otoi
Barkoxtar lagün ohiak
Eskentürik beitzaitzüe
pastoralaren argiak
Jelki Barkoxtar lagünak
Aingürüak
22 - Aurten herritarrek düe
xede berria haütatü
Züen istoria düe
gogobihotzez antzeztü
G. Lexardoi
23 - Leheneko denboretan
süjetak zütüen saintü
Gurekin pastoralean
oro düe peazgoratü
P. Lohidoi
24 - Bai erran izadak Germain
zer ote dügü eginik
Bena gure kargüetan
badatekea botzdünik
Bidegain (apeza)
25 - Aurride maiteak ez has
jokülarien jorratzen
Ohidüra düe zaintzen
eta hizkuntza lagüntzen
M. Eihartzet
26 - Zelüan urtez egonik
gure kültüraz barurik
Plazerez ezin bestean
jarraikiko dütüt gazteak
A. Attuli
27 - Nik aldiz gaine hontarik
so eginen gosez etenik
Haiek ez beitaküe
girela iratzarririk
Oro erretirat.
Sataneria
Jelki Brilili eta Piñolet Satanak.
Brilili
28 - Jei hontan laket izanen
gütük Piñolet xingilikan
Hilak ere arrapizten
beitütüe aldi hontan
Piñolet
29 - Idazleak ekarri dü
pastoralean iraültza
Ifernüa nahi badü
emanen deiogü giltza
Brilili
30 - Artean heda dezagün
gerla ta nahaskeria
Piñolet
31 - Lehen orai eta gero
dabila itxuskeria
3. jelkaldia
1939eko setemeraren 2an "mobilisazionea" Frantzia osoan.
Jelki Barkoxeko aüzapeza eta herritarrak.
Jelki armadako kolonela bere soldadorekin, petik.
Kolonela
32 - Egün hon Jaun Aüzapeza
eta herritar güziak
Egün güdaldeitzea dü
oihüstatzen Frantziak
33 - Hitlerren borrokatzera
deitürik gizon gazteak
Bai eta hartüko (dü)tügü
laborarien zaldiak
Bethular (aüzapeza)
34 - Gerla handitik ez gira
sendorik Kolonel Jauna
Ehün herritarrek galdü
beitzüen beren bizia
Maddalen
35 - Erran ezagüzü otoi
lüze datekeanez Jauna
Ama güzier ziküzü1
pizten sabeleko mina
1) zaigu
Kolonela
36 - Hitlerren armada ez da
bihar Frantzian sartüko
"Maginot" marra ükeitez
aisa dütügü zaintüko
Margaita
37 - Zure behatzez üdüri
geroa dela zohardi
Bena gerlak beti ekarri
nigar haboro beno erri
Kaiet
38 - "Apatea" aitzinean
esteki1 dütügü bohorrak2
Ta orai nola eginen
dütügü kanpoko lanak
Frantxoa
39 - Lotsa gabe ebiliko
gira aiten ürratsetan
Etsaiaren zanpatzeko
familia bihotzean
Iratzabal (apeza)
40 - Benedikatzen zütüet
partitzeko tenorean
Aitaren eta Semearen
Espiritü saintüaren izenean, Amen
Emazten kantorea
Amen nigarrak
Gerlak ebasten deizkü, egün gure haurrak
Aitzinetik eraman, ondoan senharrak
Nola gorde1, barneko dolümin azkarrak2
Algar lagüntzez, jünta ditzagün indarrak
Arrapika
Egün norek entzüten
amen deiadarrak
Egün norek ikusten
emazten nigarrak
Noiz ote bersortüko
süetenen garrak
Noiz ote argitüko
bakezko izarrak
Zertako jenteen baitan, da bortizkeria
Xuri beltzen artean, gerla ütürria
Zertako beti berrek, nahi poterea
Jinko sinheste gatik, odol isuria
Sortzen giren güziak, beigira aurride
Oro izan gitean, bakearen kide
Desbardinak bagira, zergatik ez hobe
Marda3 ützirik, egin algarrekin bide
Hitzak : Patrick Kanpo
Ahairea : Jean Bordachar
4. jelkaldia
1943eko arramaiatzaren 16an
Jelki Pelento eta ihesleak petik, eskaleretan üküratzen1 dira
Pelento
41 - Hebentik aitzina kasü
egizüe ihesleak
Barkoxe igaraiteko
traukatü2 behar bideak
42 - Herrian üsü kurritzen
gaüaz aleman miliza
Gorderen3 gira entzüten
bada boten herots4 latza
Teatreala igaraiten dira eta ebilten düen denboran tirokatürik dira.
Bakotxa bere alde iseatzen düe ezkapatzera. Pelento eskalere bazterrean
gordatzen da eta ihesle batek jarraikitzen dü
Pelento
43 - Aigü zalhe gordatzera5
salba ditzagün bürüak
Bagüntüan gure saldoan
Lau, bost ihesle faltsüak
Dupont (ihesle faltsüa)
44 - Orai ürhentzen joküa
igaraile traidorea
Jüdioen lagüntzalea
eginen deiat larrüa
Dupont-ek Pelento zurratzen1 düan denboran, jelki geztapoa musikarik gabe,
gainetik. Dupont lagüner mintzo.
Dupont
45 - Hau da gaüaldi ederra
ihesleak bahitürik
Ta haien igarailea
erdi hilik han ützirik
Klaus
46 - Aldi hontan lan baikorra
egin dü frantses milizak
Geztapori hitzemana
gaur etxeki dütü hitzak
47 - Oloruera eramanen
beitütügü ixtantean
Han bertan jakinen dügü
zer düen sabel barnean
Helmut (Pelentoren gana joaitez)
48 - Igarailea ezkapi
ziküzü "herr" kapitaina
Xehekirik2 zen bezala
hürrün dikezü Espainia
Klaus
49 - Gizon madarikatüa
herexatüren düzüe3
Ta hilik edo bizirik
bihar ekar ezazüe
5. jelkaldia
Jelki Waffen S.S.eko frantses miliza eta Attuli familia
Dupont
50 - Barda ezkapi ziküzü
ihesle igaraile bat
Züen semearekin dü
itxüraz egite hain bat1
Aita
51 - Gure semea ez düzü
aipatzen düzün gizona
Gaü orotan entzün beitüt
haren kurrunka2 ozena
Attuli
52 - Ez nüzü jaun soldadoa
hegaltatü den txoria
Barda etxen beinündüzün
gozatzen ene ohea
Helmut
53 - Eni üdüri zait aldiz
hobe dela ikertürik
Ontsa sogin ezazüe
bai, ez denez kolpatürik
Ama
54 - Orai ikusten düzüe
ez dela ez zauritürik
Etxen lotzen dena ez da
iratzartzen minhartürik
Dupont
55 - Barkoxtarrek egizüe
hebentik aitzina kasü
Arrajinen girelarik
izanen beigira kexü
6. jelkaldia
Gerla denboran, gazteek sonüak antolatzen zütüen Zetegitako bordan
Jelki : Attuli, Lohidoy, Larranda, Uthurri, J. eta M. Errande, A. Tiras....
Attuli
56 - Hau zen aire gaitza nüsten1
Barkoxeko karriketan
Miliza et’ Alemanak
oro beitziren zainetan2
Errande
57 - Jakin düe Barkoxerik
dela astean berritan
Iheslari igaraiten
libertate ametsetan
Lohidoi
58 - Bai ohartü nük beitüe
txakürrek gaüaz txanpatzen
Ari niz zonbat mila diren
"nazi"etarik ezkapatzen
Dantza llabür bat emaiten düe
Marie
59 - Hebenko basa soinüek
sortzen düe eztabada
Apezak eskentü deikü
kobesategiko taulota
Ana
60 - Ez dü aisa honartzen
jin gitean borda hontara
Gizonekin dantzatzera
et’ ideien kanbiatzera
Graxiusa
61 - Aranbeltzen1 omen düe
zonbaitek makia sortzen
C.F.P.ren üngürüan
gazteak emeki biltzen
Larranda
62 - Gü aldiz deitürik gira
Alemaniarat joaitera
Berrogeitabiko "klasa"2
S.T.O.ren3 egitera
Uthurri
63 - Horrengatik zonbaitek dügü
beste xederik gogoan
Espainialat ihestea
dügü orai bihotzean
Jelki kantariak oro
Argizagia jakile
Esküalde güzietan jenteak, hasi begien zabaltzen
Hitler-en lazdürek beitzütüen, beti haboro zanpatzen
Moulinen ildoan heben ere, herritiarrak1 antolatzen
Ehünka lagün hasi beitziren, bele arrotzen ohiltzen2
Arrapika
Ulünpeko güdükariek
Bele beltzak kitzikatü
Ta ihesle igaraileek
Esperantxa zirikatü
Eüskaldün makila esküetan, argizagia jakile
Barkoxetik gaüaz gaü igaran, hiru mila bat ihesle
Bele beltzek uxutürik bena, ebilten düdarik gabe
Lagünzale ümilak zütüen, Pelento ta Gorritepe
Gerla denbora lazgarrietan, biziaren itxaroan
Etsitürik egünaz pausatzen, karrika zolako bordan
Landar ühaitzaren3 jarraikitzez, ondotik bortü xendetan
Ebilten Belaiko portüala, libertate esperantxan
Hitzak : Patrick Kanpo
Ahairea : Arnaud Laphitz
7. jelkaldia
1943eko arramaiatzaren 24ean, Kotabarreneko itxesa.
Jelki ihesle saldoa bere igarailearekin, petik.
Jelki Kotabarren familia, gainetik.
Olazabal
64 - Egün hon etxeko jauna
parka beigira arrotzak
Espainiako ihes xendan
atzaman gütü argitzeak
65 - Gaü orotan ebilirik
horra niz galtegitera
Zure bordan pausatzea
arra biltzeko indarra
Kotabarren
66 - Jauna ez dit holaxe
nornahiri borta zabaltzen
Bena züen ikustez nola
ahal nüke ez honartzen
Olazabal
67 - Gogotik eskertzen zütüt
saldoaren izenean
Gaur arra jinen nitzezü
partitzeko ülün pean
Oro erretirat. Olazabal petik.
Ihesle saldoa gordatzera eta Kotabarren familia, gainetik.
Jelki musikarik gabe eta lasterkaz Waffen S.S.ak, petik.
Klaus
68 - Egün soldado lagünak
bada berriago Barkoxen
Salazale batek gütü
etxe hontara igorten
Dupont
69 - Iker ezazüe borda
kanpotik eta barnetik
Iheslari saldoa han
ote denez ohatürik1
Jelki soldadoren artean ihesle saldoa eta Kotabarren familia
Boris
70 - Hor (dü)tüzü "herr" kapitaina
han bahitü dütügünak
Etxe hontako jabeak
eta ihesle zügünak2
Heinz
71 - Bertan3 jakin beharda
nola heltü diren hona(ra)
Kotabarreneko denez
kaskopelat4 den gizona
Kotabarren
72 - Ez dügü deüs ikusteko
ihesle talde horrekin
Ez ganakizün5 sabaian6
zirela lo algarrekin
Durant
73 - Zer nahi gisaz norbait da
nontibaitik1 agertüko
Jüdioen lagüntzalea
ordüan atxilotüko
Klaus
74 - Lehen agerzaleari
eginen deiogü besta2
Bizi edo korpitz beitü
eginen azken "balada"
Oro erretirat : Kotabarren familia beren etxera, gainetik.
Ihesle saldoa aleman zonbaitekin Barkoxera, petik.
Waffen S.S.ak gordatzen dira taulada aitzinean.
J. Pierra Kotabarren agertzen da eskuineko bortan eta lasterkaz taulada
trebesatzen dü, Waffen S.S.ek ehaiten3 düe eta joaiten.
Jelki Kotabarreneko aitetamak.
Ama
75 - Gure haur ogengabea
hamazortzi urteetan
Aita
76 - Tiranoen balek eho
aitetamen doloretan
77 - Jinko honak madarika
ditzan S.S. soldadoak
Bai eta haiekin Frantses
salazale traidoreak
8. jelkaldia
1944eko üztailaren 10ean Barkoxeko gizon ororen biltzea plazan
Jelki : Wehrmacht eko Spielberg batailua petik eskalere zoletara
Spielberg
78 - Ene aleman lagünak
"Wehrmacht"eko soldadoak
Barkoxeko herriari
orai eginen agurrak
Hansberg
79 - Herri hontan gordatzen
pettarrean den makia
Gure südürraren püntan
oi! zer goitzarren1 handia
Belzberg
80 - Behar ditiagü etxeak
zolatik gain iharraustü2
Eta herriko gizonak
plaza hontara oro bildü
Gaizberg
81 - Ezar ditzagün lau kanu
plazalat üngüratürik
Hola aisa sasitarrak
egüerdiko bahitürik
Jelki Alemanak tauladala eta Barkoxtarrak txerkatzen dütüe.
Hansberg
82 - Heben dütügü bildürik
herri hontako gizonak
Ontsa so egin dezagün
hon dütüenez paperak
Spielberg
83 - Lehen soala düdatzen
gütüen jenten kenteak1
Bihar hartüko dütüe
Alemaniako bideak
Saldotik sei berezten dütüe : Léon Laberrondo, Henri Althaparro, Germain
Léchardoy, Clément Ascone, Justin Salaçar, Arnaud Hégoburu.
Belzberg
84 - Eliza ikertü dügü
salatü beiteiküe han
Gordatzen zela makia
ez dügü deüsere atzaman
Bethular
85 - Wehrmachteko Major Jauna
bahitü sei Barkoxtarrak
Hitzemaiten ahal deizüt
ez direla sasitarrak
Oro erretirat. Sei bahitürik izan direnetarik, Alemanek biga ehoko2
dütüe Tulusa ondoan (Léon Laberrondo eta Henri Althaparro),
haien korpitzak ez dira sekülan atzamanik izan.
Erdiko bortatik jelk makiako gizon bat, arma esküetan, müsikarik gabe.
Bordagarai
86 - Jinko honak begiratü
naü nazitiarren herratik
Herria ere salbatzen
dü süiaren itxesetik
9. jelkaldia
1945eko maiatzaren 8an, Arrikeneko trinketean, askatarzünaren besta.
Jelki herritarrak oro kantatzera.
Askatarzüna
Bost urteren bürüan, zer alagrantzia
Egün etxondoala, berriz ützültzea
Aitamen ikustea, ta besarkatzea
Herritarren artean, arrajüntatzea
Arrapika
Bake berriaren zedarri
Gira askatarzün egarri
Geroa amesten pizgarri
Alkartarzün sortzez algarri
Alkartarzünak deikü, indarra doblatü
Ingeles Amerikano, gurekin üztartü
Makiak Xiberoa, berak dü libratü
Arrano beltzak hola, azkenean goitü1
Gerlako herrak üztez, dabila geroa
Bihar eraikitzeko, mündü bat goxoa
Libertateak deizkü, zabaltzen besoak
Ahatze gabe gure, aitunen herroak
Hitzak : Patrick Kanpo
Ahairea : Sophie Larrandaburu
Arrapikaren ahairean dantzan hasten dira biazka (baltsa).
Larranda
87 - Zer goxo den senditzea
libertatearen hatsa
Abrekerien ondotik
berpiztüko esperantxa
Eihartzet
88 - Udüri zait behar dela
ohidürer arralotü
Gazteen deskantsatzeko
maskaradak antolatü
Helena
89 - Üsantxak oro dütügü
orai arte debekatü
Nahi günüke züekin
aldi hontan parte hartü
10. jelkaldia
Mezatik landa, Barkoxeko plazan
Jelki Salaberry apeza, Barkoxeko serorak eta emazte zonbait
Andere Handi
90 - Jaun apeza lagüngoa
nahi deizügü galtatü
Maskarada behar (dü)tüzü
neskatiler debekatü
Andere Txipi
91 - Neskatilentzat ez deia
ebanjeliotik kanpo
Jokü hortan aritzea
elizari egitez üko
Andere Xuri
92 - Beltzeriarekin kasü
Jinen delarik ülüna
Ezkont gabe ez dezen gal
beren lüma eijerrena
Salaberry (apeza)
93 - Ifernüko zepotik bil
ditzagün ardi galdüak
Gibelean beitirade
debrü txarren letaginak
Jelki ifernüko neskatilak
Gilikor
94 - Aurtenko maskaradetan
neskatilak agertüko
Kasü bertan1 aitzindari
ez (dü)tügünez ikusiko
Mihilüz
95 - Oilantekin badikiñe
motikoek zer ardüra
Etx’ aitzinetan diñagü
gaur hedatüren berdüra
Üzkütxüt
96 - Lerdo egünaz errigei
agertüko Atharratzen
Xiberoan beitütiñe
"le bordel ambulant"2 deitzen
Ororek
97 - Barkoxeko, Mari haurrak, ez plazetan dantzatzen
Ez et’ ere, behin ere, potikoekin mintzatzen
Bena gaüak, haiekilan, dütüe igaraiten
Ustez eta, Jinko Jaunak, ez dütüela ikusten
11. jelkaldia
1946eko maskaradak : arribada, barrikada, eta...
Xorrotxak (1946eko berseta)
98 - Barkoxeko maskaradak, aurten moda berri
Neskatila gazteak, ba(dü)tügü dantzari
Ez da ihorentako, hain estonagarri
Bozketan ez gütüeia, ber xedean ezarri
Kanta
Egünaldi eder
Egün neskatila gazteak
Goiz goizik jeikirik beitira
Harroki ezarririk toaletak2
Plaza hontan agertü dira
Ikusi nahiz aktür gazteak
Zoin eijer zalhe eta azkarrak3
Gero jinen delarik bralea
Izan nahiz haütatüa la, la, la...
Eüskal Herriko tradizione(a)k
Zaharrer (dü)tügü ikasirik
Amodioarekin beti
Haier gira fidel jarraiki
Gure herrian zahar eta gazteek
Odolean beitügü sartürik
Barkoxe izanen da beti
Muda zaharra(r)i etxeki la, la, la...
Hitzak eta ahairea : Alexis Attuli
Kadrillak emaiten dütüe
12. jelkaldia
Jelki Attuli aita semeak
Aita semeak (1950-1951)
Ene seme maitea igaran egünetan
Hik eman kantoreer beha laket nintzan
Begiak triste beitütük bai aspaldi hontan
Aitari erran ezak zer düan gogoan
Aita erranen deizüt zer den ene pena
Üngünetik joraiten ziztatzüt1 lagünak
Hiri xantieretan2 üztez laborantxa
Segürrago beitüe sosen ikustea
Laborantxa beitzaikü gibel ari segür
Hori zertako aldiz sosa beita zühür
Behar diagü bardin azkarki bühürtü
Jiten diren okerrer ororer eman bürü
Nekez ene ideia zurea üdüri
Zeren oraiko moder behar da jarraiki
Joaiteak handi dira jiteak aldiz ttipi
Ez da estonatzeko badoatzenean gazteak
Bihotza penatürik orai ikusten diat
Hik ere badüala lagünen deseina
Etxen ünionean praube bizitzea
Musa3 handienari desiratzeko da
Laborantxa lanetan bazterrik ez düzü
Goizetik arratseala bai ezin ürrentüz
Joaiten direnentako zortzi oren düzü
Pena apürrekilan paküak handi segür
Zortzi oren laneko hamasei pausüko
Hortan badük doblea despendiatzeko
Gazteak egün beitüe okasione franko
Defendü batere gabe gazte direlakoz
Ene bihotz tristea zer memento txarra
Alde batetik gazteak ütz ezak etxea
Bestaldetik zitazüt oihüz ari aita
Jinkoa erradazüt non düdan bidea
Aiten aitek izerdiz eraiki etxea
Bürüa apaltürik karrakatü lürra
Ikusiren dügüia kaparrek1 hartüa
Desertü bat bezala abandonatüa
Aita kontsola zite egonen nitzaitzü
Aiten aiten xedeak nik jarraikiren dütüt
Tentatü bidetarik orai niz hürrüntü
Amodio berri bat eni beitzaüt piztü
Aita baten plazera entzüten düalarik
Esperantxaren botza semearen ahotik
Familia txipi bat jiten zaiolarik
Zahartze irus bat düt ikusten segürrik
Mutil gazteak zidee orai guri beha
Otoi ez abandona züen sor leküa
Arauki etxeki aitaren kontseilak1
Züen eginbideak eüskaldün xedeak
Hitzak eta ahairea : Alexis Attuli
13. jelkaldia
Jelki Eihartzet eta Etxahun Iruri
Eihartzet
99 - Pierra adiskide hona
horra nitzaük agurtzera
Eta koblakariari
aholkü galtegitera
Etxahun
100 - Martxe Barkoxtar lagüna
jitez naük boztariotzen
Gure artean beigira
segretü gabe mintzatzen
Eihartzet
101 - Pastoral xede berri bat
nahi nüke plazaratü
Kiristino gei zaharrek
beinaie oso aspertü
102 - Biek behar günüke
pastorala erraustatü
Eüskaldün gei bat haütatü
nahi badük izkiribatü
Etxahun
103 - Ez diat aski dohainik
ofizio horrentako
Ta zaharrek ez deiküe
afruntüa parkatüko
Eihartzet
104 - Amesten düdan süjeta
Etxahun Barkoxekoa
Horren idaztez piztüko
Etxahun Irurikoa
105 - Gure argitzeko bada
Espilen eleberria
Ta Hazparnen emanen den
Larzabalen antzerkia
106 - Arizaletan güntüke
herriko botz ederrenak
Attuli, Lohidoi, Moxo
jokülari hoberenak
107 - Otoi abia gitean
hi idazle, ni errejent
Etxahun
108 - Ez deiat deüs hitzemaiten
ebili gabe Hazparnen
14. jelkaldia
Jelki Türk andereak
Añabeltza
109 - Hau da zurrumurrua
Martxen balentria
Plazalatü nahi din
Etxahun tristea
Añaubela
110 - Bazko zaharrez gei din
pastorala aurkeztü
Gaixkigile tzar horren
bizia laidatü1
Añaxuria
111 - Egin tin maleziak
sortzen eztabada
Itzaltürik zen herra
herri(a)n berpizten da
Kakel
112 - Herritarrak bortizki
zeitzo bai altxatü
Arizaleak baizik
doi doia tin bildü
Kakela
113 - Süjet saintüak üztez
bai eta frantsesak
Eüskaldün geiak haütatzez
janen zaragoilak1
Kakelina
114 - Kausitzeko dikeiñe
bilo hazkurdiña
Ondotik izateko
kültür lapatiña
15. jelkaldia
Jelki Barkoxtar lagünak
M. Eihartzet
115 - Pastoral horren sortzeko
ezagütü sofrimena
Bena ürrentü ondoan
handiago gozamena
Bidegain
116 - Etxahun Irurirekin
atzo zabaltü ildoa
Ororek jarraiki düe
eüskal geien hats beroa
A. Attuli
117 - Bizirik etxekitzeko
üsantxek behar berritü
Bena senditü behar da
non behar den üküratü1
P. Lohidoi
118 - Ez niz joan emazteak
sartü geroztik tauletan
Beren karrankak2 ez dütüt
maitatzen pastoraletan
G. Lexardoi
119 - Ez hintzan holako ertzoa
higatüren bat batetan
Emazteak ontsa txeste1
bahütü hire denboran
120 - Bai gozatüren hütüan
ordüan pastoraletan
Bai eta maskaradetan
aitzindari kargüetan
Lohidoi
121 - Badük zerbait erraiteko
mirailari egiok bi so
Erran zaharrak beitio
“etxen bele kanpoan ürzo”
Bidegain
122 - Afera berotü gabe
bego kalapitak hortan
Jinko hona isil ditean
ari(ar)az etzazü kantan
Attuli
Agian hala beita, eta oraino egia
Kantazale gaixtoa, isil ezin egona
Haietarik bagira, heben zonbait andana
Beharrien hausleak, eta hügüngarriak
Haütüak1 aldiz beha, noiz dükeen aldea
Kantari izateko, beharda botza sano
Jakin aire hanixko, eta berset haboro
Ezagützen düt bai hor, botza paregabeko
Izen txipia Pierrot, sinadüra Cherbero
Bihotzez bi hitz otoi, larga hadi Lohidoi
Lohidoiek kantatzen dü
Bi berset dolorusik, nahi dizüt kantatü
Plazer düzüelarik, jente honak behatü2
Berrogeita lau urtez, ni izan persegitü
Non ez zaitadanean, familia jelostü
Oroz arnegatürik, nahi nüzü partitü
Hartü nüan emaztea, aitak desiratüa
Ustez ükenen nüan, halaz haren bakea
Bena egin züalakoz, haren alte jartea
Eginerazi zeitan, funtsen partajatzea
Presun janerazteko, amak ützi partea
Adio Barkoxtarrak, zahar eta gazteak
Heben jente praubeari, ürrikal zideenak
Ziren gomendioetan, üzten dütüt ene haurrak
Ihoren sekursik3 gabe, diren malerus hurak
Jinkoak badakike, züek egin honkiak
16. jelkaldia
Jelki bi ihizlari1 gainetik eta, petik, Attuli mobiletaz
eta ihizlari arrotzak beste aldetik.
Attuli (eskaleretarik)
123 - Larrazkenarekin zaizkü
mendi bazterrak gorritzen
Ta ürzoekin batean
ihizlariak harrotzen2
Tauladala igaitez
124 - Oro zoinlehenka gira
Holtzarten gora ebilten
Güne hoberen hartzeko
azkorria3 beno lehen
Ürzo saldo bat igaraiten da eta ihizlari arrotzak aireala tiratzen dü
Attuli
125 - Nork ote deikü tiratzen
hüllankarien4 artean
Plaxotetik aireala
südürraren aitzinean
126 - Holako egiten düanak
ez da ez ihizlaria
Baizik eta aragiko
bi zankotako builtrea5
Ihizlari arrotzak teatre üngürüa egiten dü isil-isila eta mobiletako errotak xilatzen.
Attuli
127 - Gaixo ürzo ihizteka
sortzen dük bekaixteria
Eüskaldün ala arrotza
nor da honen egilea
Kantatzen dü
Kitroulérou
En revenant d'une journée de chasse
D'un pas traînant avec ou sans gibier
Le seul plaisir que rien ne remplace
C'est quand finit enfin la march' à pied
Et quand plus tard, calé sur sa machine
On sent les roues qui se fichent de vous
Pour repartir s'il faut plusieurs rustines
Il y a vraiment de quoi devenir fou.
Refrain
Qui troue les roues
Les roues des mobylettes
Ce sont les clous
Les clous de vauriens
Y en a beaucoup
Beaucoup sur la planète
De ces voyous
Filous têtes de chien.
Bien qu'elle soit le fruit de ma colère
Dans la chanson il n'y a point d'accusés
Seuls des soupçons et surtout une prière
Pour qu'un désir un jour soit exaucé
Chers inconnus, je nourris l'espérance
Qu'avant longtemps l'on puisse vous planter
Des petits clous, oui des clous là où je pense
Pour qu'en retour vous puissiez nous chanter
Refrain
Qui troue les joues
Les joues de coussinettes
Ce sont vos clous
Qui nous font un mal fou
Pitié pour nous
Pitié les gens honnêtes
Qui voudriez que nous
Restions toujours debout
Hitzak eta ahairea : Alexis Attuli
17. jelkaldia
Jelki Attuli, Latxaga, Camblong.
Latxaga
128 - Lüze zaüt egü(rü)kitzea1
etsitürik lanapean
Erran izadak Alexis
zer ote pentsatzen düan
Attuli
129 - Ari nük biarnes honek
entelegatzen ez düanez
Eüskara trauka ala trebes2
ta hitzordüa egün denez
Camblong
130 - Dab maquinous bearnes
agian bai zozo hanitx
Mes lous basquous que disent
hitza hitz ala gizona hits
Jelki Nafarroako artzainak ardi saldoarekin
Camblong
131 - Soizüe ene lagünak
ez nizan ez fidagarri
Nafarroako artzainak
beti izan onesgarri
Aitor
132 - Agur Xuberotarrak, anaie maiteak
Gu gira Otsagiko, nafartar artzainak
Ekartzen dautzuegu, manatu ardiak
Baina lehenik eman, elgarri eskuak
Attuli
133 - Nik entzütea banüan, bazela kantari
Nafarroako alde(a)n, baita bertsolari
Egün heben entzüten, holako bat ari
Eta gük ez dakigü, ihardesten hari
Aitor
134 - Xuberoko aldean, bai ere kantari
Orotan famaturik, Etxahun Iruri
Hola kantatzen duenak, berdin koblakari
Nahiago nuke jakin, ez denez Attuli
Attuli
135 - Mügatik bi aldetan, bizi Eüskaldünak
Ororek badütügü, berezitarzünak
Nor giren ta zer giren, denek ber züzenak
Ordüan ez ditzagün, erran gure izenak
Ororek
136 - Gaur ebiliko gira, ardien ondotik
Haiek ez beitütüe, nihontik mügarik
Hala amesten dügü, ipar hegoatik
Mügazainer adio, erraitez gogotik
18. jelkaldia
Jelki mügazainak
Baratxügaitz
137 - Ene mügazain lagünak
sartzen zaizkü Espainiatik
Ehünka zaldi et’ ardi
güziak kontrabandatik
Barbalot
138 - Hortakoz gira gertatü
bortüan goiz azkorrian
Argi ikusi beitügü
Bürdüinolatze lepoan
Basakor
139 - Orai ordü da kentzeko
begietako llaparrak
Eta ontsa zabaltzeko
züen beharri zikinak
Basalatz
140 - Güne hontan senditzen düt
biarnes ürrin bat azkar
Xehatü1 ondoan ez da
biziko jenteen bizkar
Basahotz
141 - Nik aldiz ikusten dütüt
zankapeko ardi gorotzak
Bai eta heben asmatzen
bardako artzainen botzak
Basaputz
142 - Ez dira orano hürrün
kabale, kontrabandistak
Egün oldar gitean ez
izateko errigeiak1
19. jelkaldia
Jelki artzainak ardiekin
Latxaga
143 - Ederretik ezkapatzen
gira mügazainetarik
Hain erreüs1 üdüri züen
lozabiek usukirik2
Attuli
144 - Bortüan kurritzez ez düt
ez nihoren beldürrik
Eziz eta3 zonbat nahi
jarraikizale(e)n axolik
Beter
145 - Üsantxaz saldo bardinez
zatikatzen artaldea
Gero txotxetan eginen
ardi saldoen haütüa
Bonetaren barnen txotxak ezar eta igaran artzainen artean.
Camblong
146 - Bat, bi, hiru, lau, bakoitxak
üken dü bere saldoa
Tratüaren bermatzeko
goza dezagün ardoa
Xahakoa igaraiten düe algarri eta kantatzen düe
Kanta
Bortütxoria (1955)
Bortütxoria behin partitürik
Kantüz joan da etxea ützirik
Aurride bati behin behatürik
Bizi berria iker nahitürik
Bazter ederrik bidean ikusirik
Heltü berrian ez da dolütürik
Bortütxoria apür ikasia
Hiri handian hersi dü pasüa1
Sartü ondoan beharrak josia
Hasperenez da han üsü-üsüa
Ükenik ere plazerez asea
Haren bihotzak salatzen gosea
Bortütxoria begira ezak gora
Hotz ala bero izanik denbora
Bihotz xokoan bizi den izarra
Eztitzen beitü penazko nigarra
Eta argitzen ikasi xaharra
Sortü leküan ostatü adarra
Hitzak eta ahairea : Alexis Attuli
20. jelkaldia
Jelki Attuli, Etxahun, beste kantari zonbait eta Donibane
Garaziko euskal kantu txapelketako ardüradüna
Mendiburu
147 - Ongi etorri ororer
Donibane Garazira
Egun ospatzen baitugu
euskal kantore primaka
148 - Ezkertu nahi ditugu
egunko arizaleak
Eta hasteko behatzen
ditugu Xiberotarrak
Etxahun
149 - Jaun andereak eneki
kantari gazte bat jin da
Honek eskentüko deikü
hontü düan kantorea
Attuli
150 - Aitzineko egünetan
ohargabe Ahüzkian
Gaüza baliosa nüan
galdü bortüko bidean
151 - Arratzaman ondoan
alageratü gogoa
Haren omenez idatzi
kantore hau, Xahakoa
Kanta
Xahakoa (1950. altexean)
Xahakoa (4 aldiz)
Papo gorri eder harroa
Zer adiskide arraroa
Xahakoa (4 aldiz)
Eztiki erriz txiriñoa
Üdüriz kantüz txoriñoa
Ai zer plazer ezinagoa
Xahakoaren gozoa
Ikertzen de(re)it bihotz xokoa
Alageratzen gogoa
La, la, la, la...
Düdalarik idor ahoa
Hürrrünegi ütür freskoa
Hartzen düt bular dibinoa
Eüskaldün xahakoa.
Xahakoa (4 aldiz)
Akit ondoko prezioa
Gizonaren inganioa
Xahakoa (4 aldiz)
Lankian zü gabe anoak
Segürki mehe balioa
Zabaltürik zure moskoa
Txerkatzen da xilotüa
Hasperen bat hantik badoa
Altxa ordüan besoa
Hitzak eta ahairea : Alexis Attuli
21. jelkaldia
Jelki, Hazparneko ostatü batetan, bertsularien txapelketatik
landa, M. de Jaureguiberry, Attuli, Etxahun, Xalbador, Mattin
M. de Jaureguiberry
152 - Pierra Xiberoan ere
azkar zen bertsularitza
Hire kantari lagünak
bihar builtaraz bagintza1
Etxahun
153 - Bai egünko lehiaketa
gozatü dit Madalena
Xede ederra lükezü2
Xiberoan has bagina
Attuli
154 - Kantore hontzea maite
dit bena idatziz baizik
Bat-batean aritzeko
ez dit halako dohainik
M. de Jaureguiberry
155 - Bena behar zünükee
Xalbadorekin ikasi
Ibar Esküinean dütü
negüko bazkak erosi
156 - Ez dezagün ütz galtzera
bertsukako ohidüra
Hizkuntza bezala doa
errekala itotzera
Xalbador
Xiberoko koblakariak
ikusi nahiz kantatzen
Etxahun ontsa ari da bainan
besterik ez da ausartzen
Eta bertsoa biren artean
hobeki da aitzinatzen
Bi koblakarik aisago dute
euskal mintzoa zabaltzen
Mattin
Entzun Etxahun nik hiretako
lagun bat diat atxeman
Berset, olerki eta kantua
nasaiki duena eman
Plazarik plaza ibili hadi
engoiti Attulirekilan
Segur nuk harek eragin ainitz
baduela gazteengan
Etxahun
Adiskide diat nik aspaldian
eta badakiat nola den
Hasteko ez züan Ligetsekilan
ikasi koblakan aritzen
Eta kantore hontzen badü ere
ez ditik üsü kantatzen
Lagün artean beha egoitez
dütü bertsoak maitatzen
Xalbador
Isilik egotea, ez da bekatua
Mattin
Salbu eder delarik, darion kantua
Etxahun
Haren hitzak kantatzen, ari dük Xiberoa
Xalbador
Izan dadila Attuli, benedikatua
Xalbador
Gisa bat edo bestez, kantuz da aritzen
Mattin
Mikroen aitzinean, ainitz du sufritzen
Etxahun
Bena gü beha gira, beti haren hitzen
Xalbador
Haren kantu guziez, baigira gozatzen
Bertsoen hitzak : Joanes Etxebarria
M. de Jaureguiberryk eta Attulik kantatzen düe
Ama hizkuntza
Gure aitunen aitek, ützi oparia
Mentez mente igaran, zer miraküilüa
Ohartü gabe jenteek, hedatü elea
Ahotik beharriala, eüskal mintzajea
Arrapika (J. A. Artze)
Hizkuntza bat ez da galtzen
Ez dakienek ikasten ez düelako
Dakienek, hitzegiten ez düelako
Baizik
Haur txipiak küinatik1, lehen hitza “ama”
Ikas egarrian dü, ondotik “aitama”
Mihi püntan bildürik, hitzen hontarzüna
Haren baitan zohitzen2, eüskal nortarzüna
Ama hizkuntza bada, nortarzün bihotza
Kantore, bertso, dantzen, ohidüren giltza
Ez ahatz bizi düan, egoera latza
Otoi bihar ez düda, eta eüskara mintza
Hitzak : Patrick Kanpo
Ahairea : P.-P. Berzaitz
22. jelkaldia
Jelki, Donibane Lohitzünen, Attuli, Hagola, Estekalla
eta Behagari
Hagola
157 - Egün primaka ederra
ororek dügü behatzen1
Eüskaldün giroa ere
Donibane Lohizunen
Estekalla
158 - Orai hire aldia da
epaileen aitzinean
Bena zer ote emanen
deikük itsas bazterrean
Attuli
159 - Parka bena ütziko düt
lehentarzüna epaileer
Ta kantatzeko fedea
eskentüko behazaleer2
Behagari
160 - Heben ere kantariak
oro dira goimailako
Bena ahalak badütük
egün ororen goitzeko
Attuli teatre aitzineala kantatzera, ber mementoan
borta gorritik jelki norbait, mikro bat esküan
Bihotzeko argia
Gizon batek beren bizian, sartüz geroz bide lüzean
Kantatzen dü alegrantzean, esperantxa bat bihotzean
Eüskaldün ororen indarra
Noiz nahi beti ber eskerra
Gaztea bezala xaharra
Goiz arrats bardin alagera
Kantorea gure izarra
Jinkoaren dote ederra
Ikas eta heda sügarra
Bihotzeko argi ederra
Seme baten da xarmagarri, harek entzüten düalarik
Etxondoan bere aitari, kantore zahar ala berri
Hitzak eta ahairea : Alexis Attuli
23. jelkaldia
Jelki barkoxtar lagünak.
Bidegain
161 - Bizi gineno bagüntü(a)n
bai nork gure segretüak
Bena zelüan sartzeko
bortan üzten balentriak
G. Lexardoi
162 - Hiruretan hogeita bieko
pastoralaren ondotik
Kantatzea hüan ützi
otoi erran zerengatik
A. Attuli
163 - Jinko Honari ez deiot
barneko mina aitortü
Uste balinbadük heben
gei düdala kobesatü1
164 - Ohidüra xaharretan
gaüzak zalhegi lerratzen
Egün teknika berriek
gainea deiküe hartzen
165 - Lehentarzüna emaiten
da jei üngüramenari
Bigerren leküa üztez
pastoral nortarzünari
G. Lexardoi
166 - Bai eta jinko sosa da
pastoralaren errege
Mihi püntan hura düe
lehen hitza, perdin ere1
M. Eihartzet
167 - Bai bena ez hiz hortako
jei denetarik hürrüntü
Zerbaitek deik kantatzeko
fedea batetan moztü
A. Attuli
168 - Txori bati bazaio
bere hüstüa2 ebasten
Bi sos egiteko saltzen
sekülakoz da isiltzen
169 - Bena ahal dütü beste
txori hümeak lagüntzen
Kantore berri eskentzez
zeitzo3 hitzak hegaltatzen
Attulik kantatzen dü
Leheneko denboran (1993)
Hitzak eta ahairea : Alexis Attuli
Leheneko denboran
Alderdi güzietan
Gazteak zaharrekilan
Nola ari ziren lanean
Emeki hatsarrean
Eskü lan arinetan
Gero gogorrenetan
Adina heltü zaienean
Egünko egünean
Eskola güzietan
Gazteak badü zer jan
Kasko betagarri bazketan
Erranez ondarrean
Hogei urteen altean
Diploma besapean
Badakiala laborantxan
Laborariek lehen
Bazakien bizitzen
Algargana jüntatzen
Berrikaz denboraren galtzen
Aste egünak etxen
Hoinetako higatzen
Atrebit hüstülatzen1
Goratik bideetan kantatzen
Orai zer da izaten
Kanpoan eta barnen
Irratiek txanpatzen
Azkarki2 beharrien hausten
Eta tresnetan gainen
Kabale hotsemaiten3
Keheilaren4 zabaltzen
Eta geroko hala üzten
Leheneko emazteak
Lanean üsatürik
Barnekoak eginik
Beti senarraren ondotik
Goizean goizik xütik
Gaüan berant etzanik
Artean josten ari
Baratzekan5 eta besterik
Orai emazte gazteak
Modala beztitürik
Ürrin6 honez beterik
Badüte beste manerarik
Aztal txütak jauntsirik
Begiak tintatürik
Diote senarrari
Badük hitzaz bekaixti denik
Jelki Türk Andereak
Oilar zaharra (1983)
Oilar zaharra hasten kantan, gaü beltz ondarrean
Espanto larri handienetan, hürrün entzüteko gisan
Oilar zaharraren küküla, errege txapela
Bai eta gorri bizi axala, ahalke balitz bezala
Oilar zaharra begi basa, deüseren ez da lotsa
Bena ustegabeko herotsa, kanbiarazten ürratsa
Oilar zaharra zanko mehe, beraz beti zalhe
Fama handia korteazale, oilo bizkar hazkazale
Oilar zaharrari adinak, hersatürik lanak
Bozkatü gabe indartsüenak, hartzen ondotik züzenak
Kantari eder bena mingar, bero eta azkar
Lümak beltzaran gorri ala ñabar, oilarrak orotan oilar
Hitzak eta ahairea : Alexis Attuli
24. jelkaldia
Jelki aingürüak
Aingürüak
170 - Jinko honak arradeitü
gure Barkoxtar lagünak
Utzüliño bat eginik
harro dütüe bihotzak
171 - Gizonak hiltzen badira
poetak beti bizitzen
Idatzirik hontarzünak
ez beitira itzaltzen
172 - Gure gogoan egonen
hitzen aberastarzüna
Aitzina beha dezagün
kantoreen oiharzüna
Pilotarien bitzarra (1960)
Agur, agur, jente güzik ! Agur bihotzetik !
Zaharrak eta gazteak bildürik hürrüntik
Euskaldün joko jaunari bere lür harrotik
Lili eder bat da egün zabaltzen itzaletik.
Gizon gaztentako beharra,
Ta zaharren indarra,
Gora kanta obra ederra,
Pilotarien Biltzarra
Sor leküa kitatü (1955)
Sor leküa kitatüz ikas egarrian
Lanean hasi nintzan fede azkarrean
Hainbeste igaranik besteen bazterrean
Ene bihotza bardin egoiten herrian
Arrosa bat üdüri hürrüntik batzarri1
Hiriko bizitzea hain da maitagarri
Gaztetik desiratüz lili eder hori
Ez nüan uste bazüala hainbeste elorri
Bedatsea (1977)
Bedatsea1 andere handi, ostoak arraberritürik
Gaüko zerenatik2 izerdi, perlaz beztitürik
Hur ondoak bai eta mendiak, zolatik gain lilistatürik
Oihanetan bada kantaldi, txoriek hontürik
Bedatsean txoriak oro, sor leküan jüntatzen dira
Eta kantatzen amodio, bihotza goihera3
Biazka abiatzen gero, xoko baten edireitera
Segretüan han egiteko, habia eijerra
Xorrotxen kantorea (1995)
Eskü laster agüdoenak4
Zühür eta arraheintenak5
Kantari agradableenak
Kalitate horik norenak
Kobla berriak gozodünak
Bai eta zahar ederrenak
Ihauteriari eginak
Denak dira xorrotxarenak
Builtrea (1992)
Bortüan zoin den eder zohardi1 denean
Ungürü ta üngürü builtreak airean
Hegalez dantzan ari zelü gorenetan
Aizearen sonüan odeien bidean
Halere ez dira han irustarzünean
Tai gabe Petirisanz zinkurtez2 aldean
Goiz-arrats ari behar ikerka lanean
Zelüko nekezian kurritzez mendian
Jiten direnean (1957)
Jiten direnean herriko bestak, bazterretan boztarioa
Zaharrak, gazteak bezala, hürrüntik prestatzen ari dira
Oroek emaiten beren plana, ohorez egin dadin herrian besta
Ikertzen azkar denez kesa haren grado egiten fresa
Gizona gizon
Gizona gizon
Nor bere xokoan
Lanea kanpoan
Ala sütondoan
Batean biziki trenpü3 hon
Agüdo espantxaren ildoan
Bestean zer itxüra gaxtoan
Asperena züntzür-oropiloan4
Düalarik zentzüa pikoan
Zerbütxüko indar osoan
Lagün güziak boztarioan
Haren etxen eta aüzoan
Etxahuni (1989)
Goiz oroz argitzetik ülün zerratzeala
Txoriak adarretik estiratzen hegalak
Kantatzen dü lekütik gustüan eman ahala
Koloratzen badü ekiak zelütik kanpo handi zabala
Airea sano
Bortütik gain behera
Jiten zaiküno
Lanoren baztertzera
Ahaire franko
Oro zoin alagera
Zaizkü sortüko
Amodio kantatzera
Algarri esküak emanik
(1959ko hitzak, ahaire berria, 1984ekoa)
Bedatsearen hastean, bazterrak berdatzen
Mündüko txori güzier, bihotza zabaltzen
Amodio sano horri, bagira behatzen
Zelü gainetik behera, botz batek dü kantatzen
Algarri esküak emanik
Aitzina beti gazteak
Ohartürik zaharren manüak
Har bidea erditik
Oro erretirat.
Azken perediküa
173 - Pastoral ürrentze hontan
argi da nor den süjeta
Izentatü gabe sortü
Xahakoaren xedea
174 - Hogeigerren mentean da
igaraiten istoria
Gertakari hanitx beitzen
Xahakoaren garaia
175 - Bigerren gerla aipatzez
honki herraren indarra
Oritzapenaren lana
Xahakoaren nigarra
176 - Nola ez aipa kültüra
pastoralen berrikuntza
Geroaren düda beltza
Xahakoaren hizkuntza
177 - Bena jeiaren mamia
süjetak idatzi hitzak
Kantore miresgarriak
Xahakoaren bihotza
178 - Lagünen artean ziren
oro zoin bizi, minbera
Ezin algar entelega
Xahakoaren piperra
179 - Egün ez dügü ahazten
gure aitamen denbora
Igaranak gütü hazten
Xahakoaren bularra
180 - Sogile maitagarriak
züentzat azken agurrak
Honar ezazüe otoi
Xahakoaren eskerrak
Azken kantorea
Eüskal kültür egarria
Ahargo mendiaren altzoan
ohatzen gure etxeak
Ibar, naba, erreken artean
zabaltzen aüzogüneak
Aitzinekoek heben atzaman
zeiküen güne haütüa
Jei zaharren ütürri turrustan
eraiki züen herria
Arrapika
Euskal kültür egarriak
Bildü zahar eta gazteria
Zer fede miresgarria
Emaiteko pastoral berria
Ohidüra honkigarriak
Aidatü Barkoxeko herria
Gaztalondotik, ta Larrajatik
Maltatik ez zen düdarik
Bürgü(a)tik ta karrika zolatik
karrikesak oro botzik
Oilaukitik, Ahargopeatik
Aranbeltze jüntatürik
Txapelatik bai Maidalenatik
bildü gogobihotzetik
Txipi txipitik junpatü gütü
ohidüraren izarrak
Horrek haur ametsetan lantatü
dantza ta kantore garrak
Ondotik ororer zaizkü sortü
taula gaineko sükarrak
Asperra egosteko bultzatü
jei berri edo zaharrak
Egün azkar pastoral korpitza
bihar zoin düke geroa
Ürkatzen badü bere bihotza
haütatürik sos ildoa
Ahazten badü bere hizkuntza
Eüskal Herriko mintzoa
Ez dügüa kültüraren giltza
gur’ esküetan gaixoa
Hitzak : Patrick Kanpo
Ahairea : Jean Bordachar