Maskaradak : jentartea irauztearen eta arrapizte aroaren agerrarazle
- Xehetasunak
Maskaraden ikustera joaiten diren jente haboroxeek, erri eginarazteko ikusgarri bat eta dantza agerraldi bat bezala ikusten düe.
Haatik, maskaraden funtsa ez da hori. Ihaute elibat dira lehen-lehenik eta horien ezagügarri eta erranahiak badütüe, nausiki biga : jendartearen antoladüra, ebildüra eta herrenküdüra (hierarkia) irauztea ; negü beltzaren loalditik landa, jente, kabale eta bazterren arrapitzarazle den bedatseala igaraitea.
Leheneko denboretan, Xiberoko maskaradak zotal egünetan agitü ohi ziren. Zotal egünak dira, ontsalaz, ekiaren eta argizagiaren egünarien artean ments diren 12 egünak. Oraiko egünariaren arabera, zotal egün horik abentüaren 26a eta urtarilaren 6a artean lirate. Bi denboraren arteko jünta hortan, jendartearen ohizko plantaren eta ebilteko maneraren irauztea haizü ümen zen. Horrek erran nahi dü jente xeheak poteredün eta jaunkilloter trüfa egin leikiola eta, bestordüz, egünoroztako bizian baztertürik eta gütietsirik bizi den jente kentea ausart leiteala harrotzera. Jentarteko arauen irauzte horren seinale dira maskaradetako kauterak eta buhameak plazalat agertzea eta beren barrasbaskerieki eta peredikü egite nabasieki mündü ontsa antolatüaren okerreriak salatzea. Azkenean, erraiten ahal lizate maskaradak direla, parte batetan pürü, bi mündüren bürüz bürü agitzea.
Maskaradek badüe, ihaute güziek bezala, beste erranahi bat ere : jente, kabale eta bazterren arrapiztea negüko loalditik elkitzean. Ihauteen ikerzale eta jakitün direnen arabera, Pitxuren hiltze eta arrapiztea eta Hartzak üzker egitea – Hartza ez bada maskarada ororetan agertzen ere – arrazpiztearen zentzü hori badüe.
Ikertze egile zonbaiten ustez ere maskaradetako beste parte elibatek – eta bereziki zamaltzainaren xikitatzeak – basatarzün izate batetik jentetarzün planta batetara igaraitea markatzen dü.
Maskaraden bai beste ihaute süerteen ezagügarri bat da ere laborari jentartearen kültürako pastak direla ; egünko egünean desagertü den edo hanitx kanbiatü edo kanbiatzen ari den mündü baten oritarazleak eta arrabiziarazleak ere, azkenean.
: Xiberoko maskaraden zentzüaz ikertze interesgarri bat ediren daite lotüra hontan : http://ericdicharry.hautetfort.com/archive/2007/12/27/du-rite-au-rire-le-discours-des-mascarades-souletines-these11.html
"Aita artzain zen" libürüa agertü da
- Xehetasunak
Urte berri honaren emaitearekila batean, hona gitzaizüe jakinaraztera SÜ AZIAko kide den Jean-Pierra 'Panpeia' ETXEBARNEk Xiberoko eüskaralat ezarri düan 'Aita artzain zen' libürüa agertü dela.
Robert LAXALTek 1957an izkiribatü züan 'Sweet promised land' obra famatüa, frantsesez agertü da berritan - azken aldian 2009. urtean - 'Mon père était berger' titülüarekila, eta berritan euskara batuaz, bena ez eta behin ere xiberotarrez. Alta, Robert LAXALTek libürü hortan aipü düan Dominique LAXALT - Ameriketetara artzain joan zena – xiberotarra zen, Liginaga-Astüen sortürik. Panpeia ETXEBARNEk egin lanak hütsüne hori bete dü.
Xiberotar eüskaraz den libürü hori bildü nahi badüzüe, 20 eurotan salgei edirenen düzüe honenbeste lekütan: Mauleko 'Herri Ekoizpenak' salgian, Sohütako 'Intermarché' salgüne handian, bai eta 'Irrintzina' prentsa salgian ere, Baionako 'Elkar Megadendan', besteak beste.
SÜ AZIAko egongiala ere jiten ahal zira xüxenka erostera - Mauleko Hondarearen Etxearen alde gaineko partean jarririk gira - eta, gisa horrez, zurekila mintzatzeko atsegina badükegü.
'Aita artzain zen' libürüari eginen deiozüen batzarri honaz oraidanik eskertzez, har itzazue, berriz ere urte berri hona emaiteaz gain, gure goraintzi eüskaldünenak.
Jean-Louis DAVANT, euskaltzain emeritu
- Xehetasunak
Züberoak egünko egünean dütüan bi eüskaltzain osoetarik bata da Jean-Louis DAVANT. Bestea da, aldiz, Txomin PEILLEN. Züberoak badü ere ohorezko euskaltzain bat – Junes CASENAVE – eta bi eüskaltzain ürgazle : Battittu COYOS eta Jakes SARRAILLET.
Eukaltzaindia edo Euskal Akademiaren barne legean hala hitzartürik, Jean-Louis DAVANT euskaltzain emeritu bilakatü da, igaran üztailaren 5ean. Egün hartan, 75 urteak egin zütüan. Euskaltzain emeritu igaraitez, euskaltzain oso baratzen da, hots, Euskaltzaindiako bilküretara joaiten ahal da eta bozkatzeko züzena dü. Haatik, bilküra batetara ez bada joaiten, ez deio bere bozkatzeko ahala beste eüskaltzain bati emaiten ahal.
Jean-Louis DAVANT euskaltzain emeritu bilakatzeareki, Zuberoak beste euskaltzain oso bat beharko dü. Hau, dagün ürrietatik aitzina date haütatürik. Honen izena jakin artinokoan, eskertze handienak eman behar deitzogü Jean-Louis DAVANTi, Euskaltzaindian sartü zenetik, 1975. urtean, bai eta lehenagotik ere, eüskararen alde egin düan alimaleko lanaz : pastoral idazte, libürü moldatze, olerki hontze eta beste holako egite hanitx eta hanitx. Bihotz-bihotzez, eskerrik hanitx Jean-Louis eta jarraik ezazü lüzaz, gure mintzajeak zü bezalakoen beharra beitü, egiazki.
'Xahakoa' pastoralaren lehen agerraldiak arrakasta handia bildü dü
- Xehetasunak
Barkoxen, üztaila honen 25ean, agitü den 'Xahakoa' pastoralaren lehen agerraldiak arrakasta handia bildü dü. Ezi, denbora tapatürik egon bada eta lantzer kolpü elibat agitü badira ere, 2.400 ikusliar jin dira ikusgarri ezinago eder baten gozatzera.
Trajeria honen ikusteko, beste bi parada badütükezü : üztaila honen 31n, neskenegün gaüaz, eta agorrilaren 8an, igantearekila, egünaz. Sartzeak interneten bidez biltzen ahal dira www.xahakoa.org webgüneala joaitez.
6 orria 7 orritik