Sélectionnez votre langue

Thumbnail image

 

 Lehen perediküa
Sataneria
1. Jelkialdia
2. Jelkialdia
Kanta 1
3. Jelkaldia
4. Jelkaldia
Kanta 2
5. Jelkaldia
6. Jelkaldia
Kanta 3
7. Jelkaldia
8. Jelkaldia
9. Jelkaldia
Kanta 4
10. Jelkaldia
11. Jelkaldia
Kanta 5
12. Jelkaldia

13. Jelkaldia
Kanta 6
14. Jelkaldia
15. Jelkaldia
Kanta 7
16. Jelkaldia
17. Jelkaldia
18. Jelkaldia
19. Jelkaldia
La jota
Kanta 9
20. Jelkaldia
21. Jelkaldia
Kanta 10
22. Jelkaldia
23. Jelkaldia
Kanta 11
Azken perediküa
Kanta 12

 

LEHEN PEREDIKÜA


1 - Honki jin ziradeala,
popülü maitagarria
Istoria baten mengoan,
oste handitan jarria.

2 - Düala mila urte xüxen,
bizi zen Antso Handia
Eüskaldünek üken dütügün,
erregeetan haütüa.

3 - Aita gaztean galdürik,
goizik errege sartü zen
Haatik amak eta amamak,
züen aholküz lagüntzen.

4 - Lehenik maitatü züan,
Oibarko Antsa gaztea
Aragoiko jaun izanen zen,
Ramiro haien semea.

5 - Gero politika legez,
beste batekin ezkontü
Gaztelako jaun konteren,
alaba züan esposatü.

6 - Aitaren ganik jiniko,
erresuma züan hedatü
Aragoi eta Gaztela,
hegalpean zütüan hartü.

7 - Iparraldeko haurrideekin,
harreman tinkak etxekiz
Gaskonia lagüntü züan,
haren etsaiak ebakiz.

8 - Erresuma zainkatürik,
müsülmanen armadatik
Bakea finkatü züan,
haien bürüzagiekin.

9 - Adinik hoberenean,
sübitoki zentürik
Erresuma ützi züan,
haurrek bertan zatitürik.

10 - Holaz behera hasi zen,
Eüskaldünen erresuma
Bena beti da bizirik,
Antsoren oritzapena.

SATANERIA

Jelki Akergorri eta Zezenbeltz satanak.
Koblakaz, "Buneta eta txapela" ahaide ezagünean.

Zezenbeltz
11 - Bi etsai beitütügü,
Allah eta Jinkoa
Argitü behar düzü
bien artekoa.

Akergorri
12 - Gaizo mitil gaztea,
ikasak dotrina
Müsülmanen Korana,
kristau katexima.

13 - Izan bahintz haurrean,
ontsa ikasirik
Bahakike Jinkorik,
ez dela bat baizik.

Zezenbeltz
14 - Jinkotiarren artean,
gerla bat pitz arren
Jaunaren izenean,
algar eho dezen.

1. Jelkaldia


992. urtean, Iruñeko gaztelüan jelki, honen aldetik, Antso Abarka erregea (970 - 994) eta Urraka erregiña, horien seme Gartzia Santxez II "Daldaria" erregegeia (994-1004) eta Ximena erregiñageia. Honek besoetan dü bien seme sortü berria, Antso Handia dateana (1004 - 1035).
Jelki ere kargüdün eta herritar elibat, haietan Iruñeko apezküpüa.


Abarka
15 - Iruñeko jentea,
zor deizügü berria
Atzo sortü ziküzü,
Antso arrasemea.

Urraka
16 - Gütarik landa noizbait,
aitaren ondoko date
Jinkoak nahi badü,
Iruñeko errege.

Gartzia
17 - Gure Antso gaztea,
Jinkoak lagünt dezala
Eta horren ama hona,
bertan sendo dadila.

Ximena
18 - Haur baten ükeitea,
ez da ez eritarzüna
Bena nekezien gainetik,
ezinagoko fortüna.

19 - Agur arren semea,
builta hontako lagüna
Gorderik zinen eta,
orai ageri zügüna.

2. Jelkaldia


1004. urtean, ber leküan. Antso Abarka-ren ondotik (994), errege sartü Gartzia Santxez II "Daldaria" hil izan da. Beraz hamabi urteetan tronüala igaran behar dü Antso semeak. Lagün-tzale dütü amama Urraka eta ama Ximena.


Urraka
20 - Aitaren etsenplü hona,
gogoan etxek ezazü
Ofizio torpe hortan,
beti lagüntüren zütü.

Ximena
21 - Kiristi hon izan zite,
hori düzü beharrena
Erresumaren zaintzea,
düzülarik bigerrena.

Antso
22 - Ez ote da hori lehen...
Urraka ...arima bat badizügü
Betiereko ifernütik
behar dügüna salbatü.

Ximena
23 - Gaineala beste kiristiak,
eta Eliza begiratü
Müsülmanen armadatik,
ezpata esküan zainkatü.

Urraka
24 - Arren bi erakasle hon,
behar dütützü berehala
Apezküpüa fedeaz,
eta kapitain bat gerlaz.

Ximena
25 - Semea ez arren lotsa,
beti zurekin gütüzü
Eta xüxen bazirade,
Jauna lagüntzale düzü.

Antso
26 - Züekin ez düt beldürrik,
errege handi nizate
Aitaren etxea txütik,
eta hedatürik date.


Jelki herritarrak eta bürüzagiak, bereziki Iruñeko
apezküpüa eta Kortebürü jauna...
Kortebürü (elestaz)


27 - Bederazka beigira zü bezain
Eta algarrekin azkarrago
Gure jaun izentatzen zütügü
Gure legea zaintzen düzün ber.

Libürü saintüaren gain zin eginen dü errege berriak
Antso (elestaz)

28 - Eüskal Herriko lürrean txütik
Jaunaren aitzinean apalik
Eüskaldünen hitzari fidelik
Züen makila nizate betik.


Koroa bürüan ezarten deio Iruñeko apezküpüak.

Dantza


Kanta 1

HAUR DENBORA

29 - Haur denbora goxoa zoin bertan joan zeitan
Aitamen axolbean, ametsaren beitan
Adios haurrideak, adio lagünak
Agur bai sekülako zorihon egünak.

30 - Bedatsean elürra hurtü den bezala
Haur denbora isuriz dabila errekala
Joan da paradisüa, jin eginbidea
Egünaz eta gaüaz abill izatea.

31 - Non hiz libertatea, libertümentüa
Non arren familiako maitarzün eztia
Serios egon behar düt, beti arrenküran
Bizardünen artean ardüra bilküran.

32 - Zelü hari lotürik, azken zürübia
Oritzapena zütüt orai sokorria
Ez zite arren eten, etxek zitzadala
Haurtzarotik jin hatsak beti haz nezala !

3. Jelkaldia

Oibar herriko gaztelüan, baratzera jelki Antsa, horko alaba nerabea eta Antso errege gaztea.

Antso
33 - Andere Antsa ederra,
parka ene ausartzia
Bena plazer handia dit,
zurekilan mintzatzea.

Antsa
34 - Ene baratze goxoak,
hortan lagüntzen gitizü
Begi eta beharriak,
gure ganik hürrüntüz.

35 - Ez bazina erregea,
nik ere aitor neikezü
Zurekin elestatzea,
ez düdala hainbat hügü.

36 - Zaldün gazteen artean,
ez zirade itsusiena
Eta zure botzak ere,
badü ber gisako xarma.

Antso
37 - Gazteñi zirade Antsa,
bena segür ez lotsati
Hau güzia ez ote da,
ederregi, goiztiarregi ?

Antsa
38 - Hamasei urteetan nüzü,
emaztetzeko adinean
Ez nezazüla mesperetxa,
nerabe baten heinean.

Antso
39 - Nafarroako floreak,
goizik dirade lilitzen
Begiak ez ditit sakolan,
horrez nüzü heben agitzen.

Antsa
40 - Noren baimena behar dü,
Iruñeko erregeak ?

Antso
Zurea aski nikezü,
bihotzeko anderea.


Esküak emanik badoatza.

Satanak.

4. Jelkaldia

Jelki Antso eta Antsa, hau Ramiro ttipia besoetan.
Horra zaie emazte xahar bat, Marisantz.

Marisantz
41 - Agur jaun-andere gazteak,
bikote maitagarria
Geroa irakurten düt,
ehün sosetan saria.

42 - Erakuts arren esküa...
Antso orizü lehenik enea,
Gero haurra hartüren düt,
libra dadin anderea.

Marisantz
43 - Zaldün baliosa zirade,
kargü handitan zirate
Güdükan ala bakean,
erregeren lagüntzale.

44 - Emaztea eta biak,
irus biziko ziradee
Eta haur andana batek,
zerbütxatüren zütüe.

45 - Züen primü hau lehenik,
aitaren ondoko date
Erregeren armadetan,
leial eta trebe.

Antso
46 - Orizü arren saria...
(diharü peza bat emaiten deio)
Marisantz
... bena lana ez dit ürrentü !
(sosari so egiten deio, eta gero zelüa erakusten)
Ai errege jauna zütüt,
izarrak zütü salatü !

Antso
47 - Arrastiri erditsütan,
non ote dago izarra
Nik eman sos peza hortan,
ikusi deitazü bizarra.

48 - Hobekixe planta zite
süalat ez bazira nahi,

Marisantz
Belhagile hona nüzü,
nihor ez dit pozuatü !

Antso
49 - Badakit, errege izanez,
salazaleak badütüt.
Marisantz
Jaun handi date seme hau,
haatik ez heben errege.

Antsa
50 - Geroa ez dakizü,
bena zentzü hona bera zira
Iruñeko erregea,
ezin izan da bastarta.

Antso
51 - Gogorra da hor legea,
bena erregeren goitik dago
Aragoiko Jauna date,
halere gure Ramiro.

Marisantz
52 - Otoitz eginen düt züen...

Antsa
...eta nik ere zuretzat,

Antso
Jaunak begira zitzala,
belhar gaixtotik behintzat !

Kanta 2

ANTSO ETA ANTSARENA


Antsa
53 - Bedatsean elürra zoin argi mendian
Eta gure printzea zaldünen erdian
Karrikaren behera jaisten da lerdena
Lehen maitarzüna düt, agian azkena.

Antso
54 - Bortü goran zoin urdin errosta txipia
Hura bezain eder dü maiteak begia
Gure maitarzün hori Jaunak zaint dezala
Algar maita dezagün beti gaur bezala.

Biek
55 - Negüan amesten da bedatse beroa
Ez pentsa geroari, orai da geroa
Maiatzean girade, zü zütüt ekia
Negüaz ahatzerik, indazüt esküa.

56 - Bizia zoin den eder amoros denean
Lürreko paradisü zure konpainian
Deusek ezin gitzake berezi jagoiti
Algar maita dezagün orai eta beti.


5. Jelkaldia

Jelki Antso bere jente elibatekin. Kanpotik horra zaie Ribagortzako jauna, eskütari batekin.

Ribagortza
57 - Rodako apezküpüak,
igorten naü zure gana
Gure lür eta herriez,
jabetü da müsülmana.

58 - Ibar güzia hartü dü,
denetan harro dabila
Infidelen peko dago,
Isabenako katedrala.

59 - Zuri giaudetzü errege,
gure aüzo handiena
Zütaz honik ez badügü,
galdürik da Isabena.

Antso
60 - Ikaraz düt aragia,
kexüz eta errabiaz
Müsülmanen ausartzia,
dügün arren lehertaraz.

61 - Bil diteala gure jaunak,
eta haien soldadoak
Presta bertan beren armak,
eta bideko anhoak.

62 - Hilabete ondarreko,
Isabenara girate
Eta Jaunak nahi badü,
haren izenez garaile.

Satanak.

6. Jelkaldia

Jelki müsülmanen armada, Almudafar bürü.

Almudafar
63 - Eüskaldün infidela,
hezi behar dügü
Allah Jinko bakoitxa,
beitü zinez hügü.

Omar
64 - Bere bortü zokoetan,
basa bezala bizi zen
Orai ñapürtürik,
hasten ürrüperan alhatzen.

Sadam
65 - Allahren ezpata gira,
eta zaldün izigarriak
Idolatrer motz ditzagün,
züntzür edo beharriak.

Laden
66 - Zeinütegian junpa bite,
gogorrenen panpalinak
Eta gero elizak oro,
ütz ditzagün deseginak.

Jelki Antso Handiaren armada. Güdüka. Kiristiak garaile, müsülmanak ihes. Jelki
Rodako apezküpüa eta Ribagortzako jaun kontea.

Apezküpüa
67 - Honki jin ziradeala,
Antso errege handia
San Bixente katedralak,
zor deizü libertatea.

Ribagortza
68 - Isabena ibarrak ere,
zor deizü askatarzüna
Eta hebenko jentea,
zü bezala düzü eüskaldüna.

Apezküpüa
69 - Gure aterbea zira,
gure aitzindari xüxena
Gure jaun eta errege,
izan zite arren jauna.

Ribagortza
70 - Ibar hontarik hasirik,
zurea da Ribagortza
Zure ezpataren itzalean,
bakea dezala goza.

Antso
71 - Konfidantsa eder hortaz,
eskerrik hanitx oroer
Züen ezpata nizate,
bürü emanez etsaier.

72 - Eta orai kiristiak,
Rodako katedral hontan
Jinko Jauna dügün laüda,
kantika zügün batetan.


Kanta 3

ESKER HONEZ

73 - Eskerrak zuri Jauna, garaipen ederraz
Süstengi beigütützü gaineko indarraz
Zure argia beti gütara helaraz
Zure nahia dügün bete eta betaraz.

74 - Etxek gitzazü arren askatarzünean
Erresuma begira bai libertatean
Popülüa geriza zure hegalpean
Eta errege Antso benedikzionean.

75 - Müsülmana begira gure ganik hürrün
Gure fedea heben oihüsta dezagün
Katedral hontan berriz ohora zitzagün
Kürütxea delarik zeinütegian zügün !

7. Jelkaldia

Jelki Antso eta Ximena (Antsoren ama).


Ximena
76 - Ekialdeko hegala,
ederki düzü lüzatü
Bestea behar zünüke,
ber heinean segürtatü.

Antso
77 - Gerla bat ürrentü baiko,
beste batetan sar berriz
Ama ez ote zünüke,
arren aholkü hoberik ?

Ximena
78 - Ez düzü gerla beharrik,
mendebalaren hartzeko
Gaztelako jaun konteak,
alaba dü zuretako.

Antso
79 - Arren maite bat ützirik,
arrotz batekin esposa
Eta hamar bat haur egin,
ala maitarzün irusa !

Ximena
80 - Kargüak dü bere karga,
erregegoak bere zama
Hargatik aitarekilan,
irus züzün zure ama.

81 - Emazteak bekan dizü,
hastio gizon goxoa
Aita bezala beitzira,
segür düzü amodioa.

82 - Haurren karga pezüena,
zure lagünak dikezü
Eta maitagarri beita,
bertan maitatüren düzü.

Antso
83 - Amak beti arrazu dü,
egiaz üsü hala da
Bena horren honartzea,
zonbait aldiz hastial da.

84 - Kosteko zait bena,
beste haütürik ez badüt
Ezkontzaren prestatzeko,
behar dena egidazü.

Ximena
85 - Andere horren esküa,
zure izenean arren
Gaztelako konteari berehala,
diot eskatüren.

86 - Beste neskatoxe hura,
ez dit hatik ehortziko
Oibarren komentüa,
diot bere mozkinekin ütziko.

8. Jelkaldia

Jelki Nafarroako türk andereak.
Erregiñak dütüe : Bea, Monte, Moza, Rabe.


Bea
87 - Erregetxopit hori,
habiatik erori
Amak horrat beiteio,
kükü bat igorri.

Monte
88 - Antsa erresiñola,
nigarrez baratü
Txitxa gaixoa,
berak hazi behar beitü.

Moza
89 - Oilar azkarragorik,
behar dü Nabarrak
Islametik dütüke,
bestelan adarrak.

Rabe
90 - Kürütxada saintüan,
ez da sartzen aski
Nausi bortitzago,
bat behar dügü naski.

Monte
91 - Menditar kastatik da,
manatzen ez daki
Saldo ttipitik kanpo,
galtzen da baldarki.

Rabe
92 - Bazter ützi behar dü,
mendiko hizkuntza
Eta bertan ikasi,
pettarren hezkuntza.

Denek
93 - Antsoren erresuma,
zatitü behar da
Mendia baztertürik,
hedatü lautada.

94 - Frankoen manaspena,
süstenga dezagün
Nafarroa haz dezen,
erdaldün-fededün.


Satanak.


9. Jelkaldia

Jelki apezküpüa, Antso erregea, Munia anderea eta horren aita Sancho Garcia, Gaztelako jauna, jente oste batekin. Ezteiak dira.

Apezküpüa
95 - Egün biltzen gira heben,
ezkontza baten kariaz
Esposatüren beitira,
Munia eta erregea.

Antso
96 - Nik, Antso, Iruñeko erregeak,
Zü Munia emaztetzat nahi zütüt.
Ados zirea ?

Munia
97 - Bai, ados nüzü.
Eta nik, Munia, Gaztelako primak,
Zü Antso senartako nahi zütüt.
Ados zirea ?

Antso
Bai, ados nüzü.

Apezküpüa
98 - Antso eta Munia,
orai heben ezkontü ziradee
Züen baimenak entzünik,
ni nüzü lehen jakile.

99 - Elizaren izenean,
ezkontza hau baieztatzen
Eta Jauna düt otoizten,
biak benedika zitzen.

Muniaren aita
100 - Gisa batez züer esker,
espos dira bi herriak
Iruñeko erresuma,
eta Gaztela konterria.


Kanta 4

BASKONIA ETA GAZTELA

101 - Leireko habiatik airatü da Antso
Fedearen güdari eta eüskal arrano
Berriz esküalatü dü gure bortü oro
Kanta dezagün arren orai eta gero.

102 - Hedatü dü hegal bat Aragoi aldeala
Hantik ohiltüz bertan arrotz infidela
Orai beste hegala hantxe dü Gaztela
Munia printzesarekin bat egiten dela.

103 - Honki jin ziradeala, Munia erregiña
Egün hoinetan düzü hebentxek Iruña
Antso lauküna zazü bere lan handian
Eta hark lagünt zitzala irus izatean.

104 - Kanta dezagün Antso, errege handia
Ezpiritü xüxena, begi zohardia
Jinkoak zaint ditzala zaldüna, zaldia
Libra ditzen Gaztela eta Eüskadia.

10. Jelkaldia

Leireko abadian, jelki Antso erregea, Odilon (Cluny-ko abadea), Gillen Gaskoniako jauna, Berenger Bartzelonako jauna, erresumako eta elizako bürüzagiak, Iruñeko apezküpüa.

Antso
105 - Clunyko jaun abadea,
Leiren zirade honki jin
Xede handi bat gogoan
beitzütüt honat galtegin.

106 - Beneditar erreforma hasi da
San Juan de la Peñan
Heben ere sar dadila
eta heda erresuman.

107 - San Juaneko anaidia
eskolatü beitü Clunyk
Ber lagüngoa behar lüke
Leirekoak zure ganik.

Gillen
108 - Beneditarren jakintza
hedatzen da Gaskonian
Labakitzen ari zaikü
lürretan eta ariman.

Berenger
109 - Jentartean eta elizan,
bizkarrezür da komentüa
Ezpiritüa zabaltzen,
eta jüntatzen dü jentea.

Odilon
110 - Jaunak eskertzen zütüet,
züen argibide honez
Ikusten düt gure lana
honki jin dela zorihonez.

111 - Zure ürratsak, errege,
bidea zabaltzen deikü
Zure arrano habiak
Iberia peko beitü.

112 - Hortik jaitsiko zizkützü,
elizaren berritzea
Jakitate profanoa,
erromaniko artea.

Antso
113 - Bidez bide joanen dira,
Donajakueko pelegriak
Bai eta Salamankako,
ikasle-irakasleak.

Ohar bat : Salamanka 1085ean arrahartüko düe kiristiek, eta 1218an sortüren da horko ünibersitatea. Bena trajerian bere leküa badü betidanik anakronismak. Profezia bat izan daite : heben halakoa da.

11. Jelkaldia


Bartzelonan jelki Ripoll-eko abadea den aita Oliva, Bartzelonako jaun konte berria den Berenger eta Antso, Iruñeko erregea.


Berenger
114 - Ene küñat maitagarri,
eta aüzoko erregea
Zinez eskertzen deizüt,
Bartzelonara jitea.

115 - Aita Olivaren bidez,
igorri neizün deiari
Anai handi baten gisa,
bertan düzü ihardetsi.

116 - Ene poterea heben,
nekez düt honarrazten
Aita pausatüz geroztik,
amak dü zinez manatzen.

Antso
117 - Bartzelonako nausia,
zihau zirade Berenger
Jakinarazi behar düzü,
eta baieztatü dener.

118 - Familiako gaüzetan,
südürraren sartzea
Delikatü düzü eta hor,
behar da zühürtzia.

119 - Zure amak eta nihaurk,
algar estimatzen dizügü
Errespetürekin arren,
mintzatüko nitzaiozü.

Aita Oliva
120 - Ene aldetik ahal oroz,
lagüntüren zütüt jauna
Ama ohora dezagün,
eta herrian zük mana.

Antso
121 - Olivari beha zakitzo,
builta hontan argitzen naü
Aholkülari hona düt,
arartekaria ere bai.

Aita Oliva
122 - Ripolleko abadiatik,
leteraz kürütxatzen gira...
Antso
... Pirinioko herrien,
argizalea beitzira.

123 - Haatik ahal bezain üsü,
hor nükezü, Bartzelona
Eüskaldünentako,
beti hona beita Katalunia.


Kanta 5

AGUR KATALUNIA


124 - Gure bizki handia beste huren jüntan
Simetria bitxian talai barrokoa
Hortik noiztara horra xuririk hegoa
Eta goizez ekia pintzel baten püntan.

125 - Arrapika :
Agur Katalunia
Eüskaldünen ihes lekürik hoberena
Agur Bartzelona
Ekialdealako bortarik ederrena !

126 - Ebro ibaian goiti, zer aire goxoa
Hortik builtaka heltzen beste itsasoa
Haritxari jüntatzen oliba ondoa
Katalunia Euskadik holaz dü aüzoa.

127 - Kanigotik Orhira, zelü da bortüa
Hegiz hegi dabila poeten kantüa
Nik ere ahal banü bardin egin niro
Biba Casals, Gaudi, LLachs, Maillol eta Miró !


12. Jelkaldia


Gaskoniako dükaren kortean, jelki Antso-Gillen düka eta dükesa, Antso eta Munia Iruñeko erregea eta erregiña, beren jenteekin.


Antso-Gillen
128 - Egün hon zuri kosia,
Eüskaldünen erregea
Zure etxean ziaude heben,
hau ere beita Eüskaria.

Antso
129 - Gaskonia, Baskonia,
hegatzaren bi patarrak
Esküz-eskü ari gitean,
jünta ditzagün indarrak.

Antso-Gillen
130 - Osaba Antso Abarka,
ene amaren anaia
Ontsa ezagütü nüan,
Iruñeko jauregian.

131 - Beti gogoan düt ere,
haren ondoko Gartzia
Zure aita zena,
eta nihauren kosi handia.

132 - Errege nüan eta orai,
zü arren izan ziteala
Algarrekin hazi ginen,
anai bagina bezala.

Antso
133 - Zütan badizüt sineste,
Gaskoniaren gidatzeko
Bena behar ordüetan,
hor nükezü lagüntzeko.

Antso-Gillen
134 - Esküak eman ditzagün,
tratü honen finkatzeko
Hitza hitz gure artean,
paperik ez sinatzeko.

135 - Segürra zait Iruñerik,
erregeren hegalpea...

Antso
... Eta eni axolpe zait,
iparreko hegatz pea.

136 - Zure batzarri ederraz,
ikustate deizüt berriz...

Antso-Gillen
... Damak haidürü dütügü,
dantza baten hasi nahiz !


Dantza bat emaiten düe denek.

13. Jelkaldia

Jelki Antso erregea eta Antso-Gillen düka, lagün elibatekin.

Antso-Gillen
137 - Eüskaldünen erregea,
lagüntzera deitü zütüt
Tolosako jaun konteak,
lür elibat deitzat hartü.

138 - Garonaz haintian,
dauden eüskal mendiak beretüz
Ene funtsetan sartü da,
Gaskonia franko mendratüz.

Antso
139 - Hitzeman neizün bezala,
zor deizüt ene lagüntza
Gure bi armaden artean,
üken dirogü garaitza.

140 - Züzenarekin indarra,
hor da behar den güzia
Jinkoak ütz ditzagüla,
garaitza eta bizia.

Badoatza. Jelki Tolosako jaunaren armada. Tolosako jauna

141 - Lehenago Ribagortza,
Tolosako jaunena zen
Orai Antso erregeak,
müsülmaner dü elkitzen.

142 - Harat berriz hedatzeko,
Gaskonia düt epantxü
Garonaren beste aldea,
horren gatik deiot hartü.

143 - Eüskaldünak jüntatürik,
ohiltzera horra zaizgü
Bena büztanak apalik,
igorri behar dütügü.

Jelki Eüskaldünen armada.

Güdüka.


Eüskaldünak garaile, Tolosakoak ihes.
Gaskoniako dükari bürüz ützültzen da Iruñeko erregea.

Antso
144 - Bi soldado handi,
heben saristatü nahi dütüt
Eta zure baimenarekin,
bi kargütan izentatü.

145 - Bigorrako Gillen-Azkar,
Xiberoko jaun zirate
Herri horren aitzindari,
eta jagoiti bizkonte.

146 - Zü halaber Lupus-Antso,
Lapurdiko bürüzagi
Baionako gaztelüan,
behar zütügü segürki.


Biak aldizka, belain bat lürrean, soin hegian ezpataz hunkitzen dütü Antso erregeak.
Bakoitxari bere lürraldeko bandera emaiten zaio. Baskoniako lehoa da hor agertzen dena.


Kanta 6

ANTSO ERREGERI (I)


147 - Iruñeko errege, Antso Handiena
Gorazarre batüa zuri nahiz egin
Eüskal Herri güzia berriz da zurekin
Nafarroa garaia prefosta lehena.

148 - Leirerik horra zaizü agur zaharrena
Otoitz eta hilarriz, hiru izenekin
Oñak eta Lizarrak bardin züen ekin
Orriako ama düzü halere gorena.

149 - Olite-Herriberrin kantore lamiña
Eta zuri kantari Blanca erregiña
Agur deizü harekin Usuako damak (berriz).

150 - Agurzale dütüzü hiri, baserriak
Xabier, Amaiur eta jauregi berriak
Bakea goza dezan Antsoren arimak (berriz).


14. Jelkaldia

Burgoseko gaztelüan jelki Antso erregea, Munia erregiña eta Gaztelako bürüzagiak.

Munia
151 - Badakizüe güziek,
ene aita zentü baiko
Ene anaie Garcia,
sartü zela haren ondoko.

152 - Badakizüe halaber,
nola Leonen eho züen
Eta geroztik Gaztela,
nausirik gabe dagoen.

153 - Prima nizanaren senar,
hona Antso erregea
Aitaren etxea zaintü,
behar düan ürgazlea.

Gaztelüzahar
154 - Gaztelako jauneria,
eta üsantxa zaharra
Errespetatzen badütützü,
orai gure jauna zira.

Antso
155 - Hori gütienekoa zait,
lür hau ez beita Nafarra
Forua ez düt inposatzen,
haboroziz eta eüskara.

156 - Züen abisen hartzeko,
arartekarien haütüa
Gaztelan dizüt eginen,
züekilan akortean.

Gaztelüberri
157 - Lege zaharra zoin eder,
lege berria beharrago
Zer egin gei düzü Jauna,
gure gazteriarentako ?

Antso
158 - Züen abisa ber gisan,
erregeak entzünen dü
Müsülmanen gibeltzetik,
emanen lür eta kargü.

159 - Hiri berriak dütüt,
sortzen lagüntüko
Elizak betatxatüren,
merkatüak idekiko.

Satanak.


15. Jelkaldia

Aralar mendian jelki, nor bere aldetik, artzainak artaldearekin, errege-erregiñak eta San Migel ermitako abadea, beren lagün elibatekin.

Koblen ahairea : Dama gazte xarmant bat.


Antso
160 - Agur eüskal artzainak, basko zaharrenak
Laborarien pareko nafar hoberenak
Züer esker dizügü gazna honik jaten
Kantore hunkigarriz bizia goxatzen.

Martiko
161 - Agur Antso errege, Munia erregiña
Jaun gütik hunkitzen dü Aralarko gaina
Züen bijita honaz bürgoi da bakoitxa
Lano hotzetan ere, bero düt bihotza.

Joaniko
162 - Süia piztüko dügü, pastetxak eginen
Kostilla zonbait ere nonbait edirenen
Ardorik balin ba(dü)zü, gazna franko janen
Eta berantü gabe, kantü bat emanen.

Abadea
163 - Benedikatü dela züen artaldea
Baita zure jentea, errege handia
San Migel zaint itzazü bat ala bestea
Eta züek artzainak, eman abestia.


Kanta 7

AHÜÑE GIDARI


164 - Bedatsea heltzean, artaldeareki
Goiti abiatzen gira, zoin alageraki
Jente ala kabale, zaharrer jarraiki
Han irus izan denak, bidea badaki.

Arrapika :
165 - Ahüñe zoin den eder artzainen zelüan
Orratza bezain xorrotx mendien hegian
Hürrüntik ageri da güzien gainean
Haren mengoa beitüt ardüra negüan.

166 - Beharrik ez da hain txüt gure olhaltea
Gustüan alhatzen da heben artaldea
Nahiz artzainak düan hanitx ibiltea
Denek maite dizügü heben izatea.

167 - Ahüñe bistan deno, denbora goxoa
Heben estimatzen düt eki arraroa
Jinkoak hürrünt bitza düründa, lanoa
Eta oroz gainetik hartza ala otsoa.

16. Jelkaldia

Zaragozako emirraren kortean, jelki türk andereak. Erregiñak dütüe: Djamila, Farida, Iasmina eta Soraia.

Djamila
168 - Al-Manzor hilez geroz,
gibel ari gütün
Antsoren erresuma,
ez diñagü hürrün.

Farida
169 - Zerbait egin behar da,
haren trabatzeko
Eta gihau bortüala,
berriz hedatzeko.

Iasmina
170 - Xarma dezagün,
eta gaüaz ken bizarra
Samson-ek bezalaxe,
gal dezan indarra.

Soraia
171 - Prestik nündüken,
bena Jauna ez dün zohi
Esposari fidel dün,
asto handi hori.

Djamila
172 - Amodiotik kanpo,
herioa da nausi
Gerlalako bazterrak,
ditzagün nahasi.

Farida
173 - Egürra idor dela,
segür dün ageri
Süaren emaitea,
horra zeikün guri.

Iasmina
174 - Emirrari aholkü,
emaitera presta
Gerlaren egiteko,
tenorea beita.

Soraia
175 - Sobrarben sar dadila,
gaü zohardi batez
Zaldier mihi eta hoinak,
isilaraztez !


17. Jelkaldia

Loarre-ko gaztelüan, Hueskarik hein bat hüllan, jelki Antso erregea eta Loarre-ko jauna, beren emazteekin.

Antso
176 - Al-Manzor hilez geroztik,
ahültü da müsülmana
Erregetxopiten artean,
zatitürik erresuma.

Loarre
177 - Haatik mesfida gitean,
ez beita galdü lanjera
Aüzo ñapurra dükegü,
Zaragoza-ko emirra.

178 - Anbizionez beterik da,
eta güdüka maite dü
Pe hortan etxekitzera,
behar dizügü prestatü.

179 - Gain hontarik ageri da,
Hueska-rik elkitzen dena
Iparrealako bidea,
hola dezagün kondena.

Antso
180 - Loarre-ko gaztelü hau,
zinez azkartüren dügü
Gotorleküer lotzea,
müsülmanak beitü hügü.

181 - Üngürüko langilea,
lanean ezar berehala
Eta oraidanik pentsa,
nor deitüko den gerlala.

182 - Loarre honi bermatüz,
hor düt gaztelü andana
Caparroso, Funés,Valtierra,
Sos, Uncastillo, Boltaña.

Loarre
183 - Müsülmaner bühürtzeko,
badügü denen beharra
Al-Manzor bezain abre,
beitügü Mundir emirra.


Kanta 8

ANTSO ERREGERI (II)

184 - Lapurdi Herriaren sorzalea zira
Baskoniako lehoak agur deizü Jauna
Nafar itsas portüa beitago Baiona
Iruñekin badabil anai baten gisa.

185 - Xiberoa Herria zure hegalpean
Halaber agertürik ipar Baskonian
Frisatez ari zaizü, Antso Nagusia (berriz)

186 - Bortüen iparretik, oi Baxenabarre
Nafarroa hau ere, San Frantsesen aita
Erreinü zaharrari fidel egon beita
Antso Handia zuri, Jatsun gorazarre.

187 - Iparralde güzia Nafarra beitügü
Egin dezagün berriz biek esküz-eskü
Eta kanta lehenik Antso Nagusia (berriz)

18. Jelkaldia

Jelki Antso, lagün elibatekin. Kanpotik horra da Sobrarbeko jauna, ezkütariekin.

Sobrarbe
188 - Zaragozako emirra,
sartü da gure lürretan
Hari bürüz oro gira,
jauna zure beharretan.

189 - Gaüaz-gaü heltü ziküzü,
bere zaldiak isilik
Mihiak estekatürik,
eta hoinak troxatürik.

190 - Ibar zolak hartü deizkü,
gotorleküak salbürik
Ez ote günüke hobe,
mendietarat ezkapirik ?

Antso
191 - A süstut ez holakorik,
gotorleküetan etxek
Horik gabe bizkarezürrik,
ez beitükee zelaiek.

192 - Haginak eta denbora,
higatü behar dütüe
Harresi horier usukiz,
eta osoki debalde.

193 - Arte hortan ene armada,
biribilkatzen düt eta
Bortüko hura bezala,
züen gana jaisten gira.

Jelki bi armadak. Güdüka. Kiristiak garaile.
Mahometar elibat hilik, besteak ihes.

Satanak.


19. Jelkaldia

Al-Mundir zentü ondoan, Zaragozako Aljaferia jauregian jelki emir berria, aitzinekoaren semea, Ben Mundir, bere kortearekin.
Kanpotik jin Antso Handia eta erregiña, lagün eta zaldi elibatekin.

Ben Mundir
194 - Honki jin ziradeala,
aüzo hon eta lehena
Allahk bardin benedika,
zurekila dabilana.

Antso
195 - Eskerrik hanitx emirra,
zure kümitü nobleaz
Jinkoak bete zitzala,
ezpiritüko graziaz.

Ben Mundir
196 - Aüzo girenaz geroztik,
aüzo hon izan gitean
Lehenago ez bezala,
bizi gitean bakean.

Antso
197 - Zure kümitü ederra,
hola dit entelegatzen
Eta borta hau zabaltüz,
oso naizü ohoratzen.


Ben Mundir
198 - Ohore güzia nik dit,
ez beitzira lehen jina
Iberiako kristauen,
errege zin eta mina.

Antso
199 - Indazüt arren esküa,
haurride bati bezala
Zure eta gure Jinkoak,
hortan süstenga gitzala.

200 - Egün honen ospatzeko,
zaldi elibat dereitzüt
Ihiztekan haütü dira,
hezi beharrik ez düzü.

Ben Mundir
201 - Badakizü arabiarrek,
zoin maite dügün zaldia
Xüxen ediren deitazü,
bihotzeko helbidea.

202 - Orai besta dügün egin,
kantore, dantza, bazkari
Bena lehenik ohore,
zelü-lürren Jaun honari !

LA JOTA DE MAULE

203 - Es fiesta en la tierra hermanos
Moros y Cristianos juntos
Al fin se han dado la mano
Se ha acabado la querella
Los dias negros
Los ojos muertos
Y despues de la pelea
Bailad la jota
De la amistad.

204 - Tiene la jota de Maule
La música de Albalate
Alma de la golondrina
Aragonesa o Navarra
Amor, paz y alegria
Alma de las golondrinas
Y el corazón de Xiberoa.

Kanta 9

MÜSÜLMAN ETA KIRISTI


Ben Mundir
205 - Güdariak ützülirik erbestetik, itzaletik
Xahar, emazte eta haurrak herrian kontsolatürik
Bakea gaur besta hontan, kanta dezagün goratik
Algarrekin boztaria müsülman eta kiristiak !

Antso
206 - Züek Allah, gük Jinkoa, ez ote dügü ber Aita
Izenez bi, bat izanez, kreazale bakoitxa da
Denak haurrak, denak maite, buraso batek bezala
Bihotz batez dügün laüda Jinko hona edo Allah !

Biek
207 - Haren ganik dügü orok bai ekia, bai itzala
Bakean bizi gitean, bereak haüta ditzala
Obra honetan lehia, güziak salba gitzala
Ber Aita beitügü orok, Jinko hona edo Allah.

Denek
208 - Müsülman eta kiristi, algar ezagüt dezagün
Ezagützen ez dena da leize zola bezain ülün
Debrü tzar egiten dügü, beraz etxekitzen hürrün
Asmakizünak ützirik, dügün arren algar entzün.

209 - Abrahamtarrak girade hiru gisaz fededünak
Jüdio ala kiristi, eta bardin müsülmanak
Bake xüxena dü behar Irak Abrahamen amak
Bai eta libertatea maite dügün Palestinak.

20. Jelkaldia

Naiarako gaztelüan, jelki Antso erregea eta Idatzeder beneditarra, kopiazale nausia.

Antso
210 - Aita idazkari hona,
zure beharra badit
Arrapostü bat zor diot,
apezküpü handi bati.

Idatzeder
211 - Zure zerbütxüko niagozü,
ene jaun erregea
Antzera lüma har eta,
lüzatzen düt beharria.

Antso
212 - Izkiriba zazü arren :
aita Oliva gotzaina
Apezküpütegia, Vich,
Bartzelona, Katalunia.

213 - Jauna eta adiskidea,
üken düt zure gütüna
Errespetüz irakurri
eta hona erantzüna.

214 - Ripolleko elizaren,
eraikitzeko lagüntza
Ezin düt baztertü bena,
delikatüa da gaüza.

Idatzeder
215 - Parka jaun erregea,
bena zalhe ari zira
Apür bat baratxago,
mintzatzen ahal bazira...

Antso
216 - Kataluniako herria,
ez dago ene funtsetan
Berenger ofentsa niro,
sar banendi haren lürretan.

217 - Hona beraz aita Oliva,
proposatzen deizüdana
Haren arartez hel dakizün,
eman gei deizüdana.

218 - Lehenik elesta zazü,
gü bien adiskidea
Bi leterak esküetan,
esplika gure bidea.

Idatzeder
219 - Erran deiztatzünak,
oro zorrozki hartü beitütüt
Arrakopiatüren ditit,
azken hitza sar dezazün.


21. Jelkaldia

Naiarako gaztelüan, jelki Antso erregea, Munia erregiña, bien hiru semeak (Gartzia, Fernando, Gonzalo), baita Ramiro, Antso eta Oibarko Antsarena.

Antso
220 - Ene lau seme handiak,
Palentzialano banoa
Zer hel ere bildü zütüet,
aipa dezagün geroa.

221 - Aitzinetik hitzartüak,
baieztatü nahi dütüt
Bakoitxaren jabegoez,
eta potereaz süstut.

Gartzia
222 - Aita, gazte zirade,
zer ote düzü presarik
Gaineala zure xedeak
argi zeneizkün erranik.

Antso
223 - Aisa da batarzüna,
denak ontsa dabiltzano
Adinik ez da hiltzeko,
gaüzak finka hor nizano.

Munia
224 - Zonbat aharra etxeetan,
ondare hona delarik
Aitari beha zakitzoie,
lau semeak jüntatürik.

Antso
225 - Zaharrena zü Ramiro,
Aragoiko jaun kontea
Nafarroan aberatsa,
hargatik ez erregea.

226 - Halaber zü, Fernando,
Gaztelako jaun kontea
Ber gisan zuri, Gonzalo,
Ribagortza, Sobrarbea.

227 - Beraz errege bakarra,
Gartzia hirugerrena
Anaiak errespetatüz,
tronüan jarriko dena.

Ramiro
228 - Erresuma ederrena...

Gartzia
... hain nekez hedatü dena...

Fernando
Ez dezagüla kondena...

Gonzalo
... egon dadila denena !

Ramiro
229 - Bena Gartzia da lehena,
ez dezagüla kondena
Egon dadila denena,
hori beita beharrena.


Kanta 10

ANTSO ERREGERI (III)


230 - Zure mentetik hürrün, Durango aldea
Nafarra zen erregez denbora lüzean
Bai eta haratago, mügarik ezean
Bizkaiak opa deizü bere ühaltea.

231 - Gipuzkoa hüllana, Oiaso baldea
Nafarroaren bizki Aralar ertzean
Batean zure Kain, eta Abel bestean
Antsoren ohoretan ützültzen ordea.

232 - Arabako ahizpa berriz eüskaldüna
Antso Handia düzü betiko zaldüna
Merexi düan bezala kantatzen deiozü (berriz).

233 - Sartaldeko Eüskadi, beste biak ikus
Ekialdeala bihotza esker honez ützül
Antsoz oroitzean da gure batarzüna (berriz).

234 - Aragoi eta Gaztela
Haren hegalak zirela
Eüskal zelüan zoin ederra zen arranoaren sautrela !


Satanak.


22. Jelkaldia

1035. urteko bedatsean, Palentzian (Gaztela Zaharrean), jelki Antso eta Munia, horko apezküpüa eta kiristi elibat.

Antso
235 - Palentziako hirian,
Eüskal Herritik hain hürrün
Züen güzien artean,
boztariatzen niz egün.

236 - Compostelako bidea,
zaintü nahi düt hebentik
Mahometarren armada,
hegoaldean etxekiz.

237 - Europatik Santiagora,
pelegria dabilala
Eta halaber estüdianta,
bakean Salamankala.

Apezküpüa
238 - Esker deizüt ber denboran,
diosesa hau arrapiztüz
Katedrala Palentzian,
arraberritü beitüzü.

Antso
239 - Elizape bilgarri hau,
züekilan eraikirik
Bürgoi niago zeren beita,
erromaniko haütüetarik.

Apezküpüa
240 - San Antonien omenez,
eraiki dügün eliza
Jinko Jaunak dizagüla,
benedika eta geriza.


23. Jelkaldia

1035. urteko ürrietaren 18an, jelki erregea, erregiña eta lau semeak.

Antso
241 - Bihozterra bat sendi düt,
ala destrenpü zozoa !
Bizkarretik behera düt,
oi erresuma osoa !

Munia
242 - Palentziako bidajeak,
itsuski akitü zütü
Aferak bazter ützirik,
ontsa pausatü behar düzü.


Jelki aingürüak, eta kanta.

243 - Lan hanitx eginik zira,
pausatzea horra zaizü
Betiereko bakea,
Jaunak igorriko deizü.

244 - Zelü-lürren erregeak,
laster jüjatüko zütü
Zure hütsez üken dolü,
nahi bazira salbatü.

245 - Fedea maitatü düzü,
eta herria zainkatü
Jinkoaren aitzinean,
zure jakile gütützü.

Kanta 11

Antsoren azken hitzak


246 - Uste gabean hor düt,
etsai lazgarria
Traidore bat bezala,
kolpe hilgarria.

247 - Egün erdi betean,
adio bizia
Eta heben harekin
maitatü güzia.

248 - Jaunak parka ditzala
nik egin ogenak,
Nihau parkatzen dütüt,
egari dütüdanak.

249 - Züek ene semeak,
etxek batarzüna
Bakean bizi dadin,
arren Eüskaldüna !

Bi aldeetarik türk eta kiristi güdariek herrokan ezpataz agurtzen düe, erdiko bortatik sartzen delarik.

Satanak.


AZKEN PEREDIKÜA

250 - Lüze üdüri ziküzü,
mila urteko denbora
Hargatik ontsa pentsatüz,
hamar mente baizik ez da.

251 - Ehün urteko jenteak,
badira han edo heben
Eta galtegin dezaegün,
bizia lüze ote den.

252 - Antsoren denboretarik,
jentea jente da beti
Ez uste den bezain gaixto,
bena denak bizi nahi.

253 - Gure lürra biribil da,
eta ez hainen zabala
Hortan eden behar dügü,
aisa pizten beita gerla.

254 - Antsoren denboretan,
bizizale gütiago zen
Bena janaria xühür,
eta nazionerik ez zen.

255 - Errege güziak bezala,
Antso etxeko jaun bat zen
Erresuma züan etxalte,
horren hedatzen ari zen.

256 - Ber denboran kiristi zen,
müsülmana züan etsai
Horren armadatik lürra,
eta jentea zaintü nahi.

257 - Hargatikan ordükotzat,
gerla güti züan egin
Diplomaziaren bidez,
baketü zen arabekin.

258 - Ordünko eüskaldün güziak,
erresuman bildü zütüan
Arrapizten zaigü xedea,
Monzon baten üngürüan.

259 - Dena dela dügün laüda,
eüskal errege handia
Eüskaldünek üken dügün,
lehendakari haütüa.

260 - Horri esker algarrekin,
igante goxoa dügü
Zuri ere püblik hona,
esker mila zor deizügü.

Kanta 12

OHIDÜRA GOGOAN


261 - Historiari berme, Mauleko mentürak
Kontatzen ez dütügü, atzoko ardürak
Ez eta ere egün diren arrenkürak
Aipa ditzagün behin, eüskaldün lotürak.

262 - Betidanik izan da, heben kirolari
Herri oroetarik, denak maitagarri
"Biba Maule" kantatzez, hürrün entzüngarri
Xiberoko itxüra, denen oritgarri.

Arrapika :
263 - Iñazi baten pare, hedatzen berria
Ohidüra gogoan, Mauleko Herria
Süsta dezagün arren, txinkaren erria
Xiberoko düdetan, lanta zedarria.

264 - Nola ez aipa ere, gaztelü zaharra ?
Historia jakile, Herriko izarra
Ikurriña kaskoan, oripen beharra
Bista deikü argitzen, aize orotara.

265 - Egiteko biharko, xoko ederrena
Honartü behar dügü, mintzo ekarpena
Ordüan ahal date, aipatzen lehena
Xiberoko mügetan, Mauleren izena.

xiberokobotzaekecoursmauleonXiberoan Euskaraz Bai Association pour la promotion du dialecte souletinEuskararen Erakunde Publikoa Office Public de la Langue BasqueEuskaltzaindia Académie basqueHerri alkargoaconseilgeneral

 

remerciements àiut