Junes Casenave-Harigile
1
LEHEN PEREDIKÜA
Agurtzen zütüet oro,
ikusle maitagarriak,
Gütara erakarririk
gure pastoral berriak.
Eñaut Elizagarai dügü
jarraikiko algarreki;
Heben bildürik beitügü
ezagütüko hobeki.
Hamaseigerren mentean,
berrogeita hamabian,
Armendaritzen sortü zen,
kanderailü egünean
Bost haur baziren etxean:
arren zazpi bizizale,
Hanko nausia zelarik
ofizioz oskigile.
Ordü hetan ohi beitzen.
goizik sartü zen mixkandi;
Haurtzarotik ikusi züan
bai andere bai jaun handi.
Hain züan hartze argia,
hain zen ere xotil jitez,
Non oroek xoratürik,
nahi züen berentü maitez.
Bere nausien haurreki
ikasi züan eskolan;
Bena libürüetan beno
egiten züan gogolan.
Maite züan ikastea
Oroz gain matematika,
Bere bidea jarraikiz,
ez besteeki zoin lehenka.
Rochefort en, egün oroz,
ikustez itsasontziak,
Hobetü nahi zütüan,
Asmatü eta bereziak.
Aldatü zütüan ere
haien ützülüngürüak,
Ezinago gaitz beitziren.
jarri hein bat errestüak.
Itsasküntzeko lanetan,
ezarri züen aholkan;
Bere lagünen artean,
agertzen zen ikerlan.
Bazüan bere alkia
Itsasoko Konseilüan;
Erregek besteak beno
behatzen züan ordüan.
Harek beraz egin züan
San Luis Taldearen kide;
Hola estimü handia
agertüz Eñauten alde.
Ordüko jakintsüneki
botzik ari zen noiztenka;
Haien balde balin bazen,
ez züan maite bailaka.
Zientzia Akademian,
sartü züen lehendakari;
Honartü züan lan hori,
nahiz izan zerbütxari.
Mündüko bazter orotan
Eñaut famatürik dago;
Aipatzen deizüegü heben
Eüskaldün bat omen gaitzeko.
Jelki Satan eta Lebiatan zerbütxaria, tauladüra zolatik
Lebiatan
Satan, zoin goxo zaitadan
tauletara igaitea,
Saldo horren atzinean,
bi jauziren emaitea.
Satan
Ez diagü gük izan behar
jauzteko ihoiz herabe ;
Zeren ez dük eskentzen
pastoral honik gü gabe.
Ezin edenak hartürik,
gordaxka bada gordaxka,
Ari gütük beti han hor
mündü hau nola zirika.
Lebiatan
Hona emanik zaigüla
orano behin ahala;
Euskal Herria ütz eta
gure da mündü zabala
1. Jelkaldia
Jelki Krisante Elizagarai Eñauten aita, Maria ama,
Pierra Sühart bikarioa, Klaudia de Montreal,
Armendaritzeko jauregiko anderea, esküin.
Krisante
Eñaut semearen berri
eman izagüzü orai;
Nola den, zertan den,
jakin nahi dizügü bai.
Klaudia
Ez dezazüela haurraz
arrenkürarik otoi har;
irus bizi düzü beti
eta osagarriz azkar.
Maria
Hori dit bai ene lotsa:
hain da ttipi betidanik;
Ez dezaket gogotik elk,
zail dela ere jakinik.
Suhart
Nik eman deitzodanean
lehen lehen ikasgeiak,
Orit nüzü, hatsarretik,
argi zütüala ideiak.
Klaudia
Hala hala düzü ere,
ez dizü batere nekerik;
Diren güzien ikasteko,
ihon ez dizü balderik.
Krisante
Gogaragarri beitzaio,
ez dizügü gük baztertzen;
Etxen jada ari züzün
oski lanetan ikertzen
Suhart
Zernahirentako beitü
Eñautek gogo tzorrotza.
Desara llabürrez dizü
ikasten aisa sail gaitza.
Maria
Heben eraiki beitügü
xüxen Jinkoaren sinestean,
Hortan jarraik beza arren
eta bide onestean.
Klaudia
Biak beraz izan zitee
segür beno segürragoak,
Non den etxean orozgain
Mariatzen dü kirixtigoak.
(oro joan)
2. jelkaldia
Jelki Krisante Elizagarai, Maria Elizagarai, Madalen de Gassion,
Xarles Colbert du Terron itsasunzidi nausia, esküin
Madalen de Gassion
Ene aitareki arren
jin niz egün züen etxera.
Eñauten geroaz heben
algarreki mintzatzera.
Xarles Colbert
Alabaren etxen beitüt
Eñaut ezagütü ahal.
Ikusi düt nihaurtarik
zoin düan gogoa zabal.
Ikaslan oroetan dü
haurrak ekarten gogozka;
Bena orozgain halere
maite dü matematika.
Jite harrigarri hori
ez daiteke bazter ützi;
Berartan düan gosea
behar da hobeki hazi.
Madalen
Ez dezaket aski lagünt
Arbuseko jauregian;
Aitak bai egin dezake
bere itsaslantegian.
Maria
Orai artino ez dügü
haurrari trabarik eman;
Ez gintake nahi beraz
orai behaztopü izan.
Krisante
Egün batez egin bedi
Eñaut egiazko gizon;
Zureki züan bezala
üken beza lagüngoa hon.
Madalen de Gassion
Eñaut ene etxen dago
semetto bat bezain beste;
Haren joaitera üzteak
min deit, hanitx beitüt maite.
Xarles Colbert
Ez ziteela ez etsit,
gure etxen hala date;
Itsas gaüza güzietan
ükenen dü jakitate.
Maria
Arren Eñaut gure haurra
züen esküetan dagola;
Haren geroaz zitee
hobekienik axola.
Krisante
Beren bürüa ahatze
behar düe aitamek,
Beren bidea argiki
jarraik dezaen beren haurrek.
(oro joan)
Kanta: Etxea ützi nüan
Etxea ützi nüan gazterik;
Harez düt nik gogoa beterik;
Ez düt hartüko pausü arterik,
Etxeaz gozatzeaz besterik.
Nola ahatz aita eta ama?
Zeren diren etxenko arima.
Hoik gabe deüs honik ezin asma;
Haurrak, hoietan zitee berma.
Aita, ama. haurren egongia.
Bai lehen ürratsen ikasgia.
Aüzo eta zonbaten bilgia,
Etxea oroen laketgia.
Han zoin miragarri üngürüak!
Gora igaiten dira bortüak,
gorago urdin ere zelüak,
Bero ekiaren leinürüak.
Etxetik bestaren hastapena,
Hantik ametsaren hasperena,
Amodioaren ederrena.
Han biziko hatsaren azkena.
3. Jeikaldia
Jeliki Eñaut Elizagarai, Xarles Colbert, Felipe
kanuegilea, Tomas ontzimaiastürüa, esküin
Xarles Colbert
Hatsarretik ikusi dit
zer düzün maiteagoa;
Itsasoan düzü arren
betitik zure gogoa.
Eñaut
Eüskal Herrian badira
itsasgizon famatürik;
Mündü zabalean ere
dirade ezagütüak.
Xarles Colbert
Nahi dit ontsa lagüntü
zütan düzün tirria.
Ikastez beti haboro.
ez ahatz zure Herria.
Tomas
Eneki ikusten dütü
üsü ontzikubiertak,
Ikertzen hoien kroskoak,
bai oihalak eta mastak.
Felipe
Erakusten ditzot armak,
ontzi orotan direnak,
Zoin heinetakoak diren,
zoin ere haien helmenak.
Eñaut
Nola dütüen erabilten
gustatzen zitazü hanitx;
Egiteko behar da zur
eta bereziki haritx.
Tomas
Gihaur harritürik gaude
nola libürürik gabe,
Epe llabürretan barne
lan orotaz ziren jabe.
Eñaut
Ikasten dütüt oro aisa,
argitürik züen erranek;
Züek eskertzen zütüet
lagüntzen naüe züen lanek.
Xarles Colbert
Hebentik joan bezain sarri
sartzen zira zure gelan,
Ikusi eta entzüna
gogoan erabiliz han.
Eñaut
Besterik ere ixilik:
Malebranche k idatzia;
Kirixti egiak zoin diren,
eta bertüteen bizia.
(oro joan; Eñaut egon)
(sar aingürüak, kanta)
Ez ahatz, Eñaut, zirela
bai eüskaldün bai nafartar;
Hori gogoan etxekiz,
har ezazü arren indar.
Begira ezazü ere
orotan bide xüxena,
Etxen ikasi bezala,
zaint zure zühürtarzüna.
(oro joan)
4. jelkaldia
Jelki Eñaut, Xarles Colbert, Seignelay jaun markisa,
Abraham Duquesne amirala, Tourville kuntea.
Vauban injeniürra, Luis XIV. errege, esküin
Seignelay
De Vermandois kuntearen
aholkari lan ederra
Egin düzü egün arte;
orano etxek giderra.
Luis XIV.
Conti printzesarentako
izan zira hala hala;
Zureki ikasi dizü
aritmetika berehala.
Xarles Colbert
Berak zütüan idazten
igorten neitzün gütünak;
Hoietan emaiten zeitzün
argiki xehetarzünak.
Luis XIV.
Han izan banintz bezala
ikusten nütüan oro;
Zure ideia berriak
zeren ez balia gero?
Itsasoko kontseilüan
izan zitean erran dit;
Ene nahiküntea da
ontzitza dezagün berrit.
Eñaut
Isasontziek behar düe
gero eta arinago;
Holatan harahonakak
dirate igeriago.
Duquesne
Ene errege, orai artino
ontziek züen arrakasta;
Berritzapenik ez egin
ez ditean ezar herresta.
Eñaut
Ontzigaztelüak oro
dira hanitxez pezüegi;
Bai eta haien kroskoen
konkordia handiegi.
Vauban
Uste düt xüxena dela;
Eñautek dion bezala,
Ontsa arraberritürik,
handit ontzien ahala.
Colbert
Versailles eko pützüan
erakutsi dü ontzixka;
Aitzinamentü handia
lizateke ezin üka.
Luis XIV.
Ene gaintitik ja arren,
ez düt batere düdank;
Ihork ez dezala ezar
zure laner trabarik.
Ontzi lanetan direner,
erakuts nola eraiki;
Eta maiastürügeier,
erakats nola jarraiki.
Kanta: Ontzia dago itsaso huretan
Errepika. Ontzia dago itsaso huretan,
Txurdunpatzen da ühain urdinetan.
Abiatü zen alegrantzietan;
Zer ote date dagün egünetan?
1. Jin da aizea hegoatik,
Hor arren oren latza;
Laster, gainti orotarik,
Emaiten da dantza.
Galbideetan sartürik,
Aurritzen da bihotza.
Zuren kraskak harritürik,
daldaz hasten korpitza.
Heben dago hüilantürik,
bakoitxaren goihentza.
2. Hegoa eztit dadila,
Heltzen goxotarzüna;
Beldürrak ere berala
jokatü du hürrüna.
Hona bakean goatzala.
Aizatü da ülüna.
Ekiak odeia zila,
Argitzen da egüna.
Nausitü zaigü ixila,
Ametsaren lagüna.
3. Bizi hontako karatsa
Egiten eztidüra;
Zoin den ere aberatsa
Itsaso ederdüra,
Hazten gogo eskasa,
Zabaltzen hedadüra.
Pizten dü arima hitsa,
Ezdeüsten hersidüra.
Dela arren baliosa
Itsaso xoradüra.
5. jelkaldia
Jeiki Fatima, Aixa. Garmilla, Unaza, Zebida, Leila,
Nejma, Kadija, exker; mintza kürütxatzez
Fatima
Gure aitzindari 'Dei' ak
dio botzik dela denetzaz,
Jabetzen beita ontziez,
bai hatü eta jenteetzaz.
Aixa
Esküpeko dütü jada
etsaien hogei bat ontzi,
Presoner lau ehün gizon,
gaüza hanitx irabazi.
Garmilla
Itsasoan jo düalakoz
de Beaujais zaldün handia
Mehemet Tricq amiralak,
ez da ttipi ükaldia.
Uniaza
Itsas lanetan badütüe
Duquesne eta Tourville;
Bata ere ez da nahi
izan bestearen mitil.
Zebida
Bi alderdien sorzalea
deitzen da Elizagarai;
Ageriko kirixtiek
nola eginen düen orai.
Leila
Britaniako inglesak
hoien etsaiak daude;
Holatan nahi ala ez
dira gure adixkide.
Nejma
Bab el Ueden badütügü
bai eta ere Bab el Azunen,
Bi gotorgüne azkarrak;
Karraskak dütüe eginen.
Kadija
Arren indar gaitza dügü,
Djejair egonen da xütik;
Gure kanuek etsaia
aizatüko düe hebentik.
(oro joan)
6. jelkaldia
Jeiki Eñaut, Luis XIV., Duquesne, Tourville, Seignelay
Batista Colbert itsasardüradüna eta lagünak, esküin
Luis XIV.
Min hanitx egiten deigü
aspaldidanik Djejairek;
Etsaier mendekatzeko
bildü behar düe ontziek.
Duquesne
Portüan hurpealatzez
zimentez bete ontziak,
Trabatürik 1ütükezü
hen elkigia güziak.
Gero ixilka hüilantüz,
sar gintakezü 1ürretan;
Eta aisa lizateke
sü piztea bazterretan.
Batista Colbert
Karlos Kinto goitü züen
düala hambost urte;
Holako itsesa düzüe
ükenen berriz nik uste.
Eñaut
Arren behar da hiria
Bonbardatü itsasotik;
Hortako kanu lein zonbait
ontzietan ezar xütik.
Kalkülak oro ikusiz,
lodiago egin kostilla,
Saihetsak bai zabalago,
oso xabal ontzizola.
Seignelay
Amets hütsa düzü hori.
ontzia leiteke zarta;
Zeren beitlüke hanitxez
handiegi ostikata.
Üzkailiko dira ere
eta hurpealatüko;
Bide hortarik ebiltez,
oker gira abiatüko.
Eñaut
Delako kanuentako
zolan zurabeak ezar,
Gero haitx, izei etxe bat,
gainean mürrü bat azkar.
Luis XIV.
Zer emanen düen kanuek
balio dü ikustea;
Izan bedi eraikirik
arren ontzi galiotea.
(oro joan)
7. jelkaldia
Jeiki de Beauchêne. de Goueston, Beausier, Graxiana,
Arrosa, Maite, Jenobiba eta lagünak, esküin.
Graxiana
Djejairen nola izan den
nahi dügü xehetarzün,
Zeren eta ontzietan
beitzen hanitx berritarzün.
Arrosa
Lehen aldikoz beitziren
baliatzen galioteak.
Zer egin düan errazüe
horien erabilteak.
de Beauchêne
Hürrünegi beitzütüan
Camelin jaunak ezarri,
Etsaier ogen handirik
ez düe berehala ekarri.
Maite
Gotorgünetarik ez züen
hek ere bakoitxik joiten,
Haien kanuek beitzütüen
bunbak llabürtto igorten.
de Goueston
Egün batez kanu bati
süa lotü zeion barnen;
Güziak lotsatü ziren
ez zenez zapartatüren.
Jenobiba
Pointis eta ere Eñaut
untziala igan ziren;
Biak süaren ehaitez,
itxes latz bat baztertü züen.
Beausier
Eñaut ogendant ezartez,
Duquesne nausi handiak
Zion üztekoak zirela
betikoz haren ontziak.
Jenobiba
Xüxen ihardetsi diozü
ez zela ontzien ogena.
Bena bunba egileek
egin düela oker dena.
de Goueston
Zer nahi den, ontziek,
agorrilak hogeita hamar,
Bunbak igorri dütüe,
erakutsiz hanitx indar
de Beauchêne
Badüe ahal handia,
aurritü ere hiria,
Urtuki etxe, jauregi,
erre zonbat goitigia
(oro joan)
8. jeikaldia
Jeiki Duquesne, Tourville, de Lhery injeniürra
eta lagünak, esküin
Mezzomorte 'Dei' a, Ali amirala, Bumerzuk,
Kaufer. Tumi eta etsaiak. exker
Duquesne
Züek itsasoa gainti,
egin düzüe hanitx gaixki.
Gaixtakeria horietzaz
gük badügü arren aski.
Ali
Ez gütüzüe lotsarazten,
indarra beitüzüe orai,
Hebentik harat deizüegü
ekarriko ogen nasai.
Tourville
Dütügün kanu berriek
agertü düe ahal gaitza,
Züenak ezin heltean
ezin dira ere mintza.
Bumerzuk
Gizatzarrak. züek düzüe
mila bizizale eho,
Hiria ere kolpatü:
ez dügü eginen üko.
de Lhery
Kanu bati lotü düzüe
berri Levacher apeza,
Sü emanez porroki
itsuski haren korpitza.
Mezzomorte
Urgüilontzi eihartüak,
ez gütüzüe ez goitüko;
Hartü deitzüegün gizonak
ez deitzüegü ützüliko.
Duquesne
Bost ehün beno haboro
libratü düzüe jadanik,
Egürükitzen dütügü
besteak oro züen ganik.
Kauter
Bab Hazan kodizaleak
zütüan horik libratü;
Hortakoz kallitü dügü,
Mezzamorte 'Dei' goratü.
Tumi
Bai gizatxar tzintzarriak,
itsasoan gira nausi;
Zoazte edo züen goihentza
date egiaz itsusi.
Tourville
Horik oro dira segürki
hitz emaile eta jale;
Arruntaz izan zitee,
lagünak, hoien goitzale.
(egin borroka; hilak bedera gaintitik; etsaiak ihes joan)
Jeiki Satan eta Lebiatan zerbütxaria
Satan
Versailles en hüntz bat badiat;
Luis hamalaugerrena dük:
Zer egingei düan arren
dezagün orai egürük.
Lebiatan
Gerlako ministro Louvois
hartü dizü aholkari;
Honek süa pizten deio
haren handitargoari.
Satan
Djejair en üken goitzeek
nahasten diek bürüa;
Genobak deiola ogen:
hori dik estakürüa.
Lebiatan
Orano badikezügü
zertzaz beti boztaria;
Beitükegü orozbatkoz
ifernüan janaria.
(dantza, joan)
9. jelkaldia
Jeiki Eñaut, Tourville. Luis XIV., esküin
Luis XIV.
Genoban izanez geroz,
egon zite ber leküan;
Ikuska ontzi arrotzak:
ez bite ari tratüan.
Ez ütz espainol saldoak
Kataluniarat joaitera;
Han abiatü nahi dira
guri gerla egitera.
Tourville
Zure baimenarekilan
hartzen dit Eñaut eneki;
Horren aholküer esker,
kausitzen dügü hobeki.
(Luis XIV. joan)
(sar d'Amfreville jaun markisa, de Lhery zaldüna,
Mortemart jenerala, Seignelay eta lagünak, esküin;
Imperiale Vescaro dojea, Paulo Ambrosini, Antonio Cuasante,
Ettore Del Grande senatoreak, eta etsaiak, exker)
Mortemart mintza
Ainguran diren ontziak,
Marseille n eta Toulonen,
Erre nahi dütüzüe;
gük deizüegü min eginen.
Antonio Cuasante
Egürükiko diagü,
gük, behar den bezain beste;
Ez bazirae nahi hil,
hebentik hürrüntto zoazte.
de Lhery
Djejairtarrak dütüzüe,
gü haieki gerlan eta,
Tirokeiaz nasai düntü;
Züer parkatzerik ezta.
d 'Amfreville
Espainiareki zirae
gure kuntre orai ari;
Bazter güzietan arren
ziradee nahaskari.
Paulo Ambrosini
Orano hon ditiagü
espainol güdükariak;
Puskatüko zütüegü
züek asto esteiariak.
Tourville
Bakearen ükeiteko,
Espaniarentako egin
Lau galeriak eman guri,
harremanetan sar aitzin.
Imperiale Vescaro
Ez deitzüegü gük holaxe
gure bortak zabaltüko;
Ez gütük züen aitzinean
berehala apaltüren.
(egin borroka; d'Amfrevifle zauritürik, de Lhery ehorik;
etsai zonbait ehorik; besteak ihes joan
10. Jelkaldia
Jelki Ana, Paola. Marta, Katalina, Joakina. Perpetua,
Ageda, Klara, exker; mintza kürütxatzez
Ana
Debrüzko ontzieliek
bonbardatü düe hiria;
Ontzi xabal txar horiek
eman guri lotseria.
Paola
Galiotek urtuki bunbek,
milaka barreiatürik,
Etxe eta oritarri
zonbat ezta aurritürik.
Marta
Sartü dirade hirian
lau mila soldado pürü,
Oro betatzen züelarik
karrika eta üngürü.
Katalina
Eñaut gizon ttipi baten
Ikusmoldeari lotüz,
De Bellefonds Katalunian
Sartü da, Cadaquiers goitüz.
Joakina
Frantziak eta Espainiak
egin beitüe bakea,
Ordüan bazter ützirik.
gihaur bühür gintakea?
Perpetua
Versailles erat deitürik,
doje gure jaun gaixoak,
Behar üken dütü bortxaz
apaltü bere besoak.
Ageda
Betiko ohidürari
üko egin deio arren,
Hiritik joan behartü:
ikusi ez dena lehen
Klara
Palatina probintzia
Frantziako erregeak
Oso porroki nahian,
han sortzen dütü nekeak.
(oro joan)
Kanta: Handizaleak badizü
Errepika
Handizaleak badizü berartan gabezia,
Zeren düan gogoan beti irabazia,
Eta bere lagün ere gaizkiaren azia.
Zerbait galtzen balin badü, handi dü malezia;
Orobat zaio ordüan nornahiren bizia.
1. Handiustarzüna düanak,
Ahalaren eskü denak,
Lehertzen dütü züzenak,
Pustatzen besteen lanak.
Ez dü nahi egin minak
izan ditean jakinak.
2 Besteez dena bekaixti
Hura bera da jelosti;
Hunkiari herabezti,
Ezin da izan maitati;
Barnean dü herra beti.
Asmü orotan aiherti.
3. Besteek zük bezain ontsa
Egin dezaen da karatsa;
Ez daiteke ere pentsa,
Hori düela beren funtsa.
Jinen ote da arratsa,
Emanen beitüe hatsa?
4. Zer liro horrek ekarri?
Bata da menpeko jarri,
Oro zaio lotsagarri.
Bestea da iratzarri,
Bizia beitzaio gorri;
Bilakatzen da bühürri.
11. jelkaldia
Jeiki Eñaut, Luis XIV., de Louvois gerlako ministroa,
de l'Hopital jaun markisa, Johane Bernouilli jakintsüa,
Nikolas de Malebranche apeza, esküin
de Louvois
“Théorie de la manoeuvre
des bateaux” düzü idatzi;
Erran izagüzü orai
gerlan hori nola bizi.
Eñaut
Beraz goraki diozüet
ingles eta holandeser
Bürü egin dizakeegü
dütügün ontzier esker.
Luis XIV.
Zük nola ikusten düzün
jakin nahi dit berehala;
Ea arren badügünez
arrunt goitzeko ahala.
Eñaut
Kanbia keinüak eta
ontzi ützülüngürüak;
Ontziak handiago egin
eta ontsa azkartürik.
Malebranche
Matematika, aljebra,
hor gaüza beharrezkoa;
Geometria baliatü,
hau ez da ezinezkoa.
de Louvois
Amets ederrak dütüzü
zük eman ideia horik;
Bena egin daitekea
itsasoan holakorik?
Eñaut
Lürra ala itsasoa:
bier ekar ber ikerka;
Ontzientako balia
teoria matematika.
Bernouilli
Ezagütü behar da
aizeak düan indarra;
Ikus zoin den hoberena,
hegoa ala iparra.
de l'Hopital
Erakusten düzü nola
joan etsaiaren gana,
Aizearen arabera
nola har bide xüxena.
Luis XIV.
Nihaurk ikusi beitütüt
hurbideko hertülanak,
Düdarik gabe badakit
hon direla zük erranak.
Zuri esker behar dügü
itsasoan izan nausi;
Oroek behar dütükee
zure ganik hoik ikasi.
(oro Joan)
12. jelkaldia
Jelki Eñaut, Tourville, Johane Bart, de Château Renault
loteniente orokorra, d' Estrées amiralordea,
de Villette loteniente orokorra eta lagünak, esküin
Eñaut
Beti erraiten neizüen
ahal dütügüla joiten;
Arren jin beita egüna,
egiaz hanitx niz bozten.
Bart
Aitzinzale joan eta
Etsaier niz ni jarraiki;
Ezin ditake uste düt
gure esküetarik elki.
Bildü dirade ontziak
Santalena ühartean;
Hirutan hogeita bost
ageri dira atean.
de Château Renault
Badütüt hogeita biga
ene atzingüdoztean;
Bidea zabaltüko düt
ustegabe jauz gitean.
d' Estrées
Nik aldiz ene menpean
badütüt hogeita hiru;
Gibeletik jiten beitniz,
egon zitee ekürü.
Tourville
Züen bien artean dütüt
nik ene hogeita bostak;
Horien oroen kanuek
eginen dütüe tzapastak
Behar ere eneki düt
Eñaut aholkari hona,
Jadanik zonbat garraitze
herriak zor ezteiona.
Eñaut
Aizeak lagüntürik da
orano gure etsaia;
Gük gero eta haboro
badügü ahal nasaia,
(sar Evertzen, Vander Kulen. Herbert amiralak,
Ralph Delaval amiralordea, eta etsaiak, exker)
Herbert mintza
Züek heben beitzirae,
Inglaterrako herrian.
Ezarriko zütüegü
berala planta larrian.
Tourville
Badiagü gük züen goitzeko
behar dütügünak oro
Ontzietarik hoberenak,
bunba züek beno haboro.
Evertzen
Itsaso zolalat zütüegü
igorriko arrain bazka,
Ontzi eta kanueki,
han hurpean mükürrika.
Vander Kulen
Beachey Head portuan gira
gü oro gure etxean;
Txilintxautüko zütüegü
bertan ere zurkatxean.
Eñaut
Üngüratürik zirae
bazter orotarik orai;
Süz zütüegü beteko,
üko eginen düzüe bai.
(egin güdüka, Eñaut zauritürik, lagün bat hil;
etsai zonbait eho, besteak ihes joan)
13. jelkaldia
Jeiki de Maintenon erregiña, Frantsesa, Maria Teresa,
Elena eta beste lagün zonbait, esküin
de Maintenon
Inglesak zion nausi zela
itsasoan orai arte;
Itxesaren egarteko
badüa aski bertüte?
Frantsesa
Ontzi eta gizonetan
üken düe galtze handia;
Goitzarren harrigarriak
jo dü haien herridia.
Maria Teresa
Hamazortzi ontzi galdü,
zortzi mila gizon hilik,
Inglaterrak ez Holandak
ez düe orai ahalik.
Elena
Garraitze gaitz horren
ospatzeko handizki,
Erregek Te Deum nahi dü
katedralan kantarazi .
(oro joan)
Kanta: Handi, azkar eta gora
Errepika
Handi, azkar eta gora, hiru hitz xoragarri,
Betidanik düdagabe amets eder ütürri:
Hanitx dirade hoietzaz egiazki egarri.
Bena güziek ez düe hoietan ber hazkürri;
Zonbaitentako beitira bilakatzen bilgarri,
Zonbat eta zonbatentzat aldiz ezin helgarri.
1. Bata da errege edo izar,
Eta bestea egoiten ondar;
Batek balia lezake indar,
Beste hura ez daiteke oldar.
2. Nausiak esküetan dü sosa,
Haboro biltzea dü ametsa;
Langileak üsü hütsik musa,
Gogor senditzen dü horren mentsa.
3. Eskolan hasirik zoin gorago,
Kiroletan ere hala dago;
Ganodünek garraitü düe nahi,
Besteak goitzalearen bahi.
4. Bürüak Mariatzen dü gogorki,
Menpekoak behar dü jarraiki;
Bazterrak direlarik goxoki,
Horik aritzen dira basaki.
14. jelkaldia;
Jeiki Eñaut, Luis XIV., de Ponchartrain gerla ministroa
de Ponchartrain
Errege, izentatü dit
Eñaut, bai ontzi kapitain,
Bai inspektore orokor,
zeren beitü hanitx dohain.
Luis XIV.
Namur setiatzen beitüt,
Orange Gilleni kontre,
Eneki nahi üken dit
Trebe beita heben ere.
Egiaz honesten ditit
zure zerbütxü güziak.
Zureki erreskiago
goitzen ditit nekeziak.
Eñaut
Errege, hola denaz gainen,
parka ene ausartzea;
De Saint Pierre eta Adrets
nahi nüke libratzea.
Luis XIV.
Ez beitzira itsasgizon.
ez aitonen seme,
Zure erakaspenari
arren ihes egin düe.
Aitonen seme badira,
merexi düe gaztigüa;
Arren ez deiet emanen
aitzinetik züen kargüa.
(sar mezülaria; ebil; mintza)
Hougue portuan, errege,
izan da itxes handia;
Ingles etsaiak gotorki
jo dü gure ontzidia.
Luis XIV.
Hori ekarten deitazün
egiazko berri latza;
Hala günüana behar
ürrentü aurten maiatza?
Dügün kinta txar hontan,
Eñaut, zütan bermatzen niz,;
Sogizü arren zer egin,
zühaurk zerbait erabakiz.
Eñaut
Galtze handia, errege,
ihork ez dezake üka;
Haatik horrek iholaz
dezala motz güdüka.
Saint Malo n hogei bat ontzi,
Lürrerdian saldo osoa,
Hor da gure esperantxa,
hor salba zure geroa.
Etsaiaren ohiltzeko,
azkartüko dit Cancale;
Lanak eginik dirate
han portüaren zaintzale.
Cherbourg sartzean beitira
ontzi arrastroak traba,
Bidea zabaltüko dit
zapartaraztez han bunba.
(oro joan )
15. jelkaldia
Jelki Eñaut, Luis XIV., Maintenon erregifia, de Vauban,
Tourville, Le Brun maiastürüa, Ponchartrain, esküin
de Vauban
Jaun aitzindari güziek
bazüelarik berena,
Eñautek egin düan plana
agertü da hoberena.
Eñaut
Inglesek Jibraltarretik
bortxaz behar düe igaran,
Hona üngürüne hetan
egon behar zela goaitan.
Guretü ditzagün arren
ontziek dütüen hatüak;
Hola inglesen indarrak
dirate bai agortüak.
Tourville
Beraz nik haütatü nizün
San Bixintxo 1ürmütürra;
Garraitzea üken dügü
zuri esker ez da gezürra.
Le Brun
Zureki lanean ariz,
'Le Bon' ontzia dit egin;
Ez dago horren balderik,
Hain da zale eta arin.
Ponchartrain
Arren züen artean botzik
ikusten naüzüe egün,
Erregek Eñaut düalakoz
goratü San Luisen zaldün.
Eñaut
Barkley Castle ontzia dit
Hurpealatü orai berri;
Diamante ziune hau zuri
nahi üken dit ekarri.
(eman erregeri)
Luis XIV.
Ikustate hoien gatik,
emaiten deitzüt eskerrak,
Eta bihotz bihotzetik,
zeren beitira ederrak.
Maintenon
Nola erregiñak ere
ez leitzake begiz mirets!
Nork holakoen jaunstea
ez dü behin egin amets?
Luis XIV.
Ingles eta espainolak
jo ditzagün Antilletan;
Zü ontzien bürüzagi,
goitüko dütüzü bertan.
(oro joan)
Kanta: Lillüragarri da itsasoa
Errepika.
Lillüragarri da itsasoa,
Amets bühürtzen beitü gogoa.
Sorrarazten dü misterioa;
Zinez barna da haren ziloa,
Egiaz ezin ikertüzkoa.
1. Itsasoa ezti beita,
Hura da urdinbeltza.
Argia jeikitzen eta,
Gorri agertzen goiza.
Han itzaltzearen goaita,
Aldatzen da ühaitza.
Goizanko ekia eta
Horrena ez ber gaüza.
2. Iratzar bedi aizea,
Hona ühainak jauzka;
Hel bekio handitzea,
joiten dü dürdüiloska;
Ürratzen düan lezea
Zabaltzen da güneka.
Egin hortik hürrüntzea,
Behar bada indarka.
3. Sortzen zaio gizonari,
Itsasoaren deia.
Ezarten dü ameslari.
Bertan dadin abia.
So dago hur zabalari,
Armatzen dü begia,
Goiheran beitago ari
Txurdunpatzen ontzia.
16. jeikaldia
Jeiki Eñaut, Ducasse amirala, Dumanoir eta lagünak, esküin
Eñaut
Jaun erregek igorri naü
züen oroen lagüntzera,
Etsaien hebentik laster
algarreki aizatzera.
Ducasse
Taigabe hor ditizügü
espainol eta inglesak,
Eta egiten dütüe
bazter orotan itxesak.
Dumanoir
Bi fregata arin horik
eta beste bost ontziak,
Zure “l'Intrépide” hori,
oso dira bereziak.
Eñaut
Mila sei ehün gizonek,
hoien kanuez düntürik,
Aisa garraitüko düe,
prefosta züek lagüntürik.
Dumanoir
Maiatzaren bost hontan,
Martinika gotortürik,
Hamahiruan San Domingo,
Kuba da bertan hartürik.
Eñaut
Goatzan arren berehala
La Habanan nausitzera,
Ez ditzaen haboro bortxa
üharteak izitzera.
(sar Ramos, Rodriguez, Sobrero eta etsaiak, exker)
Ramos
Hire haidürü girade;
aigü! aigü! hüilant hadi;
Beste hanitxen ondotik,
orai dükek hire aldi.
Ducasse
Aski ogen egin düzüe
Gure hatüak ebastez.
Eta ere zonbatetan
Gure gizonak ehaitez.
Rodriguez
Eginen deizüegü gük
orano ere besterik,
Izanen da itsasoa
züen odolaz beterik.
Sobrero
Dütüzüen ontzieki
zirae zapartatüko;
Arakei hilkinaz dira
arrainak bazkatüko.
Eñaut
Port de Paix eta La Habana,
bi hiri hoien artean,
Banabila züen ondotik,
noiz züek ediren otean.
Lagünak, hor beitütügü,
bihoztoiki jo aitzina!
Gureen zirikatzeko
ez dezaen üken aizina.
(egin güdüka; bi gaintietan hilak; etsaiak joan ihes)
Eñaut mintza
Hau güdüka baliosa
egün egin dügüna;
Etsaia zanpatü dügü
jin beno lehen ülüna.
Ducasse
Sei ontzi hartü deiegü
bai gerla ontzi bat erre;
Gibel joaiten ahal zira;
salba gira, behar ere.
(oro joan)
Jelki Satan eta Lebiatan, exker
Lebiatan
Ez dizü aspaldi jakin dit
Eñaut Espainian dagola;
Egingei dizü han ere
beste orotan bezala.
Satan
Hala dateala arren
ez dezala uste üken;
Zer nekea badükean
sarrixe dik gozatüren.
Espainiako jentea dük
badakik aisa gaitzitzen;
Izan dük beti minbera,
eta dük hühüz beztitzen.
(dantza; joan)
17. jeikaldia
Jelki Felipe V. errege, Osuna dükea, Fernan Nuñez dükea,
de Villadarias jaun markisa, de Leganes, esküin
Felipe
Botzik niz, eneki beitüt
Eñaut injeniür handia;
Zeren eta salbatü deigün
hanitxetan ontzidia.
Osuna
Nik nihaurk ere badakit
zoin düan gogoa zabal;
Ez 1ükezü nahi segür
ihorentzat izan itzal.
Fernan Nuñez
Adixkideak ditizü
Frantziako jakintsünak.
Malebranche, Fontenelle,
de Vauban eta lagünak.
de Leganes
Zientzia Akademian,
horieki düzü kide;
Jakitate güziari
eginarazten düe bide.
(sar Eñaut, esküin)
Felipe V.
Ene zerbütxari zira
güziak beno hobea;
Egin dütüzün sailetan,
agertü zira trebea.
Eñaut
Traba hanitx emaiten deit
delako Orry ez deüsak,
Eta jauregian düzün
Des Ursins deitü printzesak.
Osuna
Ez ginirokezü ahatz
zure bihotz tximikoa,
Vigo n desegin delarik
hüilan ontzidi osoa.
de Villadanas
Château Renault ek ez hartüz
agertü zünütüan planak,
Erre dü hamabost ontzi;
horik dira zure penak.
Eñaut
Jibraltar botxüa ere
inglesen esküetan bada,
Hori zure ogena da,
ihork ez dezala düda.
Felipe V.
Ontsa gotortü dütüzü
La Koruina eta Kadiz;
Zer zaitekean Espainia,
holatan izan ez balitz!
Eñaut
Baditit aspaldixkoan
osagarri arrenkürak,
Ez beitütüt üken heben
behar nütüan heltürak.
Züen artetik banoazü,
üzten zütüet orozbatkoz;
Prefosta ez niz egonen
deüs egin gabe hortakoz.
Felipe V
Espainiako 1ür armaden
teniente orokor eta
Marixal egiten zütüt:
nola hobeki sarista
(oro joan)
18. jelkaldia
Jeiki Eñaut, Pettan anaia Gazkoiniako errege errejimentüaren
ofiziera, Gilen anaia kapitain itsasbazter zain,
Johane anaia Gabadiko erretora, Maria arreba, esküin.
Pettan
Gük ere üken diagü
hire omenaren berri;
Jarraikitzen ditiagü
egin lanak herriz herri.
Eñaut
Baditiat gainti orotan
adixkide hoberenak,
Bai eta ere etsaiak,
ez beitira ttipienak.
Gilen
Ni Mimizan gaintian
kosta zaintzale beitniz,
Hire teoriak oro
Ari nük ontsa jarraikiz.
Johane
Aita Malebranche reki
diok ideiak dütügüla
Jinkoatan ezagützen,
hoietan agertzen dela.
Eñaut
Arnaud ren jansenismoa
ez dezaket batere honar;
Gogorkeriaren orde
maitarzüna diagü behar.
Maria
Ni züen arrenküretarik
hürrün bizi nük heben;
Goatzan arren ikustera
ene bizitzea zen den.
(San artzainak ardieki)
Kanta: Goizanko leinürüak
Errepika
Goizanko leinürüak, mendi gainaren ertzean,
Agertzen direnean, argiaren ürratzean,
Kolore gorrailez da oso apaintzen bazterra,
Zeren ekiak beitü orotan jaunsten ederra.
1. Ezti izan da gaü osoa;
Klinklunka an zen apoa,
Txurdunpatüz oroen loa.
Goizik hartü beitü kanpoa,
Kokoratzez doa oiloa.
2. Bustatzen dütü ihitz txortak
Soroetako belar püntak.
Dirdiratzen düe perla balde,
Begientako xorabide,
Erientako sendabide.
3. Oilarra, aspaldian xütik,
Kantatzen ari mürrütik,
Xoxoa hüxtüz zerrailütik,
Behi bat sankaz barrükütik,
Ardiak marrakaz kantütik.
4. Zelü gora da zohardia,
Ürrez margotzen da mendia;
Berdez beztitzen zühaindia;
Sarri beste günen aldia;
Bero date egüerdia.
19. jelkaldia
Jeiki Eñaut, Luis XIV. Malebranche,
Saint Simon idazlea, Fontenelle, esküin
Luis XIV.
Eskernio üken düzü
Espainian, barne lürretan,
Gotorgüne ere jarri
hanko itsas bazterretan.
Eta orai heben gainti,
Ez zira deüs egin gabe,
Zeren eta beitzirade
gaüza hanitxetan trebe.
Eñaut
Nik haurtzarotik üken dit
eginbidea helbürü;
Hola izan bedi gero,
ahal dükedano pürü.
Luis XIV.
Lürreko güdaloztean,
izentatzen zütüt egün
Teniente orokor bezala;
erragüzü zer diozün.
Eñaut
Errege, eskerrik hanitx;
nitan düzü konfidantxa;
Ez nüzü agertü nahi
horrengatik espantotxa.
Malebranche
Itsasundian ere
ezarririk zira kide;
Zure aholküak hortan
honak izanen dirade.
Saint Simon
Zer nahi gei joiten düzü:
hala nola orai berri
'La mécanique des liqueurs';
ez zira ez goihagarri.
Fontenelle
Izentatürik zirade
zientzia Akademiko
Lehendekarriordea;
badüzü han lan egiteko.
Eñaut
Matematika, Zientziak
dirade beharrezkoak;
Hoietan ari da Newton
eta gü bezalakoak.
(oro joan)
20. jelkaldia.
Jelki Emelina, Odila. Lüxia, de la Potterie anderea,
eta besteak, exker; mintza kürütxatzez
Emelina
Jin zaigü gizon ttipi bat
igorririk Pariserik;
Bena izan daitekea
egiaz legar xüxentzerik?
Odila
Nahi dü ezarrarazi
de Vauban ek egin plana;
Biak gerlagizon eta
beste da 1ürreko lana.
Lüxia
Lagüntü nahi ditizü
ttipi eta behartsüak:
Beti bezala dirade
nausitüko indartsüak.
de la Potterie
Châteauthiers eta Vaugion
ditizü lagünetako;
Hartzen dütüe gure gaüzak
beren hontarzünetako.
Eñautek joan behar dizü:
ez dü hon osagarria;
Ez dizü deüs honik üzten,
hori da penagarria.
(oro joan)
21. jelkaldia
Jelki Eñaut, bedezia, apeza eta beste lagünak, esküin
Bedezia
Jauna, begitartatzeko
ontsa hon da hur beroa;
Bena ez da sendotzeko
behar den erremedioa.
Eñaut
Malebranche k aldiz zion
hobeagorik ez dela;
Kanpoa xahatzen badü,
barnea ere hala hala.
Eta ez baniz sendotzen,
hor da Jinkoaren nahia;
Hareki bizi izan niz,
har beza ene bizia.
Apeza
Honartü behar dizügü
sendagileek errana;
Bena Jinkoak noiz nahi
biltzen gütü bere gana.
(Eñaut; kanta belariko)
Ene bihotz güziaz düt
benedikatzen Jinkoa;
Orai hartan ezarten düt
nik konfidantxa osoa.
Memento batetik eta
gerokoala artino,
Zer kanbioak ez dirade,
bata hon, bestea gaixto.
Ülünpe lütoetarik,
orai bertan, batbatetan,
Abiatzen niz sartzeko
goiko argi argietan.
(Hil; eraman)
Azken perediküa
Bizitzen ikusi dügü
Eñaut heben algarreki ;
Harekilan ordü zonbait
igaran dügü goxoki.
Herritar hanitx bezala,
joan zen herritik hürrün;
Zer omena üken züan
erakutsi dügü egün.
Ttipi beitzen, badakigü
Petit Renau deitü züela;
Heltü zen bere menteko
handienen heineala.
Botzik galtegiten zeion
erregek hari aholküa;
Korteliarren erditan
bazüan bere leküa.
Lan hanitxetan zütüan
ebakitzen bere sailak;
Eta ez zen gibeltüko,
izanik ere zailak.
Guri beha egon zirae;
handi deitzüegü eskerrak,
Zeren eta beitütüzüe
parkatzen gure okerrak.
Perediküa ürrentüz,
ütziko zütüegü laster;
Arauz ikusi ondoan
Jei bat hein batetan eder.