Lehen perediküa
1 - Agur, agur, jente honak / xaharrak ala gazteak
Algarrekila jarriak1 / Eüskaldün ala besteak.
2 - Istoria bat entzün arren / segür inganagarria2
Eta geroari bürüz / agian argigarria.
3 - Oier hirugerrena zen / Xiberoko azken jauna
Bizkonte kargüarekin / Mauleko gaztelüzaina.
4 - Erauntsi züan tai gabe3 / Xiberoaren zainkatzen
Eta bizia higatü / etsaiaren güdükatzen.
5 - Bi nabusi4 beitzütüan / Bordele (e)ta Nafarroa
Bat aski zela pentsatüz / Iruñean zeion5 geroa.
6 - Akitaniako dükari / oldartürik hanitxetan
Zonbait aldiz goitü6 züan / güdüka galdü bestetan.
7 - Ingelesen errege beitzen / Akitaniako dük hori
Indarraren aitzinean / gure jauna zen erori.
8 - Xiberorik ohiltürik7 / Nafarroan zen ohatü
Eta han armaden bürü / erregeak izentatü.
9 - Nafarroako jüntetan / kargü handiak beterik
"Mauleon" izena han ereinik / ondokoetan dü bizirik.
10 - Arradako mendi tinian1 / gora beitü jauregia
Bardin gora gure beitan / Xiberoaren begia.
11 - Oierren arartez egün / Xiberoa dügü aipü
Besta hau sorleküari / eskentü2 nahi deiogü.
Sataneria
Kanpotik eskaleren goiti, Basabüztan eta Pekobürü satanak.
Basabüztan
12 - Xiberoko Pettarra1 / mezperetan dügü
Eta gük otoitzea / bereziki hügü2.
Pekobürü
13 - Basabürütik ere / koxüa3 badügü
Erriñi4 batekila / pettoen haidürü.
Basabüztan
14 - Arbaila galdü zaigü / Pettarrak itorik
Mauleko parropian5 / osoki hurtürik.
Pekobürü
15 - Maule hortan gisala6 / badün eüskaldünik
Andana bat jin beita / küküla7 zügünik.
Basabüztan
16 - Manexetik8 halaber / jentea saldoan
Gure dohainentako / düda9 bat gogoan.
Pekobürü
17 - Hegoaldetik ere / baita Bianorik
Oste handia date / gük inganatürik10.
1. jelkaldia
1257an Mauleko gaztelü zaharrean. Horren zaintzean Akitaniako dükaren armadari bürüz, güdükan hil da Xiberoko jauna, Erramun-Gillen V, Oierren aita. Jelki Markesa (alargüntsa berria), hiru semeak (Oier, gehiena, Allande eta Fontaner), lagün saldo batekin, eta Salaberri arxapeza.
Salaberri arxapeza
18 - Malür1 handi bat agitü2 zaigü Mauleko gaztelü hontan
Aitzindariak bizia galdü gure zaintzeko güdükan Hilaren alde otoitzeginez, ager gitean3 dolütan
Eta zelüko Petri giltzainak har dezala bere bortan4 !
Erditik jelki hilkütxa.
Markesa
19 - Xiberoko bizkontea / eta ene jaun maitea
Gaur dit zure laüdatzea / bena nigar egitea.
20 - Goratzen dit güdaria / güzien zerbütxaria
Libertatearen alde / bihoztoiki eroria.
21 - Gure lehua5 bezala / jeiki zinen oldarrean
Bena zorte txarrak joa / laster agitü lürrean.
Oier
22 - Aitaren esenplü honaz / bürgoi1 gütüzü güziak
Bere lorian har dezala / zelü-lürren jaun biziak.
Markesa (kantüz*)
23 - Nigar egiten deizüt / ene haurren aita
Etsaiak egotxirik / petik none(re)beita2
Nigar halaber zuri / ene lagün hona
Atzo zaldün arraia3 / gaur hotzik etzana.
24 - Ene gizon gaixoa / goizegi joana
Heben düzü korpitza / non ote arima ?
Zütaz ürrikal4 bedi / zelüko jaun hona
Zabalik dagokizün / haren erresuma.
25 - Xiberoaren bürü / orai nihau nüzü
Salbatürik bazira / lagüntüko naizü
Herriaren zaintzeko / etsaiaren aitzi5
Gain hortarik nezala / Jinkoak ürgatzi6.
Kaputxina elkitzen dü eta hilkütxaren gainean hedatzen.
Gerlako arropetan agertzen da, ezpata saihetsean.
Eñaut
26 - Ama ez zirade zihau / semeak heben giaudetzü
Eta zure lagüntzeko / beti prestik gütüketzü.
Markesa
27 - Bi nabusi beitütügü / Bordele (e)ta Nafarroa
Batekin aski dizügü / eta hura Nafarroa.
28 - Akitaniako düka / sobera sartü ziküzü
Fitexka1 bere leküan / ezarri behar dizügü.
29 - Lehenik Senexal hori / aitaren ehaile2 tzarra
Ohil dezagün hebentik / astoa bezain desferra.
Fontaner
30 - Güdükala goatzan arren / amaren manaspenean3
Aita bego bakean / eta Herria libertatean.
Miramondak eta eretzean hiru semeek ezpatak hilkütxaren gainean kürütxatzen dütüe, zin egiteko bezala. Gero denak badoatza.
2. jelkaldia (1. güdüka)
Türken aldetik jelki Longue-Epée Senexala eta de Navailles, Liginagako jauna.
Longue-Epée
31 - Orai nabusi girade / bizkonte ñapürra1 hilik
Xiberoko jabegoa2 / goza dezagün trankilik.
Navailles
32 - Alargüntsa prenda3 horrek / bere oilasko txarrekin
Gaztelüa ütz dezala / bere hontarzün4 güziekin.
33 - Akitaniako düka da / hebenko5 bürüzagia
Eta gaztelü hau dü / zinez arranotegia.
Longue-Epée
34 - Arranoa zü zira gaur / Xiberoko jaun berria
Edouard gure nabusiak / bere gizon ezarria.
Kiristien aldetik horra da Markesa, bere lagün eta semeekin.
Markesa
35 - Xiberotarsa bat zer den / apentziala6 ez dakizü
Zure zanko arte hori / zainkatürik hobe düzü.
36 - Akamarren7 behera gaur / ohiltü behar zütügü
Eta joanen zira ttattit8 / bizia maite badüzü !
Güdüka. Etsaiak ihes. Xiberotarrak beren aldetik ützül.
Kanta 1
Agur Jaunak
37 - Agur jaunak et(a) andereak,
Agur (e)t(a) erdi ! (berriz)
38 - Jinko jaunak egin gütü1
Züek eta gü bardintsü.
Agur denak, agur
Agur (e)t(a) erdi
Heben gaude. (3 aldiz)
Agur denak !
Kantore llabür eta famatü hori, hona azkenean zübereraz egokitürik, andereak ere agurtüz. Hastapenekoa zer zen : XIX. mentean, pelota partida baten hastean, baxenabartar jokülari batek desafiozko bertset hau jaulki zeion Oiartzuneko "Urtxaile" pelotakari eta koblakari famatüari :
"Agur Jaunak, Jaunak agur,
"Agur t' erdi…
"Denak Jinkoak inak gire,
"Zuek eta bai ni ere…
"Agur Jaunak,
"Agur t' erdi,
"Hemen gire."
Geroztik kanbio txipi elibatekin emaiten da. Xiberotarrezko bat ments beitzen, hor dago, andereak ere agurtüz.
3. jelkaldia
1259 urtean, Mauleko gaztelü zaharrean, jelki Oier eta Markesa
Markesa
39 - Ene haurra eta jauna / berri hon bat horra1 deizüt
Gure dükak Frantziarekin / bakea sinatü dizü.
Oier
40 - Nausiaren mahainetik / erorten diren buxiak2
Baliatü behar ditizü / pean den txakür txipiak.
Markesa
41 - Biba zü ene semea / bertan3 ikasten beitüzü
Orai arrafera4 hona / prestatü behar dizügü.
42 - Gaztelü honi so5 dago / Edouard printze-dük handia
Akitania güzian / hau beita lekü haitüa.
Oier
43 - Baskoniaren hatsarrean6 / heben ziagozün bürüa
Adiskide ala etsai / hau da denen helbürüa.
Markesa
44 - Arranotegi hontan / sartzea erabakirik
Heben jabetü artean / dükak ez düke bakerik.
45 - Presta gitean arren7 / berriz horri bühürtzera
Eta goatzan berehala / harresien* azkartzera8.
4. jelkaldia
Jelki Markesa, Oier eta bi anaiak, Zinbideta (Xiberotarren Biltzarra) eta Xiberoko noble txipiak. Lextarreko intzaurtzearen üngürüan biltzen dira, Züberoako hiribürüa beita Lextarre
Sindika
46 - Xiberoko popülüa / eta Lextarre herria
Entzün ezazü mezüa / hona gure jaun berria.
Markesa
47 - Oier dikezü izena / hirugerrena beitate1
Aitaren primü2 xüxena / Xiberoko jaun bizkonte.
Sindika
48 - Üsantxaren3 arabera / libro da gure Herria
Libro herritar bakoitxa / zaharra nola berria.
49 - Lextarreko plaza hontan / intzaurtzearen üngürüan
Zin eginen düzü jauna / Üsantxako libürüan*.
Oier
50 - Lege Zaharra gogoan / Jaunaren lagüngoarekin
Ene aldian Herria / zaintüko düt arraheinki.
51 - Üsantxa begiratüko / eta betaraziko düt
Jüstizia bermatüko / denak bardin peretxatüz4.
52 - Jinkoak etxek dezala / beti gure Xiberoa
Eta süstenga5 ber gisan / denen ama Nafarroa.
Markesa
53 - Zü zirade gure primüa / Xiberoko jaun berria
Aita zenaren ber gisan / zaintüko düzü Herria.
54 - Orizü horren seinalea / Xiberoko erredola1
Baskoniako lehua2 / zurekin txütik dagola.
Oier (kantüz)*
55 - Santxo Menditarraren / lehu bihoztoia
Xiberoan zaint ezak / eüskal hariztoia
Süsta gure bihotzak / iratzar indarrak
Eta jünta gitean / isiltüz aharrak3
Eta jünta gitean / isiltüz aharrak.
56 - Jinkoak benedika / beti gure ama
Berriz agertü beita / Xiberoko dama
Aitaren bardineko / hortan ere dena
Bien bidea diket / orai hoberena4
Bien bidea diket / orai hoberena.
Kanta 2
Ainharbe
57 - Ainharbe Laphitzaga kaskotik
Holako begikaldü1 ederra
Etxe, hogeita zazpi eliza
(E)ta soro2, oihan zoin xarmagarri(a)k.
58 - Jakobeko bidetik ebilka3
Agur Bentaltek(o) ospitalea
Kürütxea eta hilerria
Plaxot bat4 (e)ta plazan sar jartea.
59 - Ainharbe hegiko ha(r)itxaren pe(a)n
Pausa, beha istorier itzale(a)n
Heia, norek hiltze(a)n oilokoka
Hala nahiz atzeman ilantxa5 ?
60 - Norek gaü batez betatü6 züan
Arrain (e)t(a) aingeraz arramahankak7
Arto alor8 baten bazterrean
Beste batek behartü basurdeak ?
61 - Norat jo(a)n zide osab(a) (e)t(a) anaiak
Am(er)iketan edo Pa(r)isen bizi
Bai ostirale hanitx ükenik
Goraintzi bat deizüegü deneri !
Hitzak : Christian SALLABERRY Ainharbearra
Ahairea : Arnaud LAPHITZ
5. jelkaldia
Jelki Oier eta Markesa
Markesa
62 - Seme hona eta jauna / ez nüzü gaztetzen ari
Eta ene arrahaurren1 / ikustea gogoan dit.
63 - Emazte baten hartzeko / adin honean zirade
Ürrats horri ordü deno / pentsatü behar zünüke.
Oier
64 - Ama hona bozten2 nüzü / solaz honen ükeiteaz
Eta ene xede baten / orai zuri aipatzeaz.
65 - Andere batez agrados / agitzen3 nüzü jadanik
Apentziala ez nizü hügü4 / nahiz ez deitan erranik.
Markesa
66 - Berri hona düzü hori / ez beitate txerkatzerik5
Ontsa haütatü düzüla / ez nikezü lotsatzerik6.
Oier
67 - Kasik aüzoa7 dizügü / familia honekoa
Etxekanderegei zügüna8 / Miramonda Büzykoa.
Markesa
68 - Üsantxaren arabera / banoazü arren9 Büzyra
Andere horren eskiaren / ait(a) et(a) amer galtatzera10.
6. jelkaldia
Oier eta Miramondaren ezteiak 1260 altean. Jelki Markesa, Oier, Miramonda, honen etxekoak, Olorueko apezküpüa, askazi eta adiskideak.
Oier
69 - Egün garaile dizüt / ande(re) baten xarma, ande(re) baten xarma,
Hari ene gogoa / hori beitüt arma
Agur arren maitea / bihotzeko dama, bihotzeko dama
Agian egün batez / ene haurren ama.
Miramonda
70 - Agur zaldün bihoztoi / eta bihozpera, eta bihozpera
Ez zazüla ez apal / bürüa sobera
Etsai gogorragorik / segür badükezü, segür badükezü
Denen aitzi jagoiti / lagüntzale naizü.
Biak
71 - Algar maita dezagün / bizitze güzian, bizitze güzian
Jinkoak nahi badü / bidaje lüzean
Algar süstenga bardin / beti nekezian, beti nekezian
Xibero Herriaren / biak zerbütxüan.
72 - Zelüko Jinko Jauna / zuri giaudetzü, zuri giaudetzü
Denbora torpe hontan / begira gitzatzü
Destorbü, eritarzün / ekaitza hürrüntüz, ekaitza hürrüntüz
Gure bideak argit / etsaiari bürüz.
Apezküpüa
73 - Jinkoak benedika / züen batarzüna, züen batarzüna
Eta seinale düan / erraztün biküna
Algar etxeki beti / fideltarzünean, fideltarzünean
Eta haurrak eraiki / etsenplü honean
Eta haurrak eraiki / etsenplü honean.
Ahairea : Saratarra naizela
Kanta 3
Arbotiko prima eijerra
74 - Jaun baruak aspaldin
Xederak hedatü zütin
Txori eijer bat atzaman dizü Paueko seroren komentin
Orai harekin biziren düzü, aspaldian gogun beitzin
aspaldian gogun beitzin.
75 - Jaun barua orai zü
Felizitatzen zütügü
Zeren beitüzü Mus de La Plazaren prima eijerra espusatü
Andere hori irus düzü zuri ezteizügü dolü,
zuri ezteizügü dolü.
76 - Igaran apirilaren bürian
Armadaren erdian
Züntüdan bihotzian, armak oro eskian
Present espiritian,
manka besuen artean
manka besuen artean.
77 - Jauna maite banaizü
Erraiten düzün bezala
Kita ezazü, kita ezazü, erregeren zerbütxia
Eta maita herria,
üken dezadan plazera
üken dezadan plazera.
78 - Xedera balitz halako
Merkatietan saltzeko
Xiberuako aitunen semek eros litzazkie oro
Halako txori eijertto, zunbaiten atzamaiteko
zunbaiten atzamaiteko !
Hitzak : Beñat MARDO barkoxtar koblakaria (XVIII. mentea).
Ahairea : herritarra.
7. jelkaldia
Kanpotik jin Edouard Akitaniako düka bere armadarekin. Kiristien bortatik Oier, bere ama, bi anaiak, emaztea eta lagünekin.
Edouard
79 - Akitaniako düka niz / arren zure nabusia
Eta lege feodalez / hebenko bürüzagia.
80 - Zin eginez men osoa / zor deitadazü jagoiti1
Eta gaztelü hau behar / beti zabalik etxeki.
81 - Hitzemanen deitadazü / zerbütxatüko naizüla
Eta gaztelüko giltza / ützüliko berehala.
Oier
82 - Xiberoa mentez-mente / libro izan da bere-ber
Nausi gorak jesan dütü / hürrün egoiten ziren ber.
83 - Jabea hürrün delarik / etxezaina2 bizi daite
Ogi3 joitean zakü kontan / so arrotzik ez beitate.
84 - Xiberoko aferetan4 / sobera sartü zira zü
Eta zure nausikeria / mügatü nahi dizügü.
Güdükaren hastera doatza.
Azken püntan, presaka jelki On Gabriel, Aita Saintüaren mezülaria, eta Musde Mendizorrotz, Nafarroako erregeren kargüdüna.
On Gabriel
85 - Gerlarik ez beita behar / kiristi1 honen artean
Aita Saintüaren manüz / antola ziteie bakean.
Mendizorrotz
86 - Oier adiskide hona / hobe düzü plegatürik
Tziauri2 arren Nafarroalat / errege jaunaz deitürik.
Oro badoatza, nor bere aldetik.
8. jelkaldia
Jelki Thibaud II Nafarroako erregea, Isabela erregiña eta jaun-
andere elibat. Isabela, Frantziako Louis IX "saintüaren" alaba da.
Kanpotik jin Oier eta Miramonda.
Thibaud
87 - Honki jin1 zuri Oier / Nafarroako lürrean
Manera berezi batez / gure zaldünen artean.
88 - Zure bertüte handia / famaz ezagützen beitüt
Erresumako "ricombre" / heben izentatzen zütüt.
Nafarroako erredola emaiten deio.
Oier
89 - Eskerrak errege jauna / zure batzarri2 nobleaz
Eta izentatze hontan / zor deizüdan ohoreaz.
Isabela
90 - Denen beharra badügü / erresumaren zaintzeko
Gaztelako erregetik / bereziki libratzeko.
91 - Düala berri hartü zeigün / mendebaleko lürraldea
Araba (e)ta Gipuzkoa / eta Durango aldea.
Thibaud
92 - Aterpe handia zaigü / Louis bederatzügerrena
Frantziako erregea / eta zure aita hona.
93 - Hortako ene aldetik / beti süstengi nahi düt
Palestinala kürütxadaz / harekila banoazü.
Oier
94 - Nik ere jauna ber gisan / lagüntzea zor deikezüt
Arren kürütxadazale / zurekila horra nüzü3.
Kanta 4
Ezpeize-Ündüreine
95 - Ezpeize-Ündüreine / herri ordokia
Bena bi bazterretan / oihana, makia
Batetik Larrabile / bestetik Ainharbe
Ürrüpera1 da heben / ororen axolbe.
96 - Ezpeizeko eliza / oker aitzinean
Lamiña da gisala / hortaz ogenean
Hütsaren xüxentzea / barnen gorderik zen
Sabaia zelütürik / begi (e)ta bihotzen.
97 - Ündüreiñekoa da / hegian eginik
Xiberoko bortüa / bortan dü lerdenik
Landetxeberri bat zen / apez protestanta
Leizarraga batekin / idazle galanta.
98 - Ezpeizek ere badü / gizon handi zonbait
Etxe noblea heben / izan beita noizbait
Lextarreko jüntetan / lehen hamarretan
Eta ber heiñekoa / bazen Sarrikotan.
Hitzak : J.-L. D.
Ahairea : Michel ETCHECOPAR
* Joanes LEIZARRAGA Lapurtarrak, Testamentu Berria eüskaraz agertü beitzüan 1571an, lan hortan lagüntzale zütüan bi Xiberotar bederen :
LANDETXEBERRI Ündüreinekoa eta TARTAS (ala Tartaz ?) Sarrikotapekoa.
9. jelkaldia
1270ko üdan Tünisen. Exkerretik jelki müsülman andere talde bat.
Haziba
99 - Allahren güdaria / jeik hadi bertan1
Errumi erregea / hor beita bortan.
Kahina
100 - Itsasontzi beteka / jin dün etsaia
Gure lürren hartzera / kiristi saia.
Raxida
101 - Zaint detzagün herria / eta fedea
Bi aldiz saintüa da / gure xedea.
Zohara
102 - Frantziako errege / fanatikoa
Tünisia ez düzü / katolikoa.
Haziba
103 - Jesüsen hilobia / ez dago heben
Erregeak badakia / zertara jin den ?
Kahina
104 - Europar erroi horik / beti airean
Lürrez eta diharüz2 / ezin asean.
Raxida
105 - Aberats izatea / hoien Goikoa
Gük aldiz dügün etxek3 / Allah Jinkoa.
Zohara
106 - Allahren izenean / eraik ezpata
Eta Frankoa bertan / hebentik bota !
Exkerretik badoatza.
10. jelkaldia
Ber üdan, ber leküan. Kanpotik jin Louis IX "saintüa", Thibaud II eta Oier beren gizonekin. Borta gorritik aldiz Al-Malik Tüniseko erregea bere müsülmanekin.
Al-Malik
107 - Frantziako erregea / saintü zirena gisala
Nolaz arren horra zitzait / honat ohoina bezala ?
108 - Herri hau ez da zurea / ni niz heben erregea
Azkar da gure fedea / bai eta xüxen legea.
Louis IX
109 - Charles d'Anjou anaia düt / Siziliako erregea
Harentako nahi nüke / zure ganikan bakea.
110 - Palestinako bidetik / hortako nüzü baztertü
Eta beraz Tünisian / armadarekin agertü.
Al-Malik
111 - Adiskide baten gisa / guri bürüz jin bazina
Borta zabalik zünükean / eta hortan honki jina.
112 - Leihotik sartü beitzira / hantik ezkapiko zira
Edo bestelan oneski / ordü deno erretira.
Güdüka. Kiristiak ihes.
Bi errege kiristiak "tifus" izurritik hilen dira laster, Louis IX Tünisen, Thibaud II Sizilian. Haatik, Oier bizirik ützüliko da, Nafartarrekin balentia ederrik egin ondoan.
Kanta 5
Sarrikotapea
113 - Berrogeita laueko / Ande(re) Dena Mariaz
Sarrikotan agertü / güdükaren süia
Ürrüstoirik eraitxirik / oldartü makia
Gizon andana galdüz / ezkapi etsaia.
114 - Sarrikotape hortan / biharamenean
Gizonak oro txütik / eliz(a) aitzinean
Gero hantxen behera / kamiuen barnean
Ortesen elkitzeko1 / libro azkenean.
115 - Haier mendekatzeko / mitraileten püntan
Etsaia builta batez / egon bazen düdan
Zühürtzia nausitü / hein handi batetan
Halere hirur etxe / galdü ziren sütan.
116 - Etsaiak presa züan / hebentik joaiteko
Aliatüen trükesek2 / beitzüen hartüko
Mezperan beste ba(ra)ila3 / Provencen sartürik
Normandiakoari / laster jüntatürik,
Hola zen Sarrikota / jelki4 salbatürik
Hola zen Sarrikota / jelki salbatürik.
Hitzak eta ahairea : J.-L. D
11. jelkaldia
1274ko agorrilaren 27an Iruñea/Pamplonan, Nafarroako Estatüen jüntan. Zentü berri da Henri I erregea, Thibaud II zenaren anaia eta ondokoa (1270-1274).
Jelki Blanca alargüntsa, Joana alaba gazteñia eta erresumako hamabi "ricombre" jaunak, haietan Oier, Pedro Santxez Monteagudokoa (Erriberako jauna),
Garcia Almoravid (Gorritiko jauna)…
Blanca
117 - Hamabi "ricombre" jaunak / Henri erregea hilik
Hona Joana gure prima1 / erregiña izentatürik.
118 - Gazteñi beita orano / zürkaitx2 azkarra behar dü
Gobernari bat Nafarroan / plazer düzüela haütatü.
Monteagudo
119 - Erregiña gaztearen / lagüntzale izateko
Züen baimenaren galtoz / lehena niz agertüko.
Almoravid
120 - Menditar izanez eta / bestetik gaztelazale3
Haütagei nüzü ber gisan / bakearen bermazale.
Oier
121 - Gaztelari bürüz dügü / mügaren zaintü beharra
Hor dago Monteagudo / peko beitü Erribera.
Blanca
122 - Arren orai hamabiek / bozkatü behar düzüe
Bakoitxaren aldekoak / harekin ager ziteie.
Alde batetik Monteagudo eta beste sei agertzen dira, bestetik Almoravid eta beste lau.
Blanca
123 - Monteagudoko jauna / zü zütügü gobernaria
Joanaren irakaslea / erregeren ordaria.
Oier
124 - Delibero1 horren berme / hona ene sinadüra
Xiberoko erredola2 / hor lehu baten itxüra.
Oierrek erregiña txipiari ilezko lehu bat emaiten deio.
12. jelkaldia
Jelki Oier, Miramonda eta haur saldo bat.
Haurrak mintza.
125 - Behin bazüzun familia bat,
izena zizün Eüskal Herria.
Ama züan lürra,
aita ekia, jente güziek bezala.
126 - Zazpi haur zütüzün,
zazpi alaba.
Zazpigerrena txipia, eijerra, hardita,
lamiña, ama gurea,
Xiberoa !
127 - Eta bazüzün hantxe bortü gora,
hortxe mendi apala,
heben Ühaitza,
elgea, ürrüpera.
128 - Eta bazütüzün oihanak,
alorrak, soroak,
gaztainaztoiak,
sagardoiak,
mahastoiak ere bai.
129 - Eta kabaleak,
etxenko abereak,
basoko basihiziak,
hartzak eta otsoak...
(Ulala ! Ebehou !)
Eskolarik ez zen gisala...
(Zer xantza1 !)
130 - Jenteak bazütüzün halere
Eüskaldünak, Xiberotarrak ,
beren jauna bazizüen,
Oier Maulekoa,
eta emaztea, Miramonda,
beren hameka haurrekin :
ontsa züzün libertitzeko2 !
131 - Hori oro amets bat izan zena ?
Amets bat ote gira gü ere ?
Ez jaun-andereak,
egüna da, ez gira lo,
ez da heben amets auherrik3 :
bizi gira Xiberoan,
Eüskal Herrian,
132 - Ainharben, Sarrikotapean,
Ezpeizen, Ündüreinen,
Ürrüstoin, Larrabilen...
Eta bizi girela probatzeko,
dantza bat emanen deizüegü !
Kanta 6
Ürrüstoi-Larrabile
133 - Ürrüstoi-Larrabilek, azken mendixketan
Eüskara süstengi1 dü fidelki mügetan
Berriki erdi galdü gazten erranetan
Orai arrapizten2 dü haurren ezpainetan.
134 - Ürrüstoin aspalditik lerden Abadia
Frütü haitüa beitü jakintsü handia
Hendaian egin züan etxe haurridea
Eta lüzaz ikertü hortik zohardia3.
135 - Larrabilen azkar4 da patar famatüa
Hor paseiün dabila kantüko jentea
Hegitik5 ageri dü Xibero maitea
Eta Pireneoko bortüen erdia.
136 - Eretzean6 zütüegü, Ainharbe, Oihergi
Bortütik Maidalena eta Sant Antoni
Agur dereizüegü Gaztelütxagatik
Arbasoek eraiki lürresi goratik.
Hitzak : J.-L. D.
Ahairea : Michel ETCHECOPAR
13. jelkaldia
Parisen Joana I Nafarroako (eta Frantziako) erregiñak "Collège de Navarre" ikastetxe famatüa estrenatzen dü. Oier hor dago Miramondarekin.
Nafarroako himnoaren sonüaz lagüntürik jelkitzen dira. Erregiña mintzo.
137 - Ni, Joana lehena, eüskaldünen erregiña subiranoa,
Frantziako Philippe le Belen erregiña kontsortea,
botzik niagozü egün züekin. Obra eder bat
estrenatzen dizügü, "Collège de Navarre" ikastetxe
handia, bihotz oroz desiratü düdana.
138 - Eüskal Herriko mendi goxoa ez dü sekülan ahazten
haren bistan sortü denak. Egün oroz igaiten niz
Pariseko zeinütegi goreneala, hegoaldeko
zelümügari so et so egoiteko begiak higatü arte,
bena prefosta ez zait bortürik agertzen.
139 - Arren, ama lürraren ametsa heben lantatü nahi düt,
haren korpitzetik hürrün izanik ere, haren arima
heben ager dadin, eta lüzaz bizi gü hil ondoan.
140 - Eskerrak lehenik ene senar eta errege jaunari,
Parisen etxe honen eraikitzeko baimena emanik,
eta lagüngoa ere bai, Nafarroaren izena honartüz
gaineala ikastetxeko sargian.
141 - Eskerrak zuri ere, Oier kapitain hardita, hain
hürrüntik jinik emaztearekin, ainera bedatsean
bezala, Herriaren mezülari, gure bortüen bi hegaletarik.
142 - Eskerrak ber gisan etxe hau eraiki düzüen güzier.
Jinko honak benedika dezala züen lan ederra, eta
txütik etxek mentez mente, gure bizi llabürretik landa.*
Joana I erregiñak xingola mozten dü.
* Joana I Parisen hil zen 1305ean, 34 urteetan, eta Nafarroa güziak nigar egin zeion.
Gero 1794an, Frantziako Iraültza (Errebolüzione) denboran, "Collège de Navarre" delakoaren leküan plantatüko da "Ecole Polytechnique" famatüa.
Kanta 7
Nafarroako Ereserkia
143 - Nafarroa, lur handi, zabal, beti leial,
Zure ospea da antzinako lege zaharra,
Nafarroa, gizon askatuen sorlekua,
Zuri nahi dizugu gaur kanta. (berriz)
144 - Gaiten denok bat, denok gogo bat
Behin betiko iritsi dezagun aintza,
Bakea (e)ta maitasuna. (berriz)
Nafarroako himnoaren müsika lagün, denak erretira, nor bere aldetik.
14. jelkaldia
Jelki Bordeleko türk andereak, bereziki Arkaitxo, Bizkarroze, Gabatxa, Larreola.
Arkaitxo
145 - Gure dük berri hori / mantso ari zigün
Xiberoko jaunttoa / bakean üzten digün.
Bizkarroze
146 - Idorreria gogorra / sabelean badiken
Pürga baten hartzera / heltü behar liken.
Gabatxa
147 - Hihau joan hakio / horren emaitera
Ajütaz üzkiaren / gaur killikatzera.
Larreola
148 - Bordeleko ardoa / franko maite beitü
Jatean behar diñagu / hortara lagüntü.
Arkaitxo
149 - Nihauk ere burrata / bertan edan niron
None(re)beita ez deitan / honat ekarriko.
Bizkarroze
150 - Xiberotarrak ere / Bordele maite din
Barrikotean eta / botilletan bardin.
Gabatxa
151 - Dena dela jaun hori / behar da dopatü
Mauleko gaztelüa / dezan begiratü.
Larreola
152 - Güdükarik gabeko / istoria zoin triste
Gure püblika fite / kurrunkaz has laite.
15. jelkaldia
1294an, jelki Joana I Nafarroako erregiña eta Oier.
Joana
153 - Berri baten emaiteko / deitü zutüt ene gana
Gerlan sartü düzü berriz / Frantziako erresuma.
154 - Nafarroa ber bidean / ezarri behar dizügü
Bietako erregeak / hori manatzen1 diküzü.
Oier
155 - Nafarroako erregiña / zü zirade anderea
"Philippe le Bel" ontsalaz2 / gure printze kontsortea.
Joana
156 - "Prince consort" egoiteko / azkarregi3 da Filipe
Eta Frantziaren parean4 / Nafarroa ttipixe.
Oier
157 - Arren tronüa hartürik / eta errege makila
Nafarroa manatzen dü / Frantzia balitz bezala.
Joana
158 - Haren beharra badizü / Nafarroak bizitzeko
Bereziki Gaztelako / jaunetik begiratzeko.
Oier
159 - Xibero gaixoak1 aldiz / iparraldetik itxesa2
Akitaniako düka dü / builta hontan ingelesa.
Joana
160 - Mementoan horren aitzi / jünta gitean güziak
Xiberoa, Nafarroa / eta gurekin Frantzia.
161 - Hona berriz tenorea / Xiberoaz jabetzeko
Üzten zütüt arren libro / xede horren betatzeko.
Oier
162 - Eskerrak andere hona / Maulera nükezü laster
Nafarroako Joana / erregiña honi esker.
16. jelkaldia
Oier eta Miramonda Xiberoan sartzen dira Larraineko mügatik, eta Maltara heltzen.
Oier eta Miramonda
163 - Agur bai Xiberoa / Larraineko jüntan1, Larraineko jüntan
Heben etxen gütüzü / bereziki Maltan
Jeiki arren artzainak / gure ola2 hontan, gure ola hontan
Pausordüa ützirik / sar gitean bestan
Pausordüa ützirik / sar gitean bestan.
Jelki artzainak artaldearekin.
Oier
164 - Agur artzain maiteak / hor niz azkenean
Ene ber adineko / jenten aitzinean
Gazte ginen ordüan / ezin edenean3
Mente laurdenak gütü4 / ezarri heinean.
165 - Xaharrenak joanik / beste zonbait ere
Gazterik bada heben / sento5 bezain trebe
Artzaingoa bizi da / eta segür hobe
Xiberoa bestela / nontik bizi laite ?
Johañe
166 - Bozten gira gü ere / zure ikusteaz
Ohiko nausiaren / berriz ükeiteaz6
Hürrüneko eltzean / ürrea gisala
Bena kantütik7 ore / tipiñan8 bezala.
Pettiri
167 - Bestañi bat dezagün / hebentxek antola
Logaletü deneko / ez da hürrün ola
Apür bat dügün ahatz / üsatü9 trahola10
Kantore bat emanez / ahal den bezala.
Kanta 8
Otsogorri
168 - Otsogorri Handiak nasai1 dü maxela
Aüzoak ere zabal, Orhi (e)ta Kartxela
Gure bidea pean aski sarri2 galta
Goraintzi deizüegü Ardane (e)ta Malta, Ardane (e)ta Malta.
Arrapika
169 - Otsogorri, Otsogorri
Zure hegian3 azkorri4
Zure maxela5 sokorri6
Zure gabean elorri.
(Azken emanaldian emendio hau : Zure hegian azkorri !)
170 - Iparreko baxetan7, Pixtako jauzia
Turrustaz ageri da Pettar8 zolalano
Bedatsez9 aipatzen dü karruen10 hurtzea
Bena Sardekagaiña xuri dün orano, xuri dün orano.
171 - Ühülgüz11 ari bada pean itsasoa
Ez giteala presa, jinen da sasua12
Gesaltüren elürra, haziko belharra
Urtaro bakoitxa dün ederra, beharra, ederra, beharra.
172 - Üztail-agorriletan, egüerdi betean
Artaldea pausüan, eta gü bakean
Ekitoltzean13 hüxtüz14, hegoaize latza
Portilloko lepoan, üngürüz ügatza, üngürüz ügatza.
Hitzak eta ahairea : J.-L. D.
17. jelkaldia
1295ean Mauleko gaztelü zaharrean.
Kanpotik jin Oier bere lagünekin, türken bortatik Hélie de Caupenne bere gizonekin. Hau kapitain-gaztelüzaina da, Akitaniako dükak Mauleko gaztelü zaharrean Xiberoko gobernari izentatürik.
Oier
173 - Hélie de Caupenne jauna / nausia ni nüzü heben
Zoaza fite1 Xiberorik / ni kexatü2 beno lehen.
Caupenne
174 - Akitaniako düka da / Ingalaterrako erregea
Feodalitateko legez / gaztelü honen jabea.
175 - Gaztelüzain ezarri naü / nornahiren eretzeko3
Arren prestik nüzü jauna / zuri ere bühürtzeko4.
176 - Epantxütik5 elki zite / Xiberotar kokillota6
Eta parkamenü galta7 / txori bürü küsküilota8 !
Oier
177 - Beste legerik dizügü / Xiberoan eüskaldünek
Auzi hontan azken hitza / har dezela hoberenek9.
Güdüka.
Akitaniarrak ihes beren aldetik.
Xiberotarrak ützül kiristien bortatik.
18. jelkaldia
1299an Atharratzen. Jelki herritar andana bat, Atharratz jauna bürü, bestalde Oier eta Miramonda.
Oier
178 - Atharratzeko jentea / zure beharra badügü
Xiberoaren honetan1 / algar ezagüt dezagün.
179 - Ene lehen xedea da / müga honen azkartzea2
Biarnorik Xiberoaren / hobeki aterpetzea.
Atharratz
180 - Biarnorekin aspaldian / bizi girade bakean
Bena ihork ezin erran / geroa nola datean3.
181 - Denez mesfida gintake / arrain txipia beigira
Arren4 ahül izatetik / beti gitean begira.
Oier
182 - Lanjer5 handiena lükezü / Akitaniako jaun düka
Behin Biarno har baleza / hortik gentzake güdüka.
183 - Atharratzeko herrian / hiri berri bat behar düt
Harresi6 bat üngürüan / etsaier bühürtzeko txüt.
Santz
184 - Eta gaixo1 herritarrek / zer lekü dükegü hortan ?
Bizia xühür dizügü / gosea üsüxka2 bortan.
Oier
185 - Basabürüa gogoan / hona bigerren xedea
Merkatü bat zabaltzen düt / haz dadin bizipidea3.
186 - Plaza honen üngürüan / eraikiko da hiria
Lau galtzadaz4 idekia / Basabürüko bilgia5.
Kanta 9
Atharratzeko hiri berria
187 - Gainea peaz bekaitx / hain patar ez beita
Pettarrak bürüari / lagüntürik dela
Biak ezar bakean / zük arren Arbaila
Txipi da Xiberoa / dügün oro maita.
188 - Atharratzeko hiria / denek dügü maite
Oritzapen ederrez / hain lüzaz da bete
Xaho, Constantin, Aguer / Lüküz eta beste
Jente famatü hanitx / Maidalenan haste.
189 - Ahüñeko zelütik / arin et(a) argia
Airea horra zaizü / kristal isuria
Orhiko elürretik / bardin zohardia
Ühaitz alageraren / zilar kantaria.
190 - Atharratzeko herria / Maule beno lehen
Oier jaunaren manüz / hiria deitü zen
Bena hiribürüa / ezin daite jelos
Mauletar bati esker / agitü delakoz.
Hitzak : J.-L. D.
Ahairea : Ozaze jaurgainean.
19. jelkaldia
1307an, Mauleko gaztelü zaharrean. Jelki Oier eta Miramonda.
Oier
191 - Philippe le Bel erregeak / berriz bakea egin dü
Haren nahiari arren / behar dizügü plegatü.
Miramonda
192 - Ez zaizüa berri hona / ez dügüa boztü behar ?
Ez ote dügü engoitik / aski gerla eta nigar ?
Oier
193 - Prezioa gure bizkar da / Xiberoaren üztea
Akitaniako dükari / joanen ziozü dotea.
194 - Pakütako1 erregeak / ordariz emanen deigü
Nafarroako lürrean / zerbait kargü eta lekü.
Miramonda
195 - Nafarroa malerusak / aüzo handien erdian
Üdüri dü küküso2 bat / bi tximinoren artean.
196 - Batak ützi dükeaneko / atzamanen3 dü besteak
Ai erresuma txipiak / zoin diren dohakabeak.
Oier
197 - Eta zer erran ordüan / gure Xibero buxiaz1
Etsaiak hartüaz eta / bere lagünak ütziaz ?
Miramonda
198 - Gihauren2 bürüaz ere / baginikezü zer erran
Beti batetik besteala / üdüri eta "Jüiferran".
Oier
199 - Agur arren3 Xiberoa / oraikoan sekülako
Ene sor herri maitea / ez hait haboro4 ikusiko !
Oierrek :
Agur Xiberoa...
Miramondak ondotik, apalago :
Agur Xiberoa !
20. jelkaldia
Bordeleko türk andereak Mauleko gaztelü zaharrean sartzen.
Oier
200 - Xiberoko lehua / primantxa1 galdürik
Nabarralat joan da / nigarrez hurtürik.
Liburna
201 - Horren bihotz beroa / doi-doia kentürik
Edouard dükari dügü / heben eskentürik.
Maidok
202 - Gaztelü hau jagoiti2 / peko dü hartüko
Eta xüxenka deio / berak manatüko3.
Marmanda
203 - Bizkonterik gabe da / Maule baratüko4
Xiberoa ber gisan5 / zaigü plegatüko.
Blaia
204 - Arraza ñapürra6 dün / ametsik ez egin
Beti arrahastea / beitate7 horrekin.
Liburna
205 - Halere hein batetan / etxeki8 dezagün
Independentziarik / ez dezan ezagüt.
Maidok
206 - Popülü arrotzekin / ezar nahasirik
Eta Nafarroatik / süstut9 berezirik.
Marmanda
207 - Manexen10 mesperetxüa / bihotzetan heda
Popülüa zatitüz / gure peko beita !
21. jelkaldia
1307an Iruñean, jelki Burguzain, Nafarroako Estatüen Kortebürüa.
Kanpotik jin Oier.
Burguzain
208 - Sakrifizio handia / eginarazi beiteizü
Erregeak ordaria / heben eman nahi deizü.
209 - Bikoitza deizü saria / eta hau date1 lehena
Arradako gaztelüa / eta lürralde gizena.
Oier
210 - Eskerrak erregeari / ederra da jauregia
Haatik ez dit ahazten / Xiberoko ene kargüa.
Burguzain
211 - Nafarroako erregek / hori ere gogoan dü
Armadako banderazain / izentatüko beitzütü.
212 - Kapitain handia zira / denetarik hoberena2
Erregek ontsa3 badaki / ezarri zütü lehena.
Oier
213 - Eskerrak erregeari / egin deitan ohoreaz
Eta horrekin batean / üzten deitan ondareaz.
Burguzain
214 - Ohore bat beno haboro1 / zinez kargü handia da
Zure manaspenean2 da / erresumako armada.
215 - Gerlalako zü zirade / gure jaunaren besoa
Esküan düzü jagoiti3 / nafar ezpata osoa.
Oier
216 - Erregeari zor dikeot4 / ahal dükedan güzia
Nafarroari gaineala / gogoa eta bizia.
Kortebürüak Nafarroako bandera Oierri emaiten deio.
Kiristien aldetik badoatza.
Kanta 10
Arradako gaztelüa
217 - Erribera hegian1 / Arrada herria :
Ordokien erditan / gora dü harria
Oier Maulekoa da / horko jaun berria
Nafartar erregeak / espres2 ezarria.
218 - Gaztelü azkarra3 da / goiko jauregia
Bardeak zaintzen dütüan / arrano begia
Bena Maulekoala / hegalez gogoa
Heben ogi ardoak / han aldiz mengoa.
219 - Getzen hil arranoa / isiltü heroia*
Harresi deseginez / jabetü erroia
Gaztelako aizea / desertü motzean
Hüxtülotsez4 horra da5 / müsika hotzean.
220 - Arrapiztüko6 zaigü / gaztelü zaharra
Harresien ikertzen / hasi da nafarra
Hegiz hegi7 dabila / berriz arranoa
Arradarik Maulera / bizi Nafarroa.
Hitzak : J.-L. D.
Ahairea : Pette ETCHECOPAR
-
Getze-Noaineko güdükan 1521ean hil zen Charles de Mauléon, Arradako jauna, Oierren ondoko bat. Nafarroaren alde ari zen, erresumaren hartzera jinik zen Gaztelako (Castillako) armadaren aitzi. Nafartarrek galdü züen, eta Nafarroa Garaia Gaztelako erregearen peko dago.
22. jelkaldia
1314an Iruñean (Pamplona), Nafarroako Estatüen bilküran.
Jelki erresumako hamabi "ricombre" jaunak, haietan Oier eta Gobernaria.
Oier
221 - Hamabi "ricombre" jaunak / egün bildürik girade
Hiri berri baten plana / dügülarik heben xede.
222 - Errege jaunaren manüz / Aralarko müga hortan
Eraiki behar dizügü / kasi Gipuzkoako jüntan.
Gobernaria
223 - Gaztelaren zerbütxüala / bortxaz erori beitziren
Gipuzkoarrak ari zaizgü / hor tai gabe1 zirukatzen.
Oier
224 - Jüstoki mendi zolan da / plantatü behar hiria
Güne xüxenarentako / zoin da züen abürüa2 ?
Gobernaria
225 - Sakanako ibarrean / behar lizate plantatü
Etxarri-Aranatz dügü / hiri batentako haütü.
226 - Beste abürürik ez da ? Akort girenaz geroztik
Goatzan ordüan aitzina / Etxarri da haütatürrik.
Oier
227 - Lehenik harresi hona / üngürüan eginen da
Segürtamena beitate1 / denentzat horren segida.
228 - Gero karrika2 berria / barnean antolatürik
Üngürüneko jentea / hortara date3 bildürik.
Gobernaria
229 - Etxarri-Aranaztarrer / Foru bat emanen zaie
Eginbidearen berme / züzenbidearen alde.
Oier
230 - Agur jaunak, ikus arte / Jinko honak plazer badü
Adin handia hüllan4 düt / orai behar düt anpletü5.
23. jelkaldia
Jelki Oier eta horren lagünak, Etxeber apezarekin.
Oier
231 - Partitzeko1 tenorea / hona non düdan heltürik
Dener agur erraitea / hobe düt ez lüzatürik !
Etxeber
232 - Jaunaren parkamentüa / güziek behar beitügü
Zure hütsez oritürik / arren dolü2 harrezazü.
Jelki aingürüak eta kanta :
233 - Mündü hontako denbora / bazterreala zaizü heltü
Adin eder bat emanik / Jinko honak zütü3 deitü.
234 - Gerla hanitx egin düzü / ez beti zure ogenez4
Jauna oritzen da bardin / obra eta xede honez.
235 - Urte andana lüzean / ez beitzinen egon auher5
Salbatürik zirateke / otoitze honari esker.
Kanta 11
Oierren azken otoitzea
(Ahairea : Itsasoa laino dago)
236 - Üdazkena, larrazkena
Urtarorik ederrena,
Sasu1 hunaren segida
Maleruski2 negüa da.
237 - Bizia lanez beterik
Et(a) indarrak higatürik
Bakean dizüt gogoa
Aita-amen ganat banoa.
238 - Gaur ene dolü3 bakoitxa
Maule(r)ik hürrün heriotza
Han ützi nüan bihotza
Han behar nüan korpitza4.
239 - Otoi parka Nafarroa
Xiberoaren erroa
Ene bigerren habia
Eta jagoiti hobia5.
240 - Aita jüje6 hoberena
Ez nezazüla kondena
Zütan beitüt sinestea
A zer indarra fedea,
Zütan beitüt sinestea
A zer indarra fedea !
Oier hilik etzaten da. Erditik eramaiten düe, bi armada adiskideez agurtürik eta Etxahun Irurikoaren "Agur Xiberoa" kantorearen airean, müsikaz lagüntürik.
Azken perediküa
241 - Libertataren alde / hanitx erauntsi beitzüan
Behar zena egin dügü / gure jaunaz oritzean.
242 - Bizkonteaz gabetürik / Herria ez zen hortan hil
Bizirik da Xiberoa / honen alde gitean bil.
243 - Oier itzali zenean / aldia hartü Lextarrek
Zinbideta han eginez / ardüra xiberotarrek.
244 - Nafarroarekilako / tratüak arraberritzez
Borta zabalik etxeki / leheneko haütetsiek.
245 - Hamazortzigerren mentean / bere Sindikak saldürik
Xiberotarren biltzarra / izan zen ezabatürik.
246 - Iraültzaren hatsarrean / probintzia deseginik
Eman zeigüen Distrikak / bazüana horren heinik ?
247 - Laster ezabatü züan / Napoleone lehenak
Orai beharrik hor daude / gure herrien batarzünak.
248 - Etxek detzagün üskara / lürra, lana (e)ta gogoa
Indartsü bezain eüskaldün / bizi dadin Xiberoa.
249 - Ekonomia da korpitza / hizkuntza berriz arima
Bihotzaren axolbean / pentsamentü baten ama.
250 - Algar etxeki dezagün / lehenik besta eginez
Eta zuri püblik hona / beti eskerrak emanez !
Kanta 12
Ene Herria
251 - Ene herria, miresten zütüt haur denborako begiez
Andere handi zira beztitü dentela fizko hegiez
Zaia zolala heltzen nitzaizü doi-doia nizan pettarra
Hatik eskütik etxeki naizü, eta zütan dit indarra,
eta zütan dit indarra.
252 - Azkorri oroz leihoan zütüt, oi Otsogorri Handia
Pixtan behera ikusten deizüt erria edo nigarra
Eta ibarra junpatzen beitü zure kantore zilarrak
Ama hoberik asma deitea, ene Xibero maitea
ene Xibero maitea ?
253 - Ene leihotik ageri düzü beste mendirik halere
Ortzanzurieta, Beltxü, Iparla, Urtsuia eta Baigura
Ene Herria, ez otoi bekaitx, Herria düt hura ere
Ene Herria, ez otoi bekaitx, Herria düt hura ere
Herria düt hura ere.
254 - Oi sorterria, zure leküa bester ützi ez düt gura
Ama bat bera, eta zü zira, Xibero ama haütüa
Eüskal Herria berriz güzia maite düdan etxaltea
Eüskal Herria berriz güzia maite düdan etxaltea maite düdan etxaltea.
Hitzak eta ahairea : J.-L. D.