LEHEN PEREDIKÜA SATANERIA 1. jelkaldia Jelki Lapurtar herritarrak.
2. jelkaldia Jelki alde batetik herritarrak, eta bestetik Ürtübie bere soldadoekin.
Jelki emazteak.
Jelki emazte xumixak.
Jelki burges andereak.
Jelki emazteak. Kanta. Belhainko latsakan.
8. jelkaldia Jelki artzainak. Kanta. Itsas aizea da gazi. 9. jelkaldia Jelki Henri IV.a bere kortearekin.
10. jelkaldia Jelki Lapurtar herritarrak. Haurrek kanta.
|
11. jelkaldia Jelki Amoue, Ürtübie, de Lancre eta Etxauz apezküpüa.
12. jelkaldia Jelki, alde batetik, Amoue eta bere soldadoak. Bestetik 8 emazte.
Jelki De Lancre, hüxer bat, bedezi bat, La Morguy,
Jelki Lapurtar herritarrak.
Jelki, alde batetik, epaile eta emazteak, bestetik, arrantzaleak.
Jelki Amue, Ürtübie, Etxauz, Arnaud d'Ossat kardinalea, Henri IV.
Jelki Miguelena erretorra, Xibaueko Adan, Gaztelloreko Pedro, Nekato, Mendribileko Xexila. Azken perediküa |
BELAGILEEN TRAJERIA
pastorala
LEHEN PEREDIKÜA
Mila sei ehün ta bederatzian
Üda larria izan zen
Lapurdiko lürraldetan
Hori deizüegü kontatüren.
Gose gorria ez balitz aski
Jente xehea zen lehertzen
Leküko jaunttoek beitzeitzen
Legar aseak sakatzen.
Gaüzak gaixki doatzalarik
Txerkatzen dügü arrazua
Gihaurtan so egin ordez
Aküsatzen dügü aüzoa.
Hamazazpi gerren mentean
Etsaiak güntüan emazteak
Jaun eta elizaren arabera
Debrüaz beitziren hartüak.
De Lancre epailea jin zen
Leküko jaunek galtatürik
Gisa horrez ziren izan
Sei ehün emazte tzokartürik.
Basakeria honen helbürüa
Zen podere baten bermatzea
Eta ahalaz ber zoinüan
Sineste zaharren galaraztea.
Ospe handiko jaunttoak
Libre direnetaz dira bekaixti
Eüskal jentea libregi zela
Pentsatü zükeen segürraski.
Emazteak izanez
Eüskal üsantxen iragaile
Hurak laster behar ziren
Igorri airez aire.
Tzokarrarazi aitzinetik
Izan ziren tortüratürik
Aipatü De Lancre jaunak
Zütüan egin ballentriak.
Historia honen kontatzera
Gitzaitzüe orai mentüratzen
Algarrekin honi lotzea
Zütüegü denak kümitatzen.
SATANERIA
Jelki Büljifer eta Behemot satanak.
Büljifer
Harroxka eta plazerrez
Agertzen nitzaük honara
Egünko aipaldia berez
Guretzat beita hona.
Behemot
Entzün üken diat hortik
Bazela Jaunttoenganik
Emagazte harditik
Debrüari emanik.
Büljifer
Badate, behin ünküak
Diratekealarik süz hartürik,
Bular frijitü eta,
Üzküzilo tzokartürik.
Behemot
Ezagün dira hortik
Botz zonbaiten marmarrak
Üdüri dü hor direla
Praube diren Lapurtarrak.
1. Jelkaldia
Jelki Lapurtar herritarrak.
Nernatenako Mariatxo
Arrantzaleak partitü beno lehen
Behar dütügü gaüza zonbait aipatü
Hortarako gira egün heben
Denak alkarrengana paratü.
Gexan Odriozola
Egün jin egün joan ari dira
Jauntto eder horik gure tipiltzen
Gure izerdi bakotxaren gibeletik
Legar3 berrien biltzen.
Hortilpitzeko Jana
Eihera egiteko züzenik ez dügü
Botingoako lürrak deizküe elki
Eta merkatüetara nahi bagira agertü
Han ere pakatü behar sarjelki.
Juantto Elizabarrena
Sokoako portüaz ere
Ürtübiek nahi dü jabetza
Bera eta berrehün soldado
Harat bürüz omen badabiltza.
Nernatenako Mariatxo
Parti gitean traba egitera
Jauntto honen pretentzioneer
Kümita hau lüzatzen düt
Bai emazte eta gizoner.
Denak erretira.
2. jelkaldia
Jelki alde batetik herritarrak, eta bestetik Ürtübie bere soldadoekin.
Mateo Aranburu
Musde Ürtübie niholaz ez düzü
Portü hau zihaurek gozatüko
Betidanik izan den bezala
Denek beitügü baliatüko !
Ürtübie
Ausardi honi arrapostüa
Emaiten deizüet berehala
Heben dütüdan soldadoekin
Emanez oroer egarrahala !
Harbeltzeko Aña
Ürtübie aspaldi ari zira
Herritarretaz prebalitzen
Orai ohartüko zira
Badakigüla ere oldartzen !
Bataila, türkak ezkapatzen, herritarrak leküan gainen egoiten.
Nernatenako Mariatxo
Oldartzea hebentxe kausitürik
Goatzan eihera eraikitzera
Eta botingoako lürretaz
Arraberriz jabetzera... !
Denak erretira.
3. Jeikaldia
Mateo Aranburu
Egin behar güziak eginik gira
Jaunttoer adarrak sarrerazirik
Arrantzüka parti gitean
Haidürü dütügü hur gaziak.
Gexan Iñuratua
Bela handiak plantan dirade
Behar diren tresneriak ere
Olio züganak har ditzagün
Sagar ardoa ahatzi gabe !
Aritzondoko Marisantz
Aize buhakadak izan diteala
Gure pottak bezain ezti
Eta gibel ützül zitaiela
Bihar ezin bada etzi !
Nernatenako Mariatxo
Kantorea beti izan da
Tristüraren artazale
Izan bedi hürrün haietan
Arrantzaleen lagünzale !
Kanta
Arraunak
Hurak izozten diren iparretara goaz
Hantik zaldi hotzak zilar gimaz doaz
Zorigaitzaren mirail diren karru leidetan
Hori da agertzen gure ametsetan
Ekiak ez dü bere ederra gozatzen
Gaüek beiteie ahür beltzez aizatzen
Herio gorriz dabil goiz azkorrietan
Nigar bat isuriz elür kandeletan
Errepika
Har ditzagün gezi lüze eta arraunak
Nonbait goaitatzen gütü balea Jaunak!
Ohol taulen men dira gure biziak
Itsasoaren agradazko ihizeak
Ilerriz bete dütü itsas leizeak
Nasaiki zabaltüz bere linbo gaziak
Lapurdin delarik ülün beltza lüzatzen
Haur oihü latzak dira ordüan hedatzen
Antzütü dira amen bular ederrak
Alorretan hedatü belar leherrak
Itzal eiharren balde zühaintz adarrak
Tximal girtainetarik lotürik diren sagarrak
Üda gorriko istil mendre bakarrak
Ütürbürü dütü haur baten nigarrak
Larrun hegian hersi ahüntz gerriak
Musdeentzat aldiz urde giñharriak
Egin ditzatela barur-bijiliak
Berrak girate tzarpaz doatzan brililiak
Hitzak : D. Recalt - Ahaidea : M. Etchecopar
Denak erretira.
4. jelkaldia
Jelki emazteak.
Nernatenako Mariatxo
Ühainen altzoan badoaz
Hürrünealat aita eta semeak
Gure artean aldiz baratüz
Attatta amama eta hümeak.
Etxeberrittoko Mailusa
Aurten ere gure kanpoetan
Hazkürri güti genezake har
Ziri triste zonbait eta
Harien lagün zerbait oihan belar.
Ortilpitzeko Jana
Gizonak orai hantxe dirade
Ternua aldeko lürretan
Gük laster hasi behar dügü
Gure lanen antolaketan.
Nernatenako Mariatxo
Badira emazte andana bat
Haur minetan dütügünak
Bizi berriari batzarri egitera
Goatzan arren emagiñak.
Aritzondoko Marisantz
Senda belarrak zohi dira
Soro, larre, oihanetan
Jundane Johane laster dügü
Has gitean üzta lanetan.
Martibeltzarenako Inesa
Jaunttoer beharko deiegü
Hüillan-hüillantik1 kasü egin
Haiekin egin dütügün tratüak
Ez ditzagüen brauki desegin.
Abadiako Janeta
Senditzen düt harro zideela
Ürrats ausartak eginik
Oldartze horiek Jaunenganik
Ez düe ükenen baimenik !
Oiharzabaleko Aña
Boztarioetan zabilzate
Ez leikezüe behar dolütü
Ürtübieri egin afruntüez
Uste beno lehen damütü...!
Nernatenako Mariatxo
Ihor ere ez da heben behartürik
Nahi ez düanaren egitera
Gustüko ez düan bidetik
Bortxaz otsamanik ebiltera...!
5. jelkaldia
Jelki emazte xumixak.
Abadiako Janeta
Nolaz ote Kattalin
Ez da goiz hontan gurekin
Ala egünko bükata
Ez dü beti bezain zikin ?
Oiharzabaleko Aña
Jakin diñat, goiz hontan
Bazoalarik ütürriala
Bi gardek hartü düela
Eta eraman presontegiala.
Abadiako Janeta
Ni nago zer zeien
Honi erreprotxatzeko
Ez ginion gaitzik ezagützen
Bere ürrin eta grosaz kanpo.
Gaztainaldeko Maria
Gaüaz gatüz dabilala
Errana da kumersetan
Eta galtzen dela bükata
Aüzoko okolüetan.
Nagillako Kattalin
Beste holakorik ere izan da
Azken aste horietan
Zortzi bat emagazte
Sartü beitütüe zeldetan.
Oiharzabaleko Aña
Zonbaitek lütükee
Behi saldoak antzüarazi
Edo bestela ere
Errekoiltak galerazi.
Marigraneko Edurne
Beste sordeiagorik ere
Haiek zakiten asmatzen
Haur sortü berriak beitzütüen
Apo elderraz puzuatzen.
Oiharzabaleko Aña
Ez da düdarik ogendantak direla
Sorgiñ arrotz kaskarrotak
Baita askazkente dütüen
Legen beltza düen agotak !
Nagillako Kattalin
Inpertinent zonbait ari dira
Lapurtar Jaunen desafiatzen
Bürkaldi8 horien biharamenaz
Ni ez niz batere fidatzen!
6. jelkaldia
Jelki burges andereak.
Garoako anderea
Jakin düzüea berria
Donibaneko portüan
Altxatü dela herria
Gure Jaunen aitzinean.
Kürütxetako anderea
Txotxaren xuritzen ez dakie
Lan egiteko püntüan
Aharraz gozatzen dira
Igateriak hartürik ahürrean.
Etxeverseko anderea
Kabale balde bizi dira
Urden erditan ohatzen
Denbora gehiena xuritzen düe
Bata besten tzikhokatzen.
Dagerreko anderea
Urdaña ederrik ere bada
Titiak beti tzilintzau
Süsaltzen dira entzün baiko
Gizonen ganik "txauri txao"!
Darkillako anderea
Pentsemazüe horik direla
Gure kastaren goizale
Aixkora kaldüz sar netzazke
Ifernü barnean zale !
Subeleetako anderea
Koskollik batere gabe dira
Gure gizon ükül horik
Nago mündüan badenez
Egiaz horik bezalakorik !
Demaseko anderea
Gük heben behar dügüna
Manazale bortiz bat da
Legearekin jinen dena
Aski goizik ahal bada !
Ürtübiko anderea
Lotsa niz heben ez dügüla
Perla hau atzamanen
Ez dügü hatik bizi behar
Kaxkarrot kastaren men!
7. jelkaldia
Jelki emazteak. Kanta. Belhainko latsakan
Errepika
Belhainko latsakan belainak pelatzen
Belhainko latsakan ahürrak iñhartzen
Belhainko latsakan esküak kiskiltzen
Belhainko latsakan erhiak mandotzen
Emazte sortzen denak
Badüke zer egin
Egüneko lanetan
Pausürik har ezin
Gisala Eva harek
Sagarra jan beitzin
Gizonaren gustüko
Beharko dü izan
Harentzat agradagarri
Izateko gisan
Plazetan eder eta
Belariko elizan
Barneko lanak egin
Eta gero kanpoan
Sos arazo delarik
Hurak ere konpon
Gaüaz senarra lotan
Gük hümeak altzoan
Gizonaren zerbütxüko
Girea eginik
Gure plazer ttipiak
Gozatü ezinik
Isilik egoitea
Zaükü galteginik
Hitzak : D. Recalt - Ahaidea : O. Oliarj.
Martibeltzarenako Inesa
Üzkü zuriak ari dira
Ele faltsü hedatzen
Omen sorgiñak ari direla
Podere güzietaz jabetzen!
Nernatenako Mariatxo
Ezpiritü hersiak bezala
Jenteak ari dira mintzatzen
Belagileen sinesmenak
Beiteizküe zikintzen!
Debrü baten zerbütxüko
Liratekeala emazte horik
Zentzü zerbait badüanak
Sinets lirokea holakorik?
Gaüza horien gibelean
Bada zerbait destordenari
Jaunttoak beren gaztelüetan
Zerbaitetaz dira ernari!
Jelki Ürtübie Jauna Ziburukoa eta Amoue Jauna Senperekoa
Ürtübie
Ala ! Zoin maite dütüdan
Portüko ürrin gazi horik
Segür niz bestetan ez dela
Kausitzen horik bezalakorik!
Aritzondoko Marisantz
No! So egizüe hortxe dütügü
Gure Jaun elegantak
Haxeriaren gisa fia fia
Senditzen dütüalarik oillantak!
Ortilpitzeko Jana
Urruñan Ürtübie Jauna
Zaldünen artean zaldün
Amoue Senperen dügülarik
Erregearen kargüdün!
Etxeberrittoko Mailusa
Holakoer ez zaitze
Seküla maxelak iñhartzen
Haatik beti jarririk egoitez
Üzküa bai zaie magatzen!
Amoue Jauna
Emazte kentea bai dügüla
Larretako gaztainen balde
Axalean mardots orratzak eta
Barneko muhuria trende!
Martibeltzarrenako Inesa
Nahi hüke bai karesatü
Tzarpen peko axal goxoa
Bena ez gütük hizan oilarraren
Ez txit ber kastako oilloa!
Nernatenako Mariatxo
Zer debrü gitaützü ala
Lehen-lehenik gozatüko
Eta gero zortzi hurak bezala
Presontegian sakatüko?
Ürtübie Jauna
Presontegian balin badira
Aipatzen dütüzün horik
Nonbait zerbait egin duke
Hortan ez da düda mikorik!
Martibeltzarenako Inesa
Sarjantak ari dira ümen
Otsezko sorgiñen txerkatzen
Nork daki ez zütüenez
Ber zoinüan süspetxatzen!
Etxeberrittoko Mailusa
Plazerrez ikus genetzake
Züen üdüriko ohoinak
Zelda hotz batean kokot
Bürdüinekin lotürik hoinak!
Amoue Jauna
Murriflazo saldo honek badü
Ausart bezain ele zühür denik
Haien gisa gaü beilak gozatzen ditiagü
Hobe diagü kasü emanik!
Ürtübie Jauna
Badakik Erromari traba zaiola
Eüskaldünen fede zaharra
Eta hargatik gahatzen düala
Jentartean malezia garra!
Ondorioz badira ari direnak
Gü bietaz mesfidatzen
Gure fortünak ez ote direnez
Sorgiñeri esker ari metatzen.
Amoue Jauna
Hala balin badira hik diotzanak
Behar diagü abilki jokatü
Mintzen ari den afera honen
Gidarrak beharko ditiagü hartü.
Ürtübie Jauna
Lapurdiko Biltzarraren izenean
Galtegin dezagün erregeari
Txotxerdi bat emasorgiñ
Eskent ditzan epaileari.
Amoue Jauna
Holaz jenteak badüke
Non bazka mendekü gosea
Trankil goza ahal dezagün
Dügün hontarzün güzia!
Biak erretira.
SATANERIA
Jelki Büljifer eta Behemot satanak.
Behemot
Aberatsak izan dira
Üsü kaka nahasle
Faltsükeriaren gorotzak
Beitira fortüna haz.
Büljifer
Zerbait badüanak ere
Beranaren ez galtzeko
Besteak zikin letzake
Bera xahü agertzeko.
Behemot
Otsoak ere behar düalarik
Zaintü bere hümeria
Akeiez fundi liro
Gogoz bere lür herri.
Büljifer
Kaka erauntsi bat ederra
Laster zaükü agertüko
Eta gük gure xokotik
Gustüan dügü gozatüko !
Püntü eta erretira.
8. jeikaldia
Jelki artzainak. Kanta. Itsas aizea da gazi
Itsas aizea da gazi
Larrun hegi hontan
Artaldeak ezin hazi
Baldintza horietan
Ardüra da gozatzen
Heben irazarria
Ezürretara beita sartzen
Oi! aize mingarra
Ardi eiharren herrapeak
Are jeitsiago
Sakolan musa ttipiak
Beti hersiago
Ezneari zaitzo nausi
Kotxüan babakak
Hala ere beharko jauntsi
Larrüzko abarkak (trai-la-la...)
Heben gainti korraleak
Gaintika lohitzez
Gure Jaunttoen okolüak
Mükürü gerezitzez
Plañitzen hasten dena
Zurratürik makilez
Et'ixilik dagoena
Zipaka nigarrez (trai-la-la... x 2)
Hitzak : D. Recalt - Ahaidea : N. Etxart
Migualena Apeza
Jinkoak zitzaiela benedika
Bihotzeko artzain lagünak
Eta lüzaz ditzala bihika
Lür hontan züen egünak!
Kaiet
Egün hon jaun erretore
Jesus Kristoren jornaletora
Fededünez zirea itoa
Guregana agertzeko hain gora!
Migualena Apeza
Badakit mendiak badüala
Gure zühürtzeko ahala
Jinkotik hain hüllan izanez
Ea argitüko naianez?
Jantto
Behar deizkützü jauna erran
Zoin diren zure nahigabeak
Badakizü artzainak ez girela
Lagüntza aldetik herabeak.
Migualena Apezak. Kanta. Odei beltzak
Odei beltzak ari dira
Zelü garbiaren tapatzen
Sano güntüan bürhünak
Hasi zaüzkü lanhatzen
Gose errabiak hartürik
Ez dü non zer jan jenteak
Legarrez jaunek deitzee
Jeisten hontarzün gütiak
Etxeko andere soil zena
Orai dügü belagile
Düda mikorik ere gabe
Min güzi horien egile
Lüzaz gozatü dena
Behar omen da ükatü
Beti ospatü dena
Gaurdanik beita bekatü
Jinkoak balinbadü
Ahala parkatzeko
Nor dügü aski handia
Haren aitzi jokatzeko
Hitzak eta ahaidea : D. Recalt
Kaiet
Interes zonbaiten arabera
Asmatzen dira legeak
Atzo gezürtzat hartürik zirenak
Bihar baiko dirate egiak!
Jantto
Sorgiñkerien afera hau
Aitzaki hüts baizik ez dela
Artalde libre hezgaitzen
Biltzeko bortxaz artegiala!
Pedro
Europa osoan ari dira
Estado berriak antolatzen
Gü bezalako popülüek
Beren planak deitze trabatzen!
Kaiet
Marietan sinesten düanak
Ez dü nahi beste Jinkorik
Ez Parisen bizi den bat
Haboroziz eta Erromakorik!
Migualena apeza
Düda batez ürratürik nago
Ez jakin nola behar den jokatü
Ixil ixilik egon behar düta
Ala maltzürkeria hau salatü?
Kaiet
Jauna badüzü kontzientzia bat
Denek heben dügün bezala
Haren botza entzün eta
Joka ezazü haren nahiala!
Kanta
Lür urdiñ eta berdea
Bazanakiena nonbaiko izan ginela
Lür hura urdiñ eta berde zela ?
Lotü gütüe bai prefosta bena bürdüinekin
Lotü gütüe lotü berek egin legeekin
Geroztik otsoak plazetan badabiltza
Gerrian josirik gure etxeko giltza
Gure ametsak kantüz eraiki güntüan
Eraman ebil bide lüzean
Esküak bata besteari emanez
Ahaltsüak ahüla otsamanez.
Bazanakiena nonbaiko izan ginela
Lür hura hura urdiñ eta berde zela?
Urtalde hotzak gureganatü ziren
Eta batzarri egin geneien
Geroztik hor gira ezin berotüz
Besarkadaz algarri nahi lotüz.
Badakizüeia nonbaiko girela
Lür hura urdiñ eta berde dela?
Hitzak : D. Recalt - Ahaidea : M. Etchecopar.
SATANERIA
Jelki Büljifer eta Behemot satanak.
Büljifer
Behemot ene debrüttoa
Ez haüa asperrarazten jente xeheak
Ahoa zabaltü baiko
Nigarrezko beitütü eleak!
Behemot
Egia dük kasta honek ez diala
Jitea baitezpada bixi
Eta plazerari üko eginik
Malürrean dela bizi !
Büljifer
Ütz ditzagün hastial horik
Beren nigarretan itotzera
Eta goatzan arren hor gainti
Saltsaren puzuatzera…
Behemot
Amoue Jauna eta Ürtübie
Pariseko bidean güntüan
Nago zer batzarri üken düen
Gaine hartako kortean?
9. jelkaldia
Jelki Henri IV.a bere kortearekin
Henri IV.a
Bada orai hogeita hamar urte
Kanpoan ari nizala gerlan
Etxeko aferak dütüdalarik
Aldiz kasik peko errekan.
Marie de Medecis
Erregetza moderno bat
Amesten düzü aspaldian
Halako bat antola ezazü
Estado berri batekin.
Pareus
Frantziako zoko güzietara
Gizon fidelak igor itzazü
Zure legea errespetaraziz
Etxen zirateke indartsü.
Duplessis Morney
Jente xeheak behar dü jakin
Nontik nora bide egin
Erregeak erakuts dizaola
Gertü eta indarrarekin!
Geraud-Mainard
Zientzia eta jakitate berriak
Hasten dira emeki hedatzen
Ea zure poderearen indarra
Ez düzünez haietan bermatzen?
Du Batras
Profeten libürüetan dügü
Kausitzen Jaunaren hitza
Manera berraz da zabaltzen
Gizon berrien jakintza!
Jelki sarjant bat
Sarjanta
Henri handia heben badütüt
Zure ikusle nahiantak
Soinekoak ikusi eta
Nonbaiko jauntto elegantak!
Henri IV.a
Sar bite sar arren
Ausart bite hüllantzera
Nahiz dakidan jin direla
Eni zerbaiten galtatzera!
Sar Amoue eta Ürtübie Jaunak.
Ürtübie Jauna
Egün hon Jaun agurgarria
Herratüen gaüko argia
Zühürraren ütürria
Frantzia handi honen erregea!
Henri IV.a
Bueno bueno fuera Allelluiak
Plega dezagü afera hau
Zertara agertzen zideen honarat
Erran izadazüe hebentxe brau!
Amoue Jauna
Lapurdiko eüskal lürretan
Sorgiñak ari dira indartzen
Debrüak hartü emazte horik
Gure poderea düe ükatzen.
Ürtübie Jauna
Sendabelarrekin trebe dütüzü
Zü armekin ziren bezala
Ezpiritüekin biltzen dütüzü
Erreka ondoetan gaüaz gisala.
Düala güti eni oldartü ziztazü
Ehünka Donibaneko sargian
Zelütik piko sartzen ziztazün
Erratz iguina zankartean!
Arnaud d'Ossat kardinalea
Jüdio, higanaut, sorgiñ edo buhame
Leherra bada Lapurdin
Elizak galtatzen deizü
Zerbait dezazün fite egin.
Ezkontzaren sakramentüa
Ez düe batere errespetatzen
Elizaren benedikzionea gabe
Gizonekin beitira bizitzen.
Ürtübie
Audela, eüskara erabiltzen dizüe
Beren artean mintzatzeko
Errespetü mikorik gabe
Arrotz unestetaz trüfatzeko!
Henri IV.a
Ene bihotzeko xokoxorri puttuttuna
Beti aholkü egile hona izan hitzaüt
Emadan argibide bat hona
Pazentzia lanpüsten ari zaüt.
Marie de Medicis
Jüstizia bat sor ezazü
Estadoaren zerbütxüan
Bühürriak belaink'itzazü
Haren altarearen aitzinean!
Iharrausaldi hon bat emanez
Lapurdiko sorgiñ horier
Frantziaren jabe zirela
Erakuts izaezü güzier!
Denak erretira.
SATANERIA
Jelki Büljifer eta Behemot satanak.
Büljifer
Ohart hadi Behemot
Jenteak zer balio düan
Bere xedeetara heltzeko
Zer nahi liroke egin.
Behemot
Gora joan nahi denak
Behar dik zerbati bermatü
Apalago direnen bizkarrak
Ahalaz ontsa baliatü!
Büljifer
Gero ariko zizek
Manü eder emaiten
Otsez1 eta beren goratik
Argi düela ikusten.
Behemot
Horiek ikusten düena
Dük beren sabel ederra
Eta ez gosez janak
Ahoan düen elderra!
Büljifer
Nago zertan diren
Gosejankin saldo horik
Bada builta ez dela
Haietaz berriagorik!
Behemot
Goatzan arren goxoki
Lapurdin paseatzera
Emagazteen korpitzen
Begiez gozatzera!
Püntü eta erretira.
10. Jelkaldia
Jelki Lapurtar herritarrak. Haurrek kanta.
Aize hegoa
Aize hegoa gaü epela
Argizagian argi
Mutxurdinak leihoetan
Hegatzean gatü bi
Bide'ondoan zonbait kanta
Gaüerdiz orduari
Har gaineko sorgin zaharra
Keinük'argizagiari.
Hitzak : T.-M. Olaso - Ahaidea : herrikoia
Nane koblakaria
Ekiak lekü egin dü
Gaüetako argiari
Izarren aurride dena
Gure argizagi ederrari.
Aixa koblakaria
Larrun hegiko lanoak
Zure argiak barrea ditzala
Eta airez harro beza
Lür pean gorderik den itzala!
Miren koblakaria
Haren axolbean libra ditzagün
Gure korpitzen ederrak
Bazter ütziz behinkoz
Egün güzietako asperrak!
Leire koblakaria
Dantzaren bidez kurri bedi
Larrüaren gainti izerdia
Zilar txortaz busti dezan
Belar fresk honen berdea!
Hitzak eta ahaidea : D. Recalt
Jundane Johañe dantza.
Ahaidea : M. Etchecopar - Ürratsak : J.-P. Recalt
Jelki Ürtübie eta Amoue Jaunak, beren gardekin.
Ürtübie
Parka gitzazüe jin bagira
Züen plazeraren haustera
Bena damürik horra gira
Berri txarren ekartera...
Errege jauna kexü dago
Heben agitzen düenekin
Aferak nahi dütü xuritü
Lapurdiko sorgiñekin...
Amoue Jauna
Aholkatzen deizüet dener
Gaixki egileen salatzea
Holaz beita kausitüko
Gehiengoaren salbatzea.
Nernatenako Mariatxo
Nor ote dirade heben
Aipü diren gaixki egileak
Ala belarren sekretüaz
Jabe diren belagileak?
Ürtübie
Üko beharko da egin
Emazte sinesmen horier
Eta bortak handizki zabaltü
Libürüetako jakitateer!
Gisa hortara da kausitüren
Ezpiritüen xüxentzea
Gure herri zahar honen
Biharrari eskentzea.
Amoue
Emazteak behar dü jakin üken
Egoiten bere betiko leküan
Sorgiñkeria horier üko egin
Ta jarri gizonaren zerbütxüan!
Ürtübie
Bühürriak gaztigatürik dirateke
Merexi dükeen bezala
Errebelde baratü nahi denak
Hau argi üken dezala...!
Denak erretira.
11. jelkaldia
Jelki Amoue, Ürtübie, de Lancre eta Etxauz apezküpüa.
Ürtübie
Egün hon Aita güziz saintüa
Badakizü herri honen patxada
Heben dügün de Lancre jauna
Gaüzen konpontzera jina da…
Amoue
Erregearenganik badü
Epaitzeko baimena
Eman beza sorgiñ horier
Zigorretan gordinena.
Etxauz
Jauna, erregeak balin badeizü
Eman orai düzün kargüa
Pentsü düt zure ezpiritüa
Dela oroz gain güziz argia...
De Lancre
Mehatxü gorrian bizi girade
Jinko Jaunaren zerbütxariak
Debrüak tirantzen beitütü
Bazterretan bere sareak.
De Lancre
Misionisten lanari esker
Asian dira debrüak uxutü
Bena Lapurdiko emazteek
Eskeini deie orai ostatü.
Ürrietan ürzoak bezala
Naiaka ikusi dütüt sartzen
Larrun hegiko lanartetan
Balinba dira ohatzen!
Amoue
Ene gizonak badütükezü
Prest zure zerbütxatzeko
Belagile tzar horien
Behar den bezala matatzeko.
De Lancre
Bihardanik hasiko zidee
Ematzarren arrestatzen
Han artean nihaur üztea
Hirurer deizüet galtatzen…
Ürtübie, Amoue eta Etxauz erretira.
De Lancre
Pierra, Jinkoak dütüan beharrentako hiz heben,
berak haü behartü !
Ordüan, delibero baten hartzeko püntüan, ez (e)zakala ihoren beldürrik üken Pierra, hire deliberoa Jinkoarena beitate...
Emasorgiñ horik ez dira ohizko ihizeak, kasü emek Pierra.
Gaüza jakina da emazteak gertürik ez düala, arina dela,
kanbiakorra dela…
Nor nahiri eskent liroke bere üzkornua.
Audela Lapurdi hontako emaztea sü eta garra da, mendian bizi,
libre korpitz eta ezpiritüz…
Sagarrez bizi da, sagar janez, sagar edanez, Evaren sagarraz
bizi da, tentazionearen sagarraz! …
Eta orai debrüaren bidez, emazteak lotü dira poderearen lehiari!
Bena debrüaren lagüntzarik ez balü, emaztea ez lizate hora bat beno abillago...
Pierra, Pierra, ez ahatz hire eginbeharrak! Emazte horik behar
dütük debrüaren eskütik elki, kosta ahala kosta, süiaz bada
süiaz... Jinkoaren nahia hiz Pierra, zer diot, Jinkoa bera!
De Lancre erretira.
SATANERIA
Jelki Büljifer eta Behemot satanak.
Büljifer
Entzün dütüka gizon honen
Ele espantagarriak
Üdüri dü Jinko batek
Deitzola esküala ekarriak!
Behemot
Honek espanto badik
Ertzotik bezain beste
Gaixo emazte kenteak
Gorria beharko dik txeste!
Miñurt larleiñaren egiten
Ez hitzaüt arauz hasiko
Emazte zonbaitek düelakoz
Süia laster haziko!
12. jelkaldia
Jelki, alde batetik, Amoue eta bere soldadoak. Bestetik 8 emazte.
Amoue
De Lancre Jauna heben dügü
Henri erregeak behartürik
Belagile biltzen ari behar dügü
Gaü eta egün bütatürik!
Garda bat
Debrüa, gerla gogorragorik
Gure bizian egin dügü
Ürrüxa ihiztekatzea
Ez düt ez hüillanik ere hügü!
Nernatenako Mariatxo
Zer düzüe erreprotxatzeko
Giren emazte tristanter
Lapurdi hontaz kontü
Galtegizüe ogendanter.
Amoue
De Lancre Jaunak ozenki dio
Debrüaren hüme direla emazteak
Akelarretara badoatzanak
Hartakoz dütü begistatüak!
Nernatenako Mariatxo
Izan dadin Senpere ala Ziburu
Ürrüña edo Donibaneko parropia
Akelarretara gustüan badoazü
Han, Eüskaldün den güzia.
Amoue
Manüak beti manü izan dira
Goatzan harien obratzera
Etxez etxe joan gitean
Ematzarren miatzera.
Martibeltzarenako Inesa
Deusere honik ez düzüe
Kausitüko gure etxetan
Hontarzünik ez düzüe
Sartüko züen biesetan.
Amoue
Lot etzazüe kateekin
Hon den güzia prefosta har
Süiala itukitzez ondarrak
Sor dadin milaka gar!
Bataila eta emazteak eraman preso.
Kanta
De Lancre-n heltzea
Mila sei ehün bederatzia
Urte ezin ahatzea
Goiz finitü zeikün bedatsea
Gaüari ütziz leküa
Hurtü zen nonbait ekia
Manta beltz lüze bat soin hegian
Igateia ahürrean
Üda larri tzokarren seinale
Herio minen zen ekarle
Gaitz handiaz zen erkale
Agertü zen anaiek behartürik.
Arostegi izenaz damütürik eta
De Lancre delakoaz jabetürik
Harek bazakitzan zoin ziren egiak
Ikusteko iratzi1 zeitzen begiak
Erregeen hitzekin jin zitzaien
Ezin konpreniz zirelakoz eüskaldün
Sei ehün gira geroztik alargün
Agertü zen anaiek behartürik.
Arostegi izenaz damütürik eta
De Lancre delakoaz jabetürik
Jinkoaren bidetik hürrüntü betiko
Denak ümen ziren heretiko
Emazte eta haurrak erre ziren bardin
Üsantxak zütüelakoz ezbardin
Ketan joan ziren zelüko zohardian
Mila sei ehün bederatzia
Urte ezin ahatzea
Goiz finitü zeikün bedatsea
Gaüari ütziz leküa
Hurtü zen nonbait ekia
Hitzak : D. Recalt - Ahaidea : N. Etxart.
Denak erretira.
13. jelkaldia
Jelki De Lancre, hüxer bat, bedezi bat, La Morguy,
Baionako burreua eta arrestatü belagileak.
De Lancre
Herroka bite zale honarat
Alü süsal urdaña horik
Eta laster mintza bite
Balin badüe erraitekorik!
Abadiako Janeta
Nernatenako Mariatxo
Debrüa bezain harro zen
Donibaneko plaza hartan
Ürtübieri zelarik oldartzen!
Oiharzabaleko Aña
Emazte horik gaüez ari dira
Kantüz, dantzan, izerdietan
Berek aitortzen düen bezala
Mari jinkosaren honetan.
De Lancre
Badakit emazte horik ari direla
Jaun Goikoaren arnegatzen
Akerraren lagüntzarekin
Pagano jei antolatzen…
Martibeltzarenako Inesa
Epaiketa itxüra bat
Orai düzüe allegiatzen
Gure errearazteko egürrak
Aspaldi ari direlarik idortzen!
Aritzondoko Marisantz
Oihaneko egür güziak
Bildüko dütüzüena gatik
Gure arimak ez dira erreko
Aspaldian nik hori badakit!
Nernatenako Mariatxo
Garren artetik jelkiko den
Emazten azken hasperena
Bizi berri batentzat date
Oldar oihüetan lehena!
Gü gira osto eta belarra
Gü ütürriaren bihotza
Bedatseko lilien gisa
Arrotza zaükü herio hotza!
De Lancre
Garrak arren tzokar bitza
Debrüaren emahümeak
Labe gorriz ager bite
Lür petako ifernüak.
14. jelkaldia
Jelki Lapurtar herritarrak.
Xibaueko Adan
Henri erregearen manüz
De Lancre epaitzen ari da
Amoue, Etxauz ta Ürtübie
Isil ta kutx baratzen dira.
Migualena erretorra
Hamarka dira emazteak
Egün oroz errerik direnak
Zerrenda beltz honen artean
Agertzen dira apez izenak.
Nekato
Adin gabeko haurrak ere
Errearazirik dira süiarekin
Zernahi aitortzen beitüe
Behin direlarik tortüraren pean!
Gaztelloreko Pedro
Egin dütüen basakeriak
Ez dira hor finitüko
Donibaneko plaza hartan
Besterik beitüe erreko!
Migualena erretora
Ezin gira heben egon
Deusere ez balitz bezala
Norbaiten laukünaren txerka
Parti gitean berehala.
Mendiburuko Xexili
Sei mila gizon badütügü
Ternua aldean arrantzan
Haien txerka parti bite
Itsas gizon zonbait bertan!
Xibaueko Adan
Bidaje honen ardüra
Hartüko düt ene bizkar
Ternuako gizonekin
Arrajiteko azkar!
Migualena erretora
Xantza izan bedi züekin
Bidaje lüze hontan
Krimen horien trabatzera
Ützültzeko ordütan!
Arrantzaler helaraz izaezüe
Emazte triste horien deia
Eta menteek ahatz ez dezaela
Gizon basatüen larderia!
Denak erretira.
Emazteek kanta
Tortürarena
Lehenik bilaizi güntüen
Eta erditan ezarri
Begiak ixarra ditzatzüen
Han ginen pikarrai...
Indarrez etzanik bizkarra
Kabale bagina bezala
Bizar nabelaz egin zen bixkarra
Tipil günüan axala...
Korpitzak zeiñü galdüen gisa ari zeizkün balantzan
balantzan
Kordetarik lotürik eta
Kordetarik lotürik eta
Panpiñ hautseak ginen dantzan
balantzan...
Joan zeikün oldartzeko ahala
Sabeletan sartü hotza
Joan zeikün kantüetako botza
Dolü egünen izotza...
Ez dügü nahi züen Amena
Gütaz egin hon zaüzüena
Aizeer para da txalupa haga
Gure bihotza joana da...
Gure aitzinean denak ziren jaun, epaile, erretor
erretor
Oihü nigar otoitzen eta
Oihü nigar otoitzen eta
Horiek entzütera jinik hor
jinik hor...
(Elderra bazoan aho saintüetarik
Bularrak marruskatzen1 zeizkielarik...)
Lehenik bilaizi güntüen
Eta erditan ezarri
Indarrez etzanik bizkarra
Kabale bagina bezala
Kabale bagina bezala!
Kabale bagina bezala!
Kabale bagina bezala!
Hitzak : D. Recalt - Ahaidea : N. Etxart
Denak erretira.
15. jelkaldia
Jelki, alde batetik, epaile eta emazteak, bestetik, arrantzaleak.
De Lancre
Zer debrü dütüt heben
Tzarpaz jauntsi gizon horik
Erregearen ordezkari denak
Ez dü honartzen holakorik!
Traba egile zaitzonak
Jüstiziak ez dütü honartzen
Lekü egizüe hortik
Edo zütüet iharrausten!
Xibaueko Adan
Podereak bürüa hantü deizü
Ütsützeko heineala
Emazte horik libra etzazü
Faizurik gabe orai berehala!
Juantto Elizabarena
Gure geziek badizüe
Leherra balea ehorik
Deserta gisa har lirozkee
Gustüan zure soldado horik!
Amoue
Fanfarru oilar llerdenari
Sarreraz dizaogün küküla
Ikus dezan lürralde hontan
Poderea Jaunek dügüla!
Bataila.
Xibaueko Adan
Erregeak jakin dezala
Agitü denaren berri
Eüskaldünen bizitzarekin
Ez dezala egin erri...!
Orain altxatü giren bezala
Berriz jeikiko girela
Bihar jinen diren jaunttoek
Ordütan jakin dezaela...!
Denak erretira.
Dantza
Errepika
Ezkapi da azkenean De Lancre ehailea
Berarekin eraman bitza zelü ta ifernüa
1) Herritar sentoek dioie sarrerazi lotsa
Büztana zankartean jun da lanpüstürik hortza
2) Sagar ardoaren ttirrinak jin bite ürrez
Bero ditzala sabelak ahalaz plazerrez
Hitzak : D. Recalt - Ahaidea : M. Etchecopar.
16. jelkaldia
Jelki Amue, Ürtübie, Etxauz, Arnaud d'Ossat kardinalea, Henri IV.
Ürtübie
Errege Jauna horra nüzü
Lapurdiko berriekin
Zure epaile den De Lancrek
Deusere honik ez dü egin!
Amoue
Jentearen matatzeko partez
Sordeiki dizü arnegarazi
Arrantzale mündüa beitü
Oldartzera altxarazi!
Arnaud d'Ossat kardinalea
Elizako jentea düzü
De Lancre jaunaz aspertürik
Haren egitateengatik
Denak beigira zikintürik.
Galtegiten deizügü Jauna
Kargütik ken dezazün
Haren izena sekülan
Ez dezagün haboro entzün!
Henri IV
Bi hilabete baizik ez da
Jin zideela ene gana
Hain laster ützi behar deia
Doi doia hasirik den lana?
Etxauz apezküpüa
Apez gehienak ari zaizt
De Lancre jaunaz plañitzen
Haier paratzen banitzaie
Bakezale niz agertzen!
Henri IV
Basakeriak honartü ondoan
Axuri balde gitean ager
Itxüra hon baten üzteko
Biharko historiazaleer…
Lapurdiko basakeriak
De Lancre jaunarentako
Nik aldiz historiazaleer
Ütziko düt "la poule au pot!"
Denak erretira.
17. jelkaldia
Jelki Miguelena erretorra, Xibaueko Adan, Gaztelloreko Pedro, Nekato, Mendribileko Xexila.
Xibaueko Adan
Hamarka emazte erretzen ützi eta
Etxauz apezküpea da iratzarri
De Lancre-en bisitaz da damütü
Alta egin zeiolarik batzarri.
Herritarrak ez balira oldartü
Estadoaren krüdelkeriari
Etxauz eta De Lancre-ek orano
Alkarrekin eginen züen bazkari.
Miguelena erretora
Oraiko hontan irabazi deiezüe
Poderearen jabe direner
Botza bihotzean sartzen zaükü
Arrazu handiekin dener.
Bena berriz dira agertüko
Poderea ez beitüe hola zeditzen
Indarra esküetan düanak
Ez beitaki bakean bizitzen.
Mendribileko Xexila
Zer nahi düe ala
Dakigün güzia ezabatü
Arima hütsak giratekeeneko
Haien legeetara behartü?
Nekato
Ahürraren barnen dütüe
Jente xeheen geroak
Nahi dütüe ere galerazi
Haien arima eta gogoak.
Emazteak hartüz ixterbegi
Eüskaldüntarzüna nahi izan düe desegin
Amek beren mintzaje ederrarekin
Eüskal haurrak beit dütüe egin.
Gaztelloreko Pedro
Milaka urte hontan
Jiten zaüzkü arrotzak
Ihork ez dü kausitü
Ixilaraztea botzak.
Hamar sartüko dütüe
Balinba presontegian
Ehün goaita dirateke
Gazte sento gibelean.
Xibaueko Adan
Herri bat ez da hola
Ustegabean matatzen
Odol istilek beitakie
Azi berrien hurstatzen…
Denak erretira.
Kanta. Liho hurak
Urteek hartü gütüe eta altzoan eraman
Giñar fiñak baleütüz zeihar xedeetan
Haur erriak joan zaizkü amets galdüen hegaletan
Kantak ütziz, soak belztüz hasi gira lanetan
Kabal hezi, mitil perestü
Odola gatzatü zaikü zainetan
Bizi hontan bagabiltza
Beldürrezko ürratsetan
Errepika
Liho hurak lanba lüze izerdi bilaizietan
Bilo beltzez gerri xuriz busti bite eri xotilen ezpainak
Ütür gorriko arroila hezetan
Sabel fiak erribide
Ahalkez doatzan ahür goxoetan
Amodioak ürra bitza plazer minak
Gaü itzalaren aixolbeetan
Bizia ez da eramaiten dügüna
Ez da egünaz argi, gaüaz ülüna
Bizi ütürriak dira milaka
Zointarik edan eta hura bilaka
Goatzan debeküen funtsetan1 alaka
Mürrü beltzak eror lirateke paltzaka
Nahi ixilak argi berde bagintza halaka
Lili bat soroan haüta
Eta haren ondoan etzan
Maitarzün hitzak, bihotz minak
Maitale bati bezala hari erran
Handitü girela ahatzi eta
Nigarrak haur bati eman
Eskü ttipi ejer xuriez
Lümaxü urdin altxa detzan
Hitzak : D. Recalt - Ahaidea : M. Etchecopar.
Azken perediküa
Basakeria hau izan denetik
Iragan dira lau ehün urte
Non errautsetan joan ziren
Sei ehün eüskal emazte.
Gaitz handi horien egilea
Ez zen kriminel zen bas'ihizea
Baizik eta lege gizonek
Erdi zeiküen jüstizia.
Estadoek ere uste düe
Erabiliz legeen indarra
Ixilaraziko düela
Jentearen oihüaren garra.
Frantses erran batek dio
Ereiten düanak aize azia
Üztatzat badükeala
Goiz edo berant iñhazia.
Eüskal Herrian egün
Ez da bestelakorik ikusten
Estadoen beharri gorrek
Süari sü beitüe emaiten.
Jentearen nahiak entzünez
Ager leiteke bakea
Odei beltz horien artetik
Jin dakigün berriz ekia.
Azkenik ohar ttipi bat
Heben zideen güzier
Gure mintzajearen geroaz
Interes zerbait düener.
Aloze Ziboze eta Onize
Eüskarari gira etxekiak
Dakian bakotxak mintza dezala
Goza dezan bihar haurñiak...
Azken kantorea
Hona Aloze-Ziboze-Onize
Eki leinhürü distirant batek
Argitzen deikü egün berria
Basabürüko kartiel eijer honi
Harek emaiten deio bizia.
Alde batetik ürhe Aphura
Bestaldetik Ühaitza zilarra
Elge nasaiak, lür aberatsak
Alor, soro, baratze ordokiak.
Hor axolbea dügü oroek
Izan dadin arogaitz edo aize
Azkarki bateginez hiruek
Hona Aloze-Ziboze-Onize.
Peko ta gaineko Ürupea
Zamalgaina, Txori kantagia
Anzola, Sorolüzea, Zezentze
Ezkieta, Papeterealtea.
Hitzak eta ahaidea : Niko Etxart.